"Evil Eye - Optikaren eta balistikaren historia paraleloa"

Donostia-San Sebastián 2023(e)ko urtarrilaren 28(e)tik 2023(e)ko ekainaren 4(e)ra
  • "Evil Eye - Optikaren eta balistikaren historia paraleloa"

Erakusketa

"Izpi bisualaren" metaforatik Pierre Jules César Janssenen argazki-errebolberrera arte, optikaren eta balistikaren historia paraleloan garatu ziren eta dronean egin zuten bat azkenean, hiltzeko gai zen kameran.

Adierazpen kuratoriala

1768an England's Royal Academy delakoak Tahitirako espedizio bat babestu zuen, Eguzkiaren aurretik igaroko zen Artizarra ikusteko behatoki astronomiko bat eraiki zezan. Artizarraren Igarotzea zen, mendean bitan baino gertatzen ez den fenomeno astronomiko itzurkorra. James Cook kapitaina zen HMS Endeavour izeneko itsasontziaren buru. Hala ere, bidaia haren xedea lurrak eskuratzea zen, espedizio zientifikoz mozorrotu zuten arren. Ozeano Barearen hegoaldea aztertzeko agindua zuen Cookek eta isilean gorde beharreko agindua zen, espedizioaren egiazko xedea Terra Australis Incognita kontinentea aurkitzea baitzen, “hegoaldeko lur-masa” ezezaguna, existitzen ez zen lur-masa bat. Aldiz, 1770eko abuztuaren 22an Britainia Handiarentzat erreklamatu zuen Australia ekialdeko kostaldea, eta Hegoaldeko Gales Berria deitu zuen. Artizarraren Igarotzeari dagokionez, espedizioak ez zuen horrenbesteko arrakastarik izan.

Argazki sekuentzialen serie bat grabatzeko gai zen lehenengo gailua Pierre Jules César Janssen astronomoak garatu zuen 1874ko Artizarraren Igarotzea ikusteko asmoz. Argazki-errebolberra kamera-sistema erraldoi bat zen, gurutze formako mekanismo bat zuen, Colt errebolberraren diskoaren antzekoa, eta erlojuaren orratzen norabidean bira zitekeen. Halaber, 72 segundotan 48 esposizio hartzeko gai zen dagerrotipoaren disko batean. Eadweard Muybridgeren aurreko esperimentuetan ez bezala, argazki-errebolberrak ez zuen banatutako kamera serierik behar. Janssenen tresnaren ondorioz asmatu zen kronoargazkigintza, Étienne-Jules Mareyk 1882an gailua egokitu eta hobetu eta segundoko 12 irudi hartzeko gai zen tresna bat egin zuenean. Kronoargazkigintzaren jatorriko helburua zientzialariei mugitzen ari ziren objektuak aztertzen laguntzea zen arren, alor berria industria zabalago bihurtu zen berehala. Astronomia optikaren esparrutik erabat aldentzen zen heinean, fisikak eskaintzen duen zehaztasun handiagora gerturatuz, kronoargazkigintzak neurketa astronomikoak edo mugimenduaren azterketak egiteko teknologia iluna izateari utzi zion eta modernitatea definitzeko bitarteko bihurtu zen; izan ere, hasten ari zen entretenimenduko industriaren adierazpenik boteretsuena zen.

“Izpi bisualaren” metaforatik Pierre Jules César Janssenen argazki-errebolberrera arte, optikaren eta balistikaren historia paraleloan garatu ziren eta dronean egin zuten bat azkenean, hiltzeko gai zen kameran. Baina ibilbide teknozientifiko horren babesean eta elkarlanean, arraza eta generoa bistaratzeko erregimen oso bat dago, abian den prozesu ideologiko bat iradokitzen du eta “gustu kontuetan kontingentea eta tokikoa denari –beharbada idiosinkrasikoa ere bai– natural itxura ematen dio, eta ondorioz, eztabaida guztietatik kanpo dago”1. Erakusketaren asmoa da begirada zuri horren indar egituratzailea kartografiatzea dimentsio zehatzean eta abstraktuan, eta tematizatzea, beste hari askoren artean, aireko ikuspegiak gerra osoarekin eta heriotza-munduak sortzearekin dituen loturak; gardentasun eta opakutasun kontuak; eta Jonathan Crary teoriko kulturalak izendatu zuen “begiradaren alderantzikatzea”, pantaila bikoiztu eta begira duen behatzaileari begiratzen dion zaintzako gailu bihurtzen denean.

Tabakalera

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko urtarrilaren 28(e)tik 2023(e)ko ekainaren 4(e)ra
  • Lekua Tabakalera
    Andre Zigarrogileen plaza, 1
    Donostia-San Sebastián
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Tabakalera

Non

Euskadi, auzolana