"Nire paisaia propioa", Soledad Sevillaren erakusketa

Donostia-San Sebastián 2023(e)ko otsailaren 4(e)tik 2023(e)ko maiatzaren 28(e)ra
  • "Nire paisaia propioa", Soledad Sevillaren erakusketa

Nire paisaia propioa erakusketak artistaren munduan murgiltzea proposatzen digu; izan ere, harentzat, margolaritza bizitzaren aurrean kokatzeko modu bat da, eta, hala, bere paisaia ordenatu, puru eta argia aurkezten digu, geometriari, espazioari eta argiari buruzko ikerketa sakonean oinarritua.

Soledad Sevillak espresuki sortu du erakusketa hau Kubo Kutxarako, eta horretarako aintzat hartu ditu espazioaren iradokizunak. Erakusketaren izenburuak Pessoaren bertso bat du jatorrian, "Ni naiz nire paisaia propioa", eta artistaren ibilbideko lau puntu funtsezko islatzen ditu:

1. EZ IZAN EZEREN BELDURRIK

Erakusketa honetarako, Soledad Sevillak Nada temas instalazioa sortu du, Santa Teresa Avilakoaren poema batean oinarrituta: Nada te turbe. Sorkuntza iheskorra eta hauskorra da: artistak arkitekturan islatu du lerroari eta planoari buruzko kezka. Argi-trazuen bidez egitura bat marraztu du espazioan, eta horren sakontasuna eta bolumena zirriborratu ditu; egiaz, argi-trazu horiek kotoizko hari arruntak dira, modu erritmiko eta geometrikoan ezarriak: hutsa zeharkatzen dute, airea harilkatzen, eta espiritualtasun sublimezko giro bat sortzen dute. Izenburuak iradokitzen duen eran, arteak badu ahalmena egia mistikoak ezagutzera emateko.

2. TRAMA BATEN PERMUTAZIOAK ETA BARIAZIOAK

Asbtrakzio geometriko purua ikusten dugu artistaren ibilbidearen hasierako serie-marrazkietan: lerroak behin eta berriro errepikatuz, espazio garbiak sortzen ditu, fikziozko espazoak, eta baretasun-emozio ia mistiko bat eragiten dio ikusleari. 70eko eta 80ko hamarkadetan egin zituen, paper-biribilki luzeak erabiliz, eta horrela sortu zituen egitura geometriko infinituak. Bostoneko egonaldian egindako lan horien artean, asko ez ziren inoiz plazaratu, baina zenbait ikusgai daude erakusketa honetan.

3. NEKAZARITZA-ARKITEKTURAK

Naturaren behaketa da areto nagusi honetan bildutako artelanen inspirazio-iturria.

Arquitecturas agrícolas (2013-2016) sorta Granadako Ibarreko paisaian oinarrituta dago, eta, zehatzago esanda, han hedatzen diren tabako-idortegietan. Landa-eremuko eraikin tradizionalak dira, landugabeak; eraikin horietan tabako-landareak eta -hostoak zintzilikatzen ziren, eguzkitik eta euritik babesteko; gainera, modu horretan errazagoa izaten zen barnealdea egurastea tabakoa lehortzeko prozesuan. Artistak eraikin horiek gogora ekartzen eta berreraikitzen ditu modu poetikoan, eta horretarako metala, neoprenoa eta papera erabiltzen ditu, material moldagarriak; ondoren, argi-jokoak eratzen ditu, eraikin xume horietan sartzen zarenean gertatzen dena islatuz.

Erretaulak. Tabako-idortegiak desagertzen ari dira poliki-poliki, eta artistak berreskuratu egin ditu, gure memorian iraun dezaten. Tokiko arkitektura horretan, nekazaritza-industrialeko arkitekturetako egur kalamastretan oinarritzen dira artistaren Retablos (2009) lanak: margolan horietan oholetako erritmoak eta testurak erakusten dira, hesietakoak adibidez, eta xehetasunei erreparatzeko gonbidapena luzatzen digu artistak. Aretoko esku-hartzea hiru obrak osatzen dute: Retablo A, Retablo B eta Sonata sin futuro; erretaula moderno baten moduan antolatuta dago; instalazio bat da, kapera bat, eta horko margolanek espazio fisiko eta poetiko bat osatzen dute, handientsua eta espirituala: inguratu, hartu eta hunkitu egiten gaitu. Barne-esperientzia bat sortzen digu, aldarte emozional haraindiko bat.

Marrasak. Ondoren, artistak, elementu xume, hauskor eta efimero bati jarri dio arreta: marrasek idortegiak estaltzen dituzte, landareak babesean egon daitezen eguraldi txarra egiten duenean.

Material hori hainbat obratan agertzen da: Nuevas lejanías negro, Las lunas oscuras de cristal eta Las lunas oscuras de plata eta Silencio. Oihal horien arintasuna interesatzen zaio artistari: argia iragazten dutenez, paisaia lauso bat eskaintzen dute zeharka begiratuta.

4. MURRUAK

Abstrakzio hutsezko lanen kontrakarrean, Muros sortako abstrakzioa lirikoagoa da, alderdi geometrikoak eta organikoak nahasten baitira. Obra hauetan keinua azpimarratzen da, eta pintzeladaren erritmoa agertzen, hala nola pilatzen diren landare igokarien hostoak Darroko kaleko murruetan, Granadan. Bi obra hauek —Sica (1997) eta Sal (1998)— landareen munduan oinarrituta daude, eta lotura bat finkatzen dute naturarekin: batzuetan, lotura hori adierazkorra da; beste askotan, berriz, Soledad Sevillaren sorkuntzari dagokion poesiaren indarra nabarmentzen duten elementuak dira: margolan erraldoiak, tonu desberdinetako hostoz osatuak; landare igokari azkengabe baten pusketak izan litezke, aldaera sotilekin, eta denboraren igaroa dakarte gogora, materiaren iheskortasuna, gauzen eta bizitzaren iraunkortasun hauskorra. Azken batean, artistari liluragarriak iruditzen zaizkio gauza igarokorrak.

Kubo Aretoa

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko otsailaren 4(e)tik 2023(e)ko maiatzaren 28(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera: 11:30-13:30 eta 17:00-21:00
  • Lekua Kubo Kutxa Aretoa
    Zurriola Etorbidea, 1
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Kubo Kutxa Aretoa
  • Info Gehiago

Non