Egoitza Vancouverren duen Ballet BC konpainia kanadiarra 1986an sortu zen. Ordutik, sekulako errepertorioa landu du munduko koreograforik handienekin, besteak beste, William Forsythe, Ohad Naharin eta Emanuel Gat ospetsuekin. Nazioartean itzal handia lortu duten maila handiko dantzariak ditu taldekide.
Arriaga antzokira egingo duten lehenengo bisitan, Medhi Walerski NDTko dantzari ohi eta koreografoak egitarau hirukoitz hunkigarria eskainiko du. Emanaldia hasteko, dantza-konpainiak Garden lana eskainiko du. Walerskik berak sortutakoa da, Camille Saint-Saëns musikagileak piano eta hari boskotearentzako La minorrean konposatutako musika-lanean inspiratuta. Hala, ikuskizun arin eta organikoan, elkarrizketa liluragarria sortuko da musika finaren eta dantzarien gorputz sentsualen artean.
The Statement izango da gaueko bigarren pieza. Kanadako Crystal Pite koreografo ezagunak irudimen itzelezko sorkuntza-lana proposatzen du, dantza eta antzerkia uztartuta botere-gatazka aztertzen duena. Kontrola eskuratzeko borrokan murgilduta dauden lau antzezlek manipulazioari aurre egingo diote. Jonathon Young antzerkigile kanadarraren testu indartsua da lanaren euskarria.
Emanaldia ixteko, Sharon Eyal israeldarrak Gai Behar artista eta ekoizlearekin batera sortu duen Bedroom Folk pieza ikusgarria eskainiko dute. Hemezortzi antzezlek interpretatutako talde-koreografia da, eta Ori Lichtick artistaren musika elektronikoan oinarrituta dago. Dantzariak dantza hipnotiko batera bideratuko dituzte, eta, aldi berean, askotariko keinu konplexuak egiteko ahalmena berenganatuko dute, maisuki, musika oroitarazle eta indartsua lagun dutela.
Produkzioa: Ballet BC konpainia. Kanadako Arteen Kontseiluaren laguntzarekin.