"Soir.ee Mademoiselle Basque" lehiaketa iragarri da. Lehiaketa horren bidez, Non Fungible Tokens (NFT) izenekoaren lehenengo erakusketa kontzeptuala sortu da, formatu fisikoan. Proiektu berritzaile horrek bi helburu ditu: emakumeen sormena eta ekintzailetza sustatzea eta garapen jasangarrirako helburuak (GJH) ikusaraztea, artearen eta teknologiaren bidez. Horretarako, Soir.ee Mademoiselle Basquek lehiaketa bat abiarazi du, emakume ekintzaileak eta emakume artista berriak ikusarazteko, ekintzailetzaren eta artearen arteko sinergia sortuz eta gizartearen garapen jasangarriari laguntzen ari diren emakumeak ikusaraziz.
Proiektua HOUSE OF SOIREEk garatu du, zeina Deustuko Unibertsitateko enpresak sortzeko zentroan (DeustoKabi) baitago eta Belgikan jaio baitzen 2017an, Europako Batzordearen laguntzarekin. Hona hemen babesleak: Eusko Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusia, Arabako Foru Aldundiko Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta BBK Fundazioa; laguntzaileak: Deustuko Unibertsitatea eta Bilboko Arte Ederren Museoa.
Lehiaketak 3 fase ditu. Lehenik eta behin, proposamenak jasoko dira eta 20 emakume irabazle, 10 artista eta 10 ekintzaile, hautatuko dira. Ondoren, bilera bat egingo da emakume ekintzaile baten eta emakume artista baten artean, lan artistiko bat sortzeko, ekintzaileak proposatutako ekimenean oinarrituta, zeinak lotura izango baitu GJH espezifiko batekin. Azkenik, emakume artista eta ekintzaileen azken lana erakutsiko duen erakusketa egingo da. Erakusketak lehiaketako 20 irabazleak bilduko ditu, eta aukera emango du haien istorioak, ikuspegiak eta GJHak artelanean nola txertatu dituzten ezagutzeko. Helburua da genero berdintasunak, arlo horietan emakumeek dituzten eskubideek eta artearen eta negozioen munduko jasangarritasunak duten garrantziaz sentsibilizatzea.
Lehiaketaren azken xedea da negozioak eta artea irtenbide bakar batean integratuko dituen etorkizuneko doako plataforma bat eskaintzea, artista eta ekintzaile emergenteek beren lanak jendaurrean erakuts ditzaten, erakusketaren kategoriak garapen jasangarrirako helburuetan (GJH) oinarrituta.
Deialdia zabalik dago garapen jasangarrirako helburuen barruan ideia edo proiektu berri bat garatu edo beren proiektu eta lan artistikoak ikusarazi nahi dituzten Euskadiko emakume ekintzaile eta artista guztientzat. Proiektuak aurkezteko epea apirilaren 15ean amaituko da, eta erakusketa 2023ko irailean inauguratuko da. Parte hartzeko moduari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo https://basque.soir.ee/ web orrira.