Zinemateka Azkuna Zentroa 2023: "Jean-Luc Godard: Esperimentatzeko artea"

Bilbao 2023(e)ko otsailaren 22(e)tik 2023(e)ko maiatzaren 25(e)ra
  • Zinemateka Azkuna Zentroa 2023: "Jean-Luc Godard: Esperimentatzeko artea"

Esperimentazioa, inkonformismoa, ezarritakoarekiko erronka etengabea dira oraindik ere 2023ko zinema-programazioaren ardatz nagusiak. Bruce Baillie zinemagilearen inguruko "Somewhere from here to heaven" erakusketan bildutako zikloen ondoren, Zinematekak Jean-Luc Godarden (1930 - 2022) ekoizpena berrikusiko du, nouvelle vagueren erreferentea eta zinemaren historiako zuzendaririk eraginkor eta berritzaileenetako bat izan baita.

Honako hau ez da Zinematekak zuzendari ezinbesteko honen filmak programatzen dituen lehen aldia. "Vivre sa vie" (1962) eta "À bout de soufflé" (1960) lanak, besteak beste, ziklo klasiko eta garaikideen programazioan egon dira azken urteotan. Oraingo honetan, berriz, behakoa eman nahi zaie bere lanik esperimentalenei. Horren adibide dira "Jean-Luc Godard Passion" (1982), "Adieu au langage" (2014) eta haren azken lana, "Le Livre d’image" (2018) izenekoa: bost kapituluko saiakera bisuala, beste film batzuen laburpenekin, testu- eta musika-zatiekin eta mailegatutako muntaketekin egina.

Saioak zinemagilearen profil desberdinak ere jarri nahi ditu agerian. Godard zirikatzaileena, "Je vous salue, Marie" (1984) bezalako filmetakoa, zeinarekin "femeninotasunaren betierekotasunaz" hitz egin nahi izan zuen, baina, argumentua erlijio-kontakizunarekin paraleloegi izaki, fakzio katolikorik sutsuenak eskandalizatu zituen; eta gizarte burgesarekin kritikoen agertzen zen Godard, "Week-end" (1967) eta "Pierrot le fou" (1965) lanetan islatua; azken hau bere lanik ezagunenetako bat da, eta Jean-Paul Belmondo eta Anna Karina ditu protagonista. Maitasunaren satira poetiko horretan bere zinematografia berritzailea nabarmentzen da, hala muntaiari dagokionez, nola kontakizunaren formari dagokionez.

Zikloan Godard politikoena ere agertzen da, 1968ko maiatzeko iraultza kulturalen ingurukoak diren "La chinoise" (1967) eta "Tout va bien" (1972) filmekin. Era berean, programak arreta ematen dio zinemagile franko-suitzarrak beste artista batzuekin izan zuen harremanari, eta erakusten du ikus-entzunezko sorkuntza ez dela lan bakarti eta isolatu bat. Hala, elkarlan horietako batzuk hartzen ditu barne, hala nola nouvelle vagueren erreferenteetako bat zen Agnès Vardak zuzendutako "Visages villages" (2017) dokumentalean izan zuen parte-hartzea.

Hortaz, "Jean-Luc Godard. Esperimentatzeko artea" ez da atzera begirako bat, baizik eta lanik esperimentalenen aukeraketa bat. Lan horiek erakusten dute arte zinematografikoa etengabe berritzeko zuen estilo berezia, alde batetik, baliabide eta formatu ugari erabilita —esaterako, bideoa, aitzindarietako bat izan baitzen horretan—, eta, bestetik, ezarritako erregistroak, hizkuntzak eta kanonak etengabe zalantzan jarrita, bereak ere bai. Azken batean, argi islatzen du "zinema ez dela bizitza filmatzen duen artea, zinema artearen eta bizitzaren artean dagoela", 2022ko irailean hil zen zinemagile honek zioenez.

 

PROGRAMA
  • "La chinoise" (1967)
    Otsailak 22, asteazkena eta otsailak 23, osteguna - 96′

La Chinoisek Mao Tse Tungen pentsamenduaz blaitutako ikasle frantsesen talde batek mundua aldatzeko zituen kezkak azaltzen ditu. Maoren pentsamenduaz eta literatura komunistaz blai, ikasle frantsesen talde bat bere buruari galdezka hasten da, munduan duen posizioaz eta hori aldatzeko aukerez; hala ere, horrek ez du esan nahi terrorismoa bide balizko bidetzat hartzen dutenik.

 

  • "Tout va bien" (1972)

Martxoak 1, asteazkena eta martxoak 2, osteguna - 95′

Frantzia 1968ko maiatzaren ondoren. Krisian dagoen gizarte batean krisian dagoen bikote ezkondu bat harrapatuta geratzen da fabrika batean, langileek egindako grebaren ondorioz. Godardek gizartearen, zinemaren, maitasunaren eta iraultzaren egitura disekzionatzen du. Bizirik iraun al dezake maitasunak iraultzaren ondotik?

 

  • "Godard’s Passion" (1982)

Martxoak 8, asteazkena eta martxoak 9, osteguna - 88′

Jerzy, zuzendari poloniarra, margolan ospetsuei buruzko pelikula bat filmatzen ari da. Isabellek, langile klaseko neska totelak, lana galdu du. Biek elkar ezagutu, maitale bihurtu, eta Poloniara joango dira bizitzera.

 

  • "Je vous salue, Marie" (1984)

Martxoak 15, asteazkena eta martxoak 16, osteguna - 106′

Maria gazte arrunt bat da, saskibaloian jokatu, eta aitari gasolindegian laguntza ematen diona. Egun batean, Maria ohartzen da haurdun dagoela, gizonekin oheratu ez arren, ezta mutil-lagun duen Joserekin ere. Jose taxilariak ezin du sinetsi haurra izan dezakeenik neska-laguna birjina izanik.

 

  • "Pierrot le fou" (1965)

Martxoak 22, asteazkena eta martxoak 23, osteguna - 110′

Ferdinand Griffonek, ‘Pierrot’ ezizenez ezaguna denak, Parisetik ihes egin du Mariannerekin, bere emazteak kontratatu duen umezainarekin. Bikoteak Frantziako hegoaldera jotzen du, baina bidaia arriskuz betetzen da, Mariannerekin zerikusia duen gangster-talde bat orpoz orpo segika baitute.

 

  • "Week-end" (1967)

Apirilak 19, asteazkena eta apirilak 20, osteguna - 105′

Burgesiaren hondamendiaren ikuspegi berezia, zuzendari frantses polemiko eta bikainaren eskutik. Fabula apokaliptikoa, desilusioz betea eta satirikoa, Gulliverren bidaia berri bat bezala definitu izan dute, bikote burges gazte batek irudikatzen duen kontsumoko gizartearen kolapsoaren bidez. Oro har, oso kritika onak lortu zituen, eta, nolanahi ere, ohar hau gaineratu zuten: "Godard-en lurralde hutsa".

 

  • "Adieu au langage" (2014)

Apirilak 26, asteazkena eta apirilak 27, osteguna - 70′

Kontakizuna zatituta egon arren, begietsi daiteke ezkonduta dagoen emakume baten eta gizon ezkongabe baten arteko harremana, zeintzuek elkar maite eta borrokatzen baitute. Bitartean, txakur bat dabil alderrai landa-alde eta hiriaren artean.

 

  • "Visages villages" (2017)

Maiatzak 3, asteazkena eta maiatzak 4, osteguna - 90′

Agnès Varda zuzendari beteranoaren eta JR (Jean René) hiriko artista grafiko eta argazkilariaren arteko lankidetza. Frantses gazte hori ezaguna da, bere lan bisual zirraragarriengatik, hain zuzen, mundu osoko hainbat hiritako kale eta teilatuetan egiten dituen esku-hartze grafiko izugarriengatik.

 

  • "Sauve qui peut (la vie)" (1980)

Maiatzak 17, asteazkena eta maiatzak 18, osteguna - 90′

Sexu-harremanei buruzko hausnarketa, hiru pertsonaiaren bidez. Denise Rimbaud (Baye) bere lanarekin pozik ez dagoen editorea da. Egun batean, maitalea, Paul Godard (Dutronc), utzi, eta landa-aldera bizitzera joatea erabakitzen du. Paulek ez du hiria utzi nahi, baina ezin du Denise gabe bizi. Hirugarren pertsonaia Isabelle (Huppert) da, hirian bizirauteko borrokan diharduen prostituta.

 

  • "Le livre d´image" (2018)

Maiatzak 24, asteazkena eta maiatzak 25, osteguna - 90′

Ezer ez, isiltasuna izan ezik. Ezer ez, kantu iraultzaile bat izan ezik. Bost kapitulutako istorio bat, esku bateko bost hatzen gisakoa.


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana