"Multiverso: Belarri gorrak", Antoni Abad-en bideoinstalazioa

Bilbao 2023(e)ko martxoaren 6(e)tik 2023(e)ko maiatzaren 7(e)ra
  • "Multiverso: Belarri gorrak", Antoni Abad-en bideoinstalazioa

2023ko martxoak 6tik maiatzak 7rarte

14 pertsona gorrek aukeratutako hainbat kontuz hitz egingo dute zeinu-mintzairan: enplegua, elkartegintza, artea, utopia, umorea, autonomia, komunikazioa, depresioa, sexua, hirikoa eta landakoa, maitasuna, inklusioa, poza eta tristura, egia eta gezurra, anarkia eta diktadura, eta kultura gorra. Entzule multzo hegemonikoan infiltratuta, eskuzabal eskaintzen dute hitz-jario keinuzko-espaziala, dauzkaten itxaropenen eta iritzien kontakizun korala eraikitzeko. Kataluniako Federació de Persones Sordes elkartearen laguntzaz gauzatutako proiektuan, gizarteratzea jorratu da, eta, hitz-komunikazio nagusiaz bestela, entzumen-aniztasuneko lagun komunitateari eman dio hitza. Belarri gorrak lanak Gorren Kulturaren kemen aparta dakar argitara.

Bideo-instalazioak 16 bideo eta audio ditu, tamaina handiko hiru proiekziotan banatuta. Bideoek azpitituluak dauzkate (gaztelaniaz eta ingelesez), eta, audioen bitartez, grabazioetan zeinu-mintzairan hitz egiten dutenek igorritako soinuak erreproduzitu dira. Aretoaren sarreran, elkarrizketen transkripzioak daude braillean (itsuentzat) eta makrokarakteretan (ikusmen urrikoentzat). Abaden iritziz, material horiekin guztiekin osatu da “adierazpen-kodeen amalgama bizi bat, parte-hartzaileen elkarrizketekin elokuentzia deitzen diogun ametsetako paraje horretara irits daitezkeen ingurunea osatuz”.

Antoni Abad (Lleida, 1956)

Bartzelonako Unibertsitatean Artearen Historian lizentziatuta eta Pompeu Fabra Unibertsitatean European Media Masterra eskuratuta, eskultura eta argazkigintza sekuentzialen moduko bitartekoekin abiatu zen Antoni Abad; horiek landu zituen laurogeiko urteetan eta laurogeita hamarrekoen hasieran. 1994az geroztik, bideo hedatuan eta Interneten zentratu zen, orain ere praktikarako lehengai dituenetan, bazterketa-arriskuan dauden hainbat talderekin egindako lanetan. Ildo horretan, 2004tik 2014ra bitartean, Interneteko ikus-entzunezko komunikazio-proiektu batzuk egin zituen, Mexiko Hiriko, Lleidako, Leongo, Madrilgo, Bartzelonako, Costa Ricako, Genevako edo New Yorkeko kolektibo kalteberetan telefono mugikorren erabilera abiapuntutzat hartuta. Mugikortasun urriko pertsonen laguntzarekin Bartzelonan egindako proiektuak Golden Nica Digital Communities saria lortu zuen 2006an, Austriako Linzeko Prix Ars Electronica jaialdian.

Abaden proiektuak hainbat egoitza eta testuingurutan aurkeztu dira: Madrilgo Centro de Arte Reina Sofía Museo Nazionala; Bartzelonako Santa Monica Arte Zentroa eta Suñol Fundazioa; New Yorkeko New Museum eta P.S.1.; Alemanian Berlingo Hamburger Bahnhof eta Karlsruheko ZKM; Leongo MUSAC museoa; Genevako Centre d 'Art Contemporain; Buenos Airesko Arte Modernoko Museoa; Mexikon Alameda Arte Laborategia eta Espainiako Kultur Zentroa. Lanak aurkeztu ditu orobat Veneziako Biurtekoan (1999 eta 2017), Limako Iberoamericanan (1999), Sevillan (2004 eta 2008), Brasilgo Mercosul Porto Alegren (2009), São Pauloko Arte Museoaren Fotobienalean eta Curitibako Arte Biurtekoan (2013), bai eta Berlingo Biurtekoan ere (2016).

Multiverso

2018tik, museoak eta BBVA Fundazioak, elkarlan bidez, Bideoartea sortzeko MULTIVERSO Beken deialdia egiten dute. Beka horiek ikus-entzunezkoen ekoizpen artistikoa sustatzen dute Espainian, baita haren zabalkundea ere, zenbait programa publikoren bitartez.

Arte garaikideari laguntzeko programa bateratu horren barruan, museoak aurkeztu egingo ditu 2018ko deialdian emandako laguntzen ondorioz sortutako arte lanetako batzuk, gehienak argitaragabeak. Erakusketaren programan Antoni AbadToni Serra (Abu Ali), Mabel Palacín, Nadia HotaitManu Arregui eta Pedro G. Romeroren lanak daude. Belaunaldi eta orientabide desberdinetako artista horiek, mugitzen diren irudiak sorkuntza eta ikerketarako tresna modura erabiliz, gaur egungo bideogintzarenganako hurbilpena dakarkigute.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko martxoaren 6(e)tik 2023(e)ko maiatzaren 7(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non

Euskadi, auzolana