Bizkargi Musika eta Dantza Eskolak bi hamarkadatik gora daramatza Taldez Talde ekimena martxan jartzen. Aurtengoa 22. edizioa da. Helburua, musika kalera ateratzea denen gozamenerako.
Aurtengo egitarauak hiru kontzertu hartzen ditu bere baitan. Lehenengo kontzertua igande honetan, martxoaren 12an izango da. Bizkargi eta Iraurgi abesbatzek eskainiko dute emanaldia, edizio berri honi irekiera emanez.
Martxoaren 19an, dantza izango da nagusi, euskal musika tresnak erabilita, eta martxoaren 26an, Bizkargi eskolako Banda Gazteak eta Herriko Musika Bandak emango die itxiera Taldez Talde ekimenari.
Hiru kontzertuak 12:30ean izango dira Kontzejupean.
Bizkargi eta Iraurgi Abesbatzen egitarauak:
Bizkargi Abesbatzak, Maje Larrañagaren zuzendaritzapean, ondorengo abestiak eskainiko ditu:
Negua joan da. Zea Mays
Something just like this. Coldplay
Boyabo Haboker. J.Hadar
Nothing else matters. Metallica
Aske Maitte. Gatibu
Abeslariei laguntzeko perkusioa joko dute Oier Angullok, Ian Arellanok, Unax Rojok eta Eñaut Aldazabalek. Pianoan, berriz, Marijoser Arregi izango da.
Iraurgi Abesbatzak, berriz, ondorengo egitaraua du iganderako, Iñaki Maidaganen zuzendaritzapean:
Oi ama Euskal Herria. B. Lertxundi
Guantanamera. J. Fernandez
Neskatxa maite. Xabier Sarasola
Segalariak. Josu Elberdin
Bi taldeek batera eskainiko dituzte Syyahamba abesti afrikar tradizionala eta L. Campbellen The lion sleeps tonight abestiak.