George Alexander Dick (1837-1903) ingeniari alemaniarra izan zen ( geroago nazionalitate ingelesa lortuko zuena). Barakaldoko Nuestra Señora del Carmen lantegian (Bizkaiko Labe Garaiak ospetsuaren aurrekaria) laborategiko buru gisa lan egin zuen 1862 eta 1866 urte artean.
Dick, ingeniaria izateaz gain, marrazkilari afizionatua izan zen. Hainbat bidaia-koaderno Alemania, Suitza, Herbehereak, Frantzia, Argentina, Kuba eta Birjina uharteetako paisaiak eta lekuak jasotzen dituzten marrazkiekin bete zituen.
Gauza bera egin zuen Euskal Herrira egindako lehen bidaietan (1860an eta 1861ean) eta Karmengo lantegian lanean egondako denbora tartean ere (1862-1866). Horrela, Dickek Gipuzkoako 9 marrazki (Aia, Tolosa, Pasaia, Hernani, Errenteria eta Irun) eta Bizkaiko 20 marrazki burutu zituen, azken hauek Bilboko Itsasadarraren ingurukoak (Barakaldo, Sestao, Santurtzi, Portugalete, Getxo, Abando, Begoña, Deustu eta Bilbo).
Ingalaterratik ekarri ditugun marrazkiak orain arte argitaragabeko lanak dira, Euskal Herriko historiaren zati bat berreskuratzea dakarrena. Gainera, XIX. mendeko Euskal Herriaren ikuspegi fidagarria ematen digute, oraindik industria mundurako aldaketa prozesu batean egongo zena. Gogora dezagun garai honetarako argazkigintza oraindik gutxi garatuta zegoela eta, beraz, marrazki hauek balio berezia hartzen dutela.
Gainera, Dick Karmengo fabrikan egoteak lehen industrializazioaz eta industrializazio horrek Euskal lurretan eragindako aldaketez hitz egiteko aukera ematen digu, Europako ingeniariek prozesu honetan izan duten paper garrantzitsua gogoraraziz.
Horretaz guztiaz hitz egingo dugu erakusketan: marrazkiez (euskal lurraldean zein munduko beste leku batzuetan burutuak) eta XIX. mende amaierako mundu industrialaz. G.A. Dicken biografia interesgarria ahaztu gabe, mundu osoan zehar lan egin eta bidaiatu ondoren, Ingalaterran bi enpresa sortu zituen eta berak asmatutako material bat patentatu zuen, Delta izenekoa, mundu osoan ospea emango ziona.