Guggenheim Bilbao Museoak, Parisko Musée d’Art Modernerekin lankidetzan, Oskar Kokoschka artista austriarraren atzera begirako handi bat aurkeztuko du.
Haren obra XX. mende osoan zehar hedatu zen, Vienan hasita Lehen Mundu Gerraren aurretik. Hiriko giro bizian inspiratuta, Kokoschkaren lehen maisulanak erradikalak dira motiboei eta kolorearekiko esperimentazioari dagokienez.
Artista Vienako Art Nouveau-aren estilo lau eta apaingarritik urrunduz joan zen, eta gorputzei aparteko izaera ematen dieten lerro garbi eta angelutsuak erabiltzen hasi zen. Estilo berri horrek eragin handia izan zuen haren kideko batzuengan (tartean, Egon Schiele), baina txundidura ere sortu zuen Vienako herritarren artean. 1908. urtetik aurrera, eta haren lehen mezenasetako bat izandako Adolf Loos-i esker, artista gazteak enkargu ugari jaso zituen erretratuak egiteko. Horren ondotik etorri zen denboraldia artistak Alma Mahlerrekin izan zuen harreman labur baina biziak, Lehen Mundu Gerran izandako parte-hartzeak eta 1916an Dresdera bizitzera joan izanak markatu zuten. Garai hartako pinturetan, kolore sarkorrak nabarmentzen dira, azkar aplikatuak eta intentsitatea azpimarratzeko maisutasunez elkarren ondoan jarriak. Hurrengo urteetan, Kokoschkak denbora luzea igaro zuen bidaiatzen Paul Cassirer galeristari esker, eta paisaia bikainak sortu zituen bisitatu zuen leku bakoitzeko giroa jasotzeko.
1934an, Oskar Kokoschkak Pragara ihes egin zuen bere jaioterrian zegoen ezegonkortasuna zela-eta. Garai hartako pinturetan pertsonak paisaia bukolikoetan agertzen dira, eta, beraz, badirudi lanok errealitatetik ihes egiteko bide izan zituela. Kokoschkak urrunago eraman zuen ikuspegi alegoriko hori Ingalaterran; hain zuzen ere, hantxe hartu zuen babes Nazional Sozialismoak Austria anexionatu zuenean. Erbestean, naziek “endekatutzat” jo zuten artistaren konpromiso politikoa areagotu egin zen.
Gerra ondoren, Kokoschka Suitzara joan zen Olda emaztearekin batera, eta Europa bateratuaren aldeko defendatzaile sutsuenetako bat bilakatu zen. Azken urteetako obretan, Kokoschkak berreskuratu egin zuen Vienako eszena artistikoko enfant terrible gisa hasiera-hasieran izandako erabateko zintzotasuna. Nahiz eta sormen-aldi hori askotan oharkabean igaro izan den, inspirazio-iturri izan zen pinturaren ahalmena berraurkitzeko gosez izan zen artista-belaunaldi oso batentzat.
Aretoak: 205, 206, 207 eta 209
Komisarioak: Dieter Buchhart eta Anna
Karina Hofbauer
Egoitzak: Parisko Musée d’Art Moderne, Guggenheim Bilbao Museoa