"Zeruratzea", Lúa Ribeiraren erakusketa

Donostia-San Sebastián 2023(e)ko martxoaren 17(e)tik 2023(e)ko uztailaren 2(e)ra
  • "Zeruratzea", Lúa Ribeiraren erakusketa

Zeruratzea Lúa Ribeirak 2016. eta 2020. urteen artean garatutako proiektu bat da, honako bost argazki-serie hauek osatua: Zeruratzea, Aristokratak, Bisioak, Oihana eta Zorionekoak.

Lurralde desberdinetan landutako argazki-serieak dira, eta Lúa Ribeirak denbora-tarte horretan garatutako lan-moldeari jarraituz sortuak izateak bateratzen ditu; hain zuzen ere, bere identitate galiziarraren zaurgarritasun historikoaren aitortzak. Pertzepzio horrek berarekin dakar marjinekiko, bazterketa-mekanismoekiko eta kultura gailena zalantzan jartzeko interesa eta muga horiek gainditzeko eta gizarte garaikideen parte diren komunitateen eta gizabanakoen artean ezartzen diren egiturazko bereizketetatik at lan egiteko desira; eta emaitza gisa ekarri du argazkilariak irudiak sortzea komunitate eta gizabanako horiekin batera, ohiko begirada hautsiz, behatzaile soilaren tokitik aldenduz eta topaketaren bidez jarrera aktiboa hartuz.

Subida al cielo proiektuko irudiak Erresuma Batutik hasi eta Maroko eta Europa arteko muga idorretarainoko lurraldea biltzen dute, tartean direla Galiziako lur oparoa nahiz Andaluziako herri lehor eta hautsez bete bat, erlijiozkotasunak markatua. Irudi haien atzean aditzera ematen dira etxebizitza-faltaren gaia, ezgaitasunena edo migrazioarena, besteak beste. Lan egiten duen pertsonekin partekatutako denboraren bidez askatzen du artistak bere begirada komunitate edo talde jakin bati atxikitako eraikuntza edo estereotipoetatik. Hala, haren argazkiek gai unibertsalak –jaiotza, heriotza, zapalkuntza, indarkeria, adiskidetasuna edo itxaropena– lantzen dituzte, azkenerako, dimentsio zabal, liriko eta unibertsalago batetik.

Subida al cielo lanak gonbita egiten digu bidaia batera, lurrean gauden bitartean gizakiaren ezaugarri komuna den eta lurrari atxikitzen gaituen alderdi fisikoaren galerara. «Zeruratzea» da heriotzaz dugun irudia, gorputzak edo arimak mundu hau uztean duten arintasunarena, esferetan barrena Paradisura egiten dugun bidaia kosmogoniko horrena, zeina deskribatu baitzuen Danteren poemak Erdi Aroan.

Lúa Ribeirak bazterketa-mekanismoen erantzun gisa proposatzen duen esperientziak lotura du goratze horrekin, egoera- eta pertzepzio-aldaketa horrekin, zeinetarako baliatzen baititu hainbat ekintza, mitoekin, erlijio-kontakizunekin eta erritualekin lotuak, askotan. Haren lanaren abiapuntua da erabat murgiltzea lanean diharduen testuinguruetan, eta, haren proposamena fikzio partekatuak garatzean oinarritzen bada ere, ez dago hartan inolako asmo estetizatzailerik, ez baitio ikusleari aurrezten bereizketaren, larritasunaren eta sufrimenduaren errealitatea.

Jolas eta irudikapenen bidez, gorputzek amore ematen diote grabitateaz askatzeari, eta aldatzen dira mundu mitologiko batera non argazkilariak berak nahiz erretratatutakoek alde batera uzten baitituzte sozialki bereganatutako mugak.Antzezpena, beraz, baliabide bat da aukera ematen diona dimentsio politikotik haratago iristeko, harresiak eraisteko eta dimentsio espiritual batera hurbiltzeko, azpimarratuz erlazioaren gertaera gizakiaren funtsezko ezaugarri gisa.

Artistaren prozesuak emaitza gisa dakar arlo dokumentala gainditzen duen irudi bat, zeinaren ostertzean ageri baita arte figuratiboen eragina. Horren erakusgarri dira Lúa Ribeirak oro har lanean erabili ohi dituen zirriborro, fotograma, erreprodukzio piktoriko edo argazkiak, bere bilaketa estetikoaren beraren aurretiko adierazpen gisa aztertzen dituenak.

Subida al cielo proiektuan, Lúa Ribeirak alde batera uzten du "munduan duen tokia" eta abiatzen da bere mugen bila, muga tradizional, historiko, horien bila, zeinaren aurrez aurre lan egin baitu, errespetuz eta arduraz, bideratzeko hurbilketa bat, emozio eta zaurgarritasunen truke bat, eta horrela erakusteko beste presentzia eta beste existentzia batzuk, haien adierazle izan ohi diren ezaugarriak lausoaraziz eta konplexuagotuz.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko martxoaren 17(e)tik 2023(e)ko uztailaren 2(e)ra
  • Ordutegia12:00-14:00 eta 16:00-20:00
  • Lekua Kutxa Kultur Artegunea
    Mandasko Dukearen pasealekua, 52 (Tabakalera)
    Donostia-San Sebastián
  • ZenbatekoaDoan
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Kutxa Kultur Artegunea

Non

Euskadi, auzolana