Nola eragiten die klima aldaketak gure munduko ekosistema nagusiei? Nola ari da aldatzen paisaia, bereziki babestutako eremuetan? Galdera horiei erantzun nahi die AXA Fundazioak eta Lunwerg Editores argitaletxeak antolatutako erakusketa honek, munduko eremu jakin batzuetan paisaien eta bizitzaren hauskortasuna erakusten duten hirurogeita hamar irudi zirraragarriren bidez.
Baina, aldi berean, itxaropen zantzu bat ere badakar: egoera horri buelta emateko gizakia egiten ari dena erakusten du. Horregatik, erakusketaren amaieran irudi batzuk daude, klima aldaketaren eragina geldiarazteko hartzen ari diren neurriak erakusten dituztenak: ikerketa, naturaguneen babesa, karbonoaren eta berotegi efektuko gasen emisioen prezioa finkatzea, herrialde osoek jasangarritasun irizpideak eta energia garbiko ekonomiak aplikatzea, nekazaritza birsortzailea, energia berriztagarrien erabilera edo garraio ez-kutsatzaile berriak.
Joaquín Araújo naturalista da erakusketaren komisarioa, eta aire zabalean erakutsiko da Espainiako hainbat hiritan. Horrela, bisitariek bidaia bat egin ahal izango dute planetan barrena, geldialdiak eginez eragiten diguten fenomeno meteorologiko nagusietan, klima aldaketak eragindako klima eta paisaia desberdinetan edo eraldaketa horren ondorio nabarienetan. Gainera, arreta jartzen du ezer egin ezean sortuko diren egoeretan: glaziarren galera, animalien migrazioak, garaiz kanpoko loraketak, bero-boladak, itsasoko uren osaeraren aldaketa, baso gaixoak edo itsas mailaren igoera.