Punto de Vista 2023 - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia

Pamplona/Iruña 2023(e)ko martxoaren 27(e)tik 2023(e)ko apirilaren 1(e)ra
  • Punto de Vista 2023 - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia

Martxoaren 27tik apirilaren 1era 100 film inguru proiektatuko dira jaialdiak programatutako  programatutako 65 saio baino gehiagotan. Era berean, topaketak egingo dira zinemagileekin, tailerrak, perfomanceak eta haurrentzako zinema saioak

Jaialdiak dagoeneko bere webgunean eta Baluarteko leihatilan jarri ditu salgai saio guztietarako sarrerak. Sarreren prezioa, oro har, 3 eurokoa izango da saio bakoitzeko, baina izango dira doako saio batzuk.

2023ko Punto de Vista jaialdiaren funtsezko zifrak

– Jaialdian zehar, guztira, 65etik gora saio antolatuko dira proiekzioen eta gainerako jardueren artean banatuta.

– 100 film inguru proiektatuko dira hainbat atal edo sekziotan. 

– 7 sekzio handitan antolatuko da egitaraua: Sekzio ofiziala, Atzera begirakoak, Fokuak, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza programa.

– Sekzio ofiziala 18 filmek osatuko dute, 13 nazionalitatetakoak, besteak beste, Peru, Estatu Batuak, Frantzia, Espainia, Senegal, Japonia, Argentina, Mexiko eta Alemaniako filmak dira.

– 75etik gora gonbidatuk parte hartuko dute 2023ko Punto de Vistan eskainiko diren proiekzioetan eta jardueretan, eta horien artean handia da nazioarteko profila dutenen ehunekoa: zinemagileak, programazio arduradunak, komisarioak, etab.

– Profesional, ikasle eta kazetarien artean, dagoeneko 400 lagun baino gehiago akreditatu dira jaialdian.

– 8 egoitzatan egingo dira jarduerak: Baluarte, Golem zinemak, Oteiza museoa, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Filmoteka, Centro Huarte, Civivox Condestable eta Civican.

Denentzako proposamenak

Denentzako interesgarriak izan litezkeen programen artean, espezializatuak ez direnen artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

– Martxoaren 31n, ostiralarekin, Peter Nestler dokumentalgile alemaniarraren azken bi filmak estreinatuko dira; egile horri emana da jaialdiko bi atzera begirakoetako bat. 2022koak dira Injustizia eta erresistentzia eta Begirada irekia filmak, eta Europako gutxiengo sinti eta erromanien zapalkuntza eta historia azaltzen dute. Alemaniako telebista publikoak berriki emandako filmak dira, orain Espainian estreinatzen ari direnak. Saio horiekin batera jendaurreko solasaldi bat egingo da (sarrera doakoa), eta Gaz Kaló Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioko koordinatzaile Ricardo Hernández, Peter Nestler eta atzera begirakoaren programatzaile Lucía Salas izango dira solaskideak.

– Lejos de los árboles atzera begirakoan eta sei saiotan zehar gure testuinguru hurbilaren errealitate baten inguruko gogoeta egingo da, giza kontsumorako premiazkoak diren ondasunei eta ondasun horien ekoizpenaren historiari buruz. Espezie baten bidea egingo dugu, gure espeziearen bidea, arian-arian dagokion ingurune naturaletik bereizten dena, izan ere, azken mendeetan eta, bereziki azken hamarkadetan, izaki bizidunen etorkizuna, geurea barne, arriskuan jartzen ari dira ekoizpen dinamikak. Atzera begirakoaren programatzaile Miriam Martínek egingo ditu aurkezpen lanak saio guztietan, hark bideratuko ditu solasaldiak, eta martxoaren 31ko saioan, ostiralarekin, Lakabeko okin Iosu Ortigosak ere parte hartuko du.

– Iruñeko Planetarioko Tornamira Aretora itzuliko da jaialdia. Bertan, Deneb Martos madrildar zinemagileak eta artista bisualak, alde batetik, 35 mm-ko Kosmogonía filma aurkeztuko du, eta, bestetik, site-specific perfomancea (kimigramaren kamerarik gabeko zinema teknikarekin egina), ispilu ahurren laguntzaz planetarioko ganga erdiesferikoari egokitutako proiekzio zirkular bat sortzeko. Bárbara Mingo Costalesen hitzetan (obran kolaboratzailea da Wade Matthews soinu inprobisatzailearekin), «memoria atabikoen zerbitzura» jartzen da pieza, eta memoria horiek «handitasun galaktiko» gisa gogoratzen dira, «hondar elementu oso xumeen» bitartez. «Urrun dagoenera hurbiltzeko desira sentitzen dugu», jarraitu du Bárbarak, «eta hain zuzen ere gure etxea da urrunen dagoena (…)». Hona hemen grabitatzen eta biratzen duen guztiari lakioa jartzeko saioa, hauxe dioen sorginkeriaren bidez: «Egin distira eta egin tilin-tilin». Eta galaxiak erantzun eta «orok egiten du distira eta tilin-tilin».

Ekitaldi kontziliagarria El Globo Rojo Punto de Vistako Ludotekari esker

Iaz egin bezala, jaialdiak berriz ere egingo du kontziliazioaren aldeko apustua El Globo Rojo Punto de Vistako Ludotekaren bidez. Modu horretan, jaialdiak sei hilabete eta hamabi urte bitarteko haurrei gune bat eskainiko die, eta akreditatutako pertsonek eta bertaratzen diren guztiek erabili ahal izango dute, jaialdiko taldekideez gain, martxoaren 30ean eta 31n eta apirilaren 1ean. Zorionak Kids & Party Ludotekak kudeatuko du CIMAren (Asociación de mujeres cineastas y de medios audiovisuales) eta Parenting at Film Festivals kolektiboaren lankidetzarekin burutuko den ekimen hau. Lekuen erreserba jada eskuragarri dago webgunearen bidez.

Goiburua

Aurten, Misha Bies Golas artista plastikoak ondu du jaialdiko goiburua, eta hark landua da edizioaren irudia. Irudi hori osatzen duten argazkiak, goiburuan bizidun bihurtzen direnak, larruak ontzeko lantegi bateko hondakinen artean bildutako ebakinetatik abiatuta katalogazio gisa hartutako ehun erregistro ingururen zati dira. Argi kaxa baten gainean banan-banan bakartuta, zati horiei argazkiak egin zaizkie hego-ekialdeko Asiako edo Turkiako itzal antzerki batzuetako mekanika imitatzeko asmoz, eta kamerak argi fluoreszenteen oszilazioen aurrean egindako interpretazio askearen emaitza dira erakusten dituzten tonu aldaketa horiek.

Aurrez egilearen tailerrean eta Loechesko Inmaculada Concepción monasterioan egindako saioei jarraipena emateko, Misha Bies Golas artistak instalazio espezifiko bat proiektatu du Oteiza Museoko espazio bati begira. Muntaketa horretan, pergaminoak, argia, soinua eta eraikuntzarako beste material batzuk hizketan hasten dira arkitekturarekin eta Oteiza tailer etxeko espazioan dauden gainerako elementuekin.

Punto de Vistako gauak, musika eta Radio 3

Jaialdiari soinua ere dario aurten Navarra Music Commission delakoarekin abiarazitako elkarteari esker. Punto de Vistako gauak Bar Nicolette ostatuan egingo dira astelehenetik ostiralera, 23:00etatik aurrera, Nafarroako DJek,  hala nola Dayanna, DJ Txino eta Nikkak eskainitako saioekin. Gainera, martxoaren 30ean, ostegunarekin, 22:30etan kontzertu bat eskainiko du Joseba Irazokik, eta Göoren ikuskizun bat egongo da. Saioa doakoa izanen da, eta gonbitak ohiko kanaletan egongo dira eskuragarri martxoaren 28an.  

Azkenik, Radio 3 Iruñera joango da Tres en la Carretera bi saio berezi grabatzera, eta elkarrizketan egingo dizkie zinemagileei, eta Baobabs Will Destroy Your Planet eta Andrea Santiagoren emanaldiak grabatuko ditu. Martxoaren 30ean (osteguna) izango da, 18:00etan, eta 31n (ostirala), 18:30etan, Baluarteko hallean, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Laguntzaileak

Punto de Vista jaialdiak lan egiten jarraitzen du bere erakunde sarea eta kultura industriako aktoreak nazio eta nazioarte mailan hedatzeko. Modu horretan, aurreko edizioetan bezala, jaialdian laguntzaile izan ditugu ICAA, Acción Cultural Española, Huarte Zentroa, Iruñeko Udala Red Civivox Sarearen bidez, Fundación Caja Navarra, Radio 3, Nafarroako Filmoteka eta Liburutegia, Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Goethe-Institut, Golem, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala, Filmoteca Española, NAPAR, Cineteca, Institut Français, Portugalgo enbaxada, Elías Querejeta Zine Eskola eta Festival Scope plataforma.

Gainera, aurten jaialdira gehitu dira edo berriz ere kolaboratzaile izan dira partner berri batzuk, hala nola, Nafarroako Gaztediaren Ikastetxea, Gazte Txartela, Filmoteca de Catalunya, Filmoteca Valenciana CGAI, CCCB, Deutsche Kinemathek, Argentinako Errepublikako enbaxada, Courtisane Festival, EiTB, Navarra Music Commission eta DokLab Navarra.

Azkenik, jaialdiak aurten ere sare profesionalenak sustatzen ditu, parte hartzen duten erakundeen eskutik, hala nola Federación Pantalla, La Mesta, Red IberoFest eta Navarra Film Industry sareen eskutik, jarduerak planteatuz; edo topaketak eta lan saioak diseinatuz Doklab bezalako proiektuen eskutik edo NAPAR, CIMA eta (H)emen bezalako elkarteen eskutik.

 


Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2023(e)ko martxoaren 27(e)tik 2023(e)ko apirilaren 1(e)ra
  • LekuaPamplona/Iruña
  • Sarrerak Erosi

Non