Maldanbera taldearen babesaz egin zuen Garik ekaineko kontzertu sorta txikia: Bilbo, Lazkao, Algorta eta Bilbo. Hutsik egiten ez duen banda da hori eta Legazpiko musikariak ederki baliatu ohi du bere onena emateko. Horrela izan da bira labur honetan ere. Saio horietatik aukeratuz osatu da Zuzenean 2022 disko berria, Gariren bakarkako ibilbidearen erakusgarria.
Ez dira alferrik joan azken hogeita hamar urteak, Hertzainak amaitu ondoren bere bakarkako bideari ekin zionetik. 1995ean argitaratu zuen Gari izeneko fiskoa eta 2018an, Beste denbora batean lana. Bien artean, zazpi disko gehiago plazaratu zituen.
Diskoan musikazaleok Gariren abesti handi asko aurkituko ditugu, besteak beste, Amets, Esperantzara kondenatua, Amapola, Eguzki Berritan Zaude, Zaharra Zara Bilbo... Eta zuzeneko horietan erakutsitako profesionaltasuna eta bikaintasuna lagun, Garik bere bakarkako ibilbidean euskal musikari egin dion ekarpenaren handiaz jabetuko gara.