"Lynette Yiadom-Boakye"

Bilbao 2023(e)ko martxoaren 31(e)tik 2023(e)ko irailaren 10(e)ra
  • "Lynette Yiadom-Boakye"
    "Divine Repose" (Lynette Yiadom-Boakye)

Lynette Yiadom-Boakye artista eta idazle britainiarra zorion, adiskidetasun zein bakardade uneetan irudikatu ohi dituen pertsonaia atenporalen erretratuengatik da ezaguna.

Mihise edo liho landugabe gainean pintzelkada askez margotzen dituen olio-pintura oparoek fikziozko pertsonaiak erakusten dituzte antzerki erako hondoen gainean irudikatuta. Iturri ezberdinetatik hartutako elementuen —esaterako egunkari-ebakinak eta marrazkiak— uztarketatik jaiotzen dira artistaren irudiak, eta, zenbaitetan, animaliak ere azaltzen dira horiekin batera —hontzak, azeriak edo txakurrak, adibidez—, maskotak bailiran azaldu ere, batzuk basapiztiak izan arren. Yiadom-Boakyeren obrek gonbita luzatzen dute kontenplazio lasaia egiteko, artistak irudikatutako istorio bisualetan murgiltzeko. Artelanen titulu poetikoek gogoeta eskatzen dute, eta aditzera ematen dute ez direla pintura soilak: fikzioak dira, eta aukera zabala uzten diote behatzailearen interpretazioari.

Musika da Yiadom-Boakyen lana elikatzen duten sormen-indarretako bat. Horrenbestez, artistak berak erakusketarako berariaz hautatutako konposizio-zerrenda bat izango dute eskuragarri bisitariek, sortzailearen inspirazio-iturriei buruzko testuinguru zabalagoa eskaintze aldera. Jendaurrean lehenengoz aurkeztuko diren 2020 eta 2023 artean sortutako margolanez eta ikatz-zirizko marrazkiz osatua egongo da erakusketa, eta katalogo ilustratu bat ere izango du, Yiadom-Boakye berak, Kodwo Eshun idazle eta zinemagileak eta Museoko komisario Lekha Hileman Waitollerrek idatzitako testuak barne hartuko dituena.

Yiadom-Boakye 1977an jaio zen Londresen; gaur egun bertan bizi da, eta lan ere hantxe egiten du, Central Saint Martins College of Art and Design, Falmouth College of Arts eta Royal Academy Schools-en ikasten aritu ondoren. Azken urteotan, bere obrari erakusketa monografikoak eskaini izan dizkie erakunde entzutetsuek, nola diren Serpentine Gallery, Londres (2015); Haus der Kunst, Munich (2015); Kunsthalle Basel, Suitza (2016); New Museum of Contemporary Art, New York (2017); Tate Britain, Londres (2020/2022); MUDAM, Luxenburgo (2020); Kunstsammlung Nordrhein-Westfalen, Düsseldorf (2021); eta Moderna Museet, Stockholm (2021). Yiadom-Boakyek Kieveko Pinchuk Art Centre-ren Future Generation Art Prize saria jaso zuen 2012an; eta Pittsburgheko 57. Carnegie International-en Carnegie Prize saria 2018an.

Aretoak: 201, 202, 203, 204, 208
Komisaria: Lekha Hileman Waitoller

Irudia:

Lynette Yiadom-Boakye
Divine Repose, 2021
Olioa liho gainean
90 x 85 x 3,6 cm
Courtesy the Artist, Corvi-Mora, London, and Jack Shainman Gallery, New York


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko martxoaren 31(e)tik 2023(e)ko irailaren 10(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik igandera 10:00-20:00. Uztaila eta abuztuan, astelehenetik igandera: 10:00-20:00
  • Lekua Guggenheim Bilbao Museoa
    Abandoibarra Etorbidea, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Guggenheim Bilbao Museoa

Non

Euskadi, auzolana