Apirilaren 1etik aurrera Omako Basoa bisitatzeko erreserbak

Kortezubi 2023(e)ko apirilaren 1(e)tik 2023(e)ko irailaren 30(e)ra
  • Apirilaren 1etik aurrera Omako Basoa bisitatzeko erreserbak

Erreserba egin eta bisitatu Omako Basoa margotzeko prozesua apirilaren 1etik aurrera

Beharrezkoa da aldez aurretik hitzordua eskatzea: Omako Basoa itxita egongo da urrira arte, margotze prozesuan murgilduta dagoelako. Horregatik, Basora sartu ahal izateko bisita gidatuak antolatu dira eta aldez aurretik, hitzordua eskatu beharko da: 94 465 16 57 telefonoan.

Bizkaiko Kortezubi herrian dagoen Omako Basoa margotzeko azken fasea hasi da eta urrian jendearentzat irekiko da.

Bigarren fasean, 19 multzo artistiko margotuko dira, martxotik 2023ko uda amaiera arte.

Omako Basoa pintatzeko prozesuan murgilduta dago eta bisita gidatu bidez soilik bisitatu ahal izango da. Erreserbatzeko 94 465 16 57 telefonora deitu beharko da.

Bi bisita antolatuko dira apirilaren 1etik aurrera, astelehenetik igandera, egunero, goizeko 10:30ean gazteleraz eta 12:30ean euskaraz, aurtengo irailera arte. Eta urrian, lana amaitu ondoren, jendearentzat erabat irekitzea dago aurreikusita.

Bizkaiko Foru Aldundiak diseinatutako Omako Basoa lekualdatzeko proiektuak bere bigarren eta azken fasea hasi du.

2022ko udan garatutako lehen fasean 14 multzo artistiko egin dira, aurreikusita zegoen bezala, eta guztira 454 zuhaitz margotu dira. Lekualdaketaren bigarren fasea martxoan hasiko da, eta uda amaiera arte iraungo du. Fase horretan, beste 400 zuhaitz eta 19 multzo artistiko margotuko dira, Omako Basoa osatzen duten 33 multzo artistikoak amaitu arte.

Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu hau Ibarrolaren obra honen ikerketa eta berrirakurketa lan sakona da, Foru Erakundearen enkarguz EHUko irakaslea den Fernando Bazeta buru duen diziplina anitzeko talde batek egina. Lan horri esker aurkeztuko den obrak artistaren jatorrizko asmoa jasotzen du, izan ere multzoetako batzuk handitu egingo dira; behinola Agustín Ibarrolak ezin izan zuen hori egin. Omako basoa, Bizkaiko Kortezubi herrian kokatzen dena, osorik egongo da, bertan egon izan diren dokumentatutako multzo artistiko guztiak egongo dira, alegia.

Margotze prozesuan pintura ez kaltegarria erabiltzen ari da, eta artistak erabili zuen pintura mota bera bilatzeko lana ere egin da. Prozesua egileak multzoak islatu zituen modu berean egiten ari da, hau da, multzo bakoitzerako espazio egokienak identifikatzeko lehen lana, espazio eta perspektiba egokiak ikustea, bertan zirriborroak egitea eta, azkenik, horiek eskuz pintatzea.

Prozesu horretan, Bazeta irakasleak zuzendutako lantaldeak Bizkaiko Foru Aldundiak 2015ean egindako inbentario bat ere erabili du, bai eta digitalizazio proiektua ere, multzoak euren neurri eta ezaugarri zehatz guztiekin lekualdatu ahal izateko.

Omako Basoa urrian irekiko da jendearentzat, eta 33 multzo artistiko eta 800 zuhaitz baino gehiago margotuko dira, kilometro bat baino gehiagoko ibilbide artistikoa izango du.

Bigarren faseko pintatzeko prozesua uda amaiera arte egingo da. Prozesua in situ ikusi ahal izango da, aldez aurretik erreserbatuta (94 465 16 57). Ezingo da basora sartu aldez aurretik erreserba egin gabe.

Lehenengo fasean osatutako arte multzoak

Guztira 14 arte multzo margotu dira 2022ko udako hilabeteetan:

Lerro horizontala; Musu gonbidapena; Harreman konkabo konbexua; 57. ekipo gisa; Horizontala, diagonala, bertikala; Bertikaltasuna eta mugimendua; Tximista harrapatuta; Begiak; Gizateriaren martxa; Naielen ostadarra; Basoko animaliak; Mehatxu nuklearra; Motorzaleak, eta Erraldoi gorria.

Bigarren faseko multzo artistikoak

Martxoan hasi eta udako hilabeteetan 19 arte multzo margotuko dira guztira, Omako Basoaren amaierako obra osatzeko.

Bigarren fasean pintatuko diren obrak hauek dira: Malevitxi omenaldia; Zirkulua; Komposizio laranja eta morea; Minimal; Uhim zuria; Marra zurien bihurdura; Dimentsio biko diagonala; Bihurgunea, kontrabihurgunea, Zirkulu irekiak; Cordobako meskita; Haritzari omenaldia; Izenpea; Deia; Koloretako biribilak; Erritmo inguratzaileak; Grekoari omenaldia; Puntillismoa; Erronbo horia, eta Maite zaitut.

Bisita aurrez erreserbatu behar da

Omako Basoa itxita egongo da urrira arte. Une horretara arte, bisita gidatuak sartu ahal izango dira soilik. Horretarako, aldez aurretik, hitzordua eskatu beharko da: 94 465 16 57 telefonoan.

Apirilaren 1etik aurrera, bi bisita antolatuko dira astelehenetik igandera goizez, 10:30ean gazteleraz eta 12: 30ean euskaraz, aurtengo irailera arte antolatuko den pintatzeko prozesua gertutik ezagutzeko.

Diziplina anitzeko lantaldea

Bizkaiko Foru Aldundiaren proiektu honetan diziplina anitzeko lantalde bat osatu da obra egokitzeko eta lekualdatzeko. Taldeko burua Fernando Bazeta da, EHUko irakaslea. Honela dago osatuta lantaldea: bi artista plastiko; zaharberritze arloko hiru aditu; Euskal Arte Garaikideko EHUko espezialista bat; EHUko arkitekto bat eta Xortu enpresako bi arkitekto espezialista; EHUko Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko bi ikasle; eta Basalan foru enpresako basogintzako aditu batzuk. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuaren aholkularitza ere jaso du proiektuak, eta Ibarrola familiaren laguntzarekin garatzen ari da.

Omako basoa inoiz baino fidelago eta osoago

Ikerketa zehatz baten ondorioz, Basoa berrirakurri egin da, eta 800 zuhaitz baino gehiagotan margotutako 33 multzo artistikoz osatutako proiektua izan da emaitza. Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazitako proiektu horrekin eta Fernando Bazetak zuzendutako taldearen lanari esker, kontzeptuzko akatsak eta izenburu ezegokiak zuzendu dira eta multzo bakoitza osatzen duten elementuak zehatz definitzea lortu da, baita haien esanahia ere.

Halaber, margotutako zuhaitz gehiago erantsi zaizkie zenbait multzo artistikori (Begiak, Koloretako biribilak, Erritmo inguratzaileak eta Basoko animaliak), artistak jatorrizko diseinuan eman zizkien neurriekin eta ezaugarriekin, eta jada galduta zeuden beste hiru multzo berreskuratu dira –Kordobako Meskita, Haritzari omenaldia eta Mehatxu nuklearra–. Horrenbestez, Omako Basoko obra bere osoan goza daiteke. Multzo horiek 1989. urtean galdu ziren, lurren jabeek orduan egin zuten mozketaren ondorioz.

Basoa urrian irekiko da, zainduago egongo da eta jasangarria izango da, landaretzaren tratamendua eta aldian aldiko zainketak egokiagoak izango baitira basoaren erritmo biologikorako. Gainera, jatorrizko landaredia errespetatuko da eta haren biotipoari eragin diezaioketen lanak saihestuko dira. Aldi berean, zuhaitzen egoera kontrolatuko da, zuhaitzak banan-banan monitorizatuz, eta segurtasun sistema bat aktibatuko da sua itzaltzeko edo larrialdiei erantzuteko.

Horrez ginera, bisitariek esperientzia atseginagoa izan dezaten, bideak pinu eta altzifre azal birrinduekin sortutako substratu ekologiko baten bidez egokitzen ari dira eta atsedenguneak atonduko dira ibilbidean zehar. Eta bisita are emankorragoa izan dadin, adieraziko da zein lekutan kokatu behar diren bisitariak multzo artistiko bakoitza behar bezala behatzeko.

Basoak konektibitatea edukiko du, eta, horrenbestez, bisitariei artistaren erreferentziak edo lanaren testuinguruari buruzko argibideak helarazteko bitartekoak erabili ahal izango dira.

 


Laburrean

  • Mota Bestelakoa
  • Data 2023(e)ko apirilaren 1(e)tik 2023(e)ko irailaren 30(e)ra
  • LekuaKortezubi
  • ZenbatekoaDoan (izen-ematearekin)

Non

Euskadi, auzolana