Kontu Kantari, Pasaiako solasaldi musikatuak 2024

Pasaia 2024(e)ko apirilaren 21(e)tik 2024(e)ko abenduaren 1(e)ra
  • Kontu Kantari, Pasaiako solasaldi musikatuak 2024

Hilaren 21etik aurrera, eta lau igandez, musikari eskainitako programa berri bat jarriko du abian Pasaiako Udalak: Kontu kantari, Pasaiako solasaldi musikatuak. Aitor Brion Pasaiako Udaleko Kultur zinegotziak ziurtatu du Agintaldi planean jasotako helburuetako bati erantzungo diola horrek: “Diziplina anitzeko kultur eskaintza programatuko genuela agindu genuen, eta horren isla da ekimen hau”.

Programatutakoari buruzko xehetasun gehiago eman ditu: “Dinamika berri honen bidez, azken hamarkadetako euskal musikaren erreferenteetako asko Pasaiara etorriko dira, melomano zaleen eta sortzaileen gozamenerako formatu intimo eta berezi batean”.

Apirilaren 21ean, Olatz eta Iñaki Salvador

Egitarau musikatua Olatz eta Iñaki Salvadorren emanaldiak irekiko du. Apirilaren 21ean, 19:00etan, San Pedroko Udal Aretoan (Erti) eskainiko dute Familia artean emanaldia. Irekiera saio hori “formatu intimo” batean gauzatuko dela aurreratu du zinegotziak. Halaber, zehaztu du lehen kontzertua gainerakoekiko desberdina izango dela: “Iñakik eta Olatzek propio eskatuta, kontzertua bi artisten musika-elkarrizketa biografiko moduko bat izango baita”. Sarrerak hemen.

Maiatzaren 26an, Jurgi Ekiza

Bigarren kontzertua Lapurdi aldetik helduko da Pasaiara. Jurgi Ekiza musikari eta kantariak maiatzaren 26an, 19:00etan, Trintxerpeko Alkateordetzako areto nagusian bere bakarkako proposamena aurkeztuko du: Ekiza zuzenean. “Bakarkako lan horretan bere alderdirik pertsonalena erakutsiko die pasaitarrei agertokian. Lapurtarrak pasioz eta gozotasunez interpretatzen ditu abestiak, instrumentuentzako trebetasun berezia du, ahots pertsonala du eta oso ondo egokitzen da bere abestiek eskatzen dituzten tonu eta erregistroetara”, mintzo da Brion.

Azaroaren 17an, Gari

40 urte baino gehiagoko ibilbidea du Gari ezizenez ezaguna den Iñaki Igon Garitoinandiak. Ziper punk taldean hasi zen, eta hamarkada batez Hertzainak taldean aritu zen, mikrofonoari tinko helduta. Legazpikoak martxan daramatzan lau hamarkadetatik, azken 27 urteak bakarka egin ditu. "Ziur nago bere ikuskizunean ez duela ahaztuko bere iragan musikalari egindako keinuren bat", nabarmendu du Brionek. Gari: Bakarka izeneko emanaldia udazkenean izango da. Zehazki: azaroaren 17an, 18:30ean, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan.

Abenduaren 1ean, Mikel eta Esti Markez

Zikloa abenduaren 1ean bukatuko da, 19:00etan, Antxoko Kultur Etxean. Azken horretan Markez aita-alabak izango dira protagonista, Ibilbidean proposamenarekin. Hala aurkeztu du kultur arloko arduradunak azken saioa: "Aita-alaben musika topaketa honek bi belaunaldiren testigantza ezberdinak oholtza berean entzuteko aukera emango digu, baita bi ikuspuntu ezberdin ere, baina batzuetan bat datozenak euskarazko musikaren egungo egoerari dagokionez".

Amaitzeko, zikloaren gaineko hausnarketa egin du arduradun politikoak: “Kontu Kantari musika zikloaren helburu nagusietako bat da belaunaldi ezberdinen arteko topagune izatea". Sinetsita esan du emanaldiak “arrakastatsuak” izango direla, eta itxaropentsu agertu da etorkizunera begira ere: "Asmoa da datozen urteetan formatu horri jarraipena eman eta kontzertu gehiago programatzea”.

Sarreren salmenta

Lehen kontzerturako sarrerak datorren astelehenean, apirilaren 15ean, 12:00etan jarriko dira salgai bibe.me plataforman.

Sarrerak leihatilan eskuratzeko aukera ere egongo da kontzertuaren egunean bertan.

pasaia.eus

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2024(e)ko apirilaren 21(e)tik 2024(e)ko abenduaren 1(e)ra
  • LekuaPasaia
  • ZenbatekoaDoan

Non