"Barrueta paper gainean"

Bermeo 2023(e)ko apirilaren 1(e)tik 2023(e)ko irailaren 3(e)ra
  • "Barrueta paper gainean"

Bermeoko Arrantzaleen Museoak Benito Barruetari buruzko erakusketa bat izango du: Barrueta paper gainean. Pintore handi hori jaio zenetik 150 urte bete diren honetan, eta 75 urte museoak ateak ireki zituenetik, Benito Barruetaren obra bikaina aldi baterako gehituko zaio erakusketa iraunkorrari, non ikusgai dauden itsas historiaren, bizitzaren, tradizioaren eta ofizioaren zenbait alderdi.

Bermeoko portu zaharraren gainean Ertzilla dorre historikoa dago, Barruetaren jaiolekua bera, zeinaren hormarteak Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoaren aretoak hartu dituen 1948tik.

Barrueta paper gainean erakusketak Arrantzaleen Museoan batzen du artistaren papereko lanen bilduma inportante bat, orain arte erakutsi gabea, marrazketa-teknikan zeukan maisutasunaren erakusgarri. Haren azken etapako zenbait estudio, apunte eta zirriborro hautatu dira: euskarri umiletan eginda daude -batzuetan bi aldeak erabilita-, eta haren emazte Leandra Bilbao Gangoitiak gorde zituen.

Barrueta Arte Elkarteak artistaren lana zaindu du, eta Ertzilla dorreko erakusketa osatzen lagundu. Gainera, erakusketa osatzeko, Bilboko Arte Ederren Museoak Leandra josten pintura laga du, eta Sota familiak Rosalía en París liburua, biek aldi baterako. Gainera, zenbait partikularrek utzitako obrak daude ikusgai erakusketan.

Benito Barrueta (Andone Narváezek prestatutako biografia)

Madrilen hezibide akademikoa hartua, Prado Museoko maisu handien eragin sendoa izan zuen. XX. mendearen hasieran Parisera joan zen, eta, nahiz eta Montmartreko artista abangoardisten bizilaguna izan, Velázquezen jarraitzaile leial bezain obsesiboa izan zen. 1914an Bermeora itzuli zen, eta marrazketa-katedra hartu zuen Nautikako eta Arte eta Lanbideen Eskolan. Nabarmentzeko zale ez izanik, bizi xume batera egokitu zen, garai hartako zirkulu artistiko eta sozialetatik urrun. Erretiro horrek, ordea, intimismo fin batez hornitu zuen haren pintura. Hala, bere ingurune hurkoena proiektatu zuen bere obran, non nagusi ziren barrualdeak, etxeko eszenak, hurbileko pertsonaiak eta paisaiak.

Barrueta senar-emazteen bizitzako gorabeherek markatzen dituzte erakusketako marrazkien gaiak. Espainiako gerra zibilaren hasieran, erbestealdi luze eta mingarri bati ekin zioten -Benitoren filiazio errepublikanoaren ondorioz-, eta, Frantziara joandakoan, ondasun guztiak galdu zituzten. Horrek azaltzen du erakusketako marrazkiak gerraren eta gerraostearen aldikoak izatea. 1938 aldera, senar-emazteek asiloa hartu zuten Saint-Christau bainu-herrian (Oloroetik hurbil). Bermeoko artistak bertan ostatatutako gerrako errefuxiatuak marrazten zituen, zeinak plazan elkartu ohi ziren mugaren beste aldetik iristen ziren albisteen gainean jarduteko. 1940an, Miarritzen bizi izan ziren denboraldi batez. Garai hartakoak dira burges itxurako figurak. 1943an, erbestetik itzuli ziren, eta beste bi urtez lagunen eta senideen laguntzari esker bizi izan ziren. Garai horretakoak dira Durangon egindako marrazkiak eta etxeko hainbat eszena, Otxotegi baserrian eginak, non margolariaren ezkon-familia bizi zen. Eta, azkenik, eszena batzuk Bermeoko Talako Etxetik hurbil, zeina azken bizileku izan zuten senar-emazteek.

Gerra aurreko aldiari dagokion Barrueta marrazkilariaren testigantza gisa, erakusketan ikusgai dauden liburu hauetarako egindako ilustrazioak geratzen zaizkigu: Alejandro de la Sotaren «Rosalía en París» (1922): bere emazte gazteagan inspiratu zen eleberriaren protagonista erretratatzeko. Luis de Sarasolaren «San Francisco de Asís» (1929): bost ilustrazioz hornitu zuen. Ángel Zabalaren «Historia de Bermeo» (1931): Bermeoko bi paisaia eta alegoria bat irudikatu zituen.

Barruetaren bizitzan ezinbesteko lekua izan zuen marrazketak; papera eta arkatza eskuaren luzapen naturalak zituen kasik. Ororen gainetik, giza irudiari ematen dion protagonismoa nabarmentzen da: marraztu zituen eszenak eta pertsonaiak denborari gailenduko zaizkio beti.

Arrantzaleen Museoaren 75 urte

Bizkaiko Foru Aldundiaren Arrantzaleen Museoa bakana da munduko museoen artean, bere osoan dedikatuta baitago euskal arrantzaleen historia, bizitza, tradizioa eta ofizioa alderdi askotatik erakustera. Bere kontakizunaren bidez, ezagutzera ematen ditu haien bizitza eta ekanduak, haien gremio-erakundeak, ontziak eta denboran zehar arrantzarako eta arraina merkaturatzeko denboran zehar erabili  dituzten teknikak.

Jarduera bereziak Arrantzaleen Museoaren 75. urteurrena dela eta

Urteurrena ospatzeko, datozen hilabeteetan museoaren inguruko jarduerak egingo dira:

Urteko hurrengo hilabeteetan, «Gure ondarea ezagutzen: arrantza atzo eta gaur» izenburuko hitzaldi-zikloa eskainiko da, Juan Antonio Apraiz Merkataritza-nabigazioko kapitainak, itsas ikerlariak eta dibulgatzaileak koordinatuta. Guztira zazpi hitzaldi izango dira,  eta haietan, Euskal Herriko arrantzaren inguruko galderei erantzuna eman nahi zaie: Nork? Zer? Norekin? Nola? Zertarako?

Hitzaldien zikloa apirilaren 26an hasiko da, eta itsasoko ondare inmaterialaren gaia landuko da, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondareko Zerbitzuko burua den Alberto Santanaren eskutik.

Hurrengo hilabeteetan (maiatza, ekaina, uztaila, urria, azaroa eta abendua), hainbat gai jorratuko dira, hala nola itsasoko langileak, kofradiak, arrainak, itsasontzien eraikuntza, arrantza-sistemak eta kontserba-industria. Horretarako, arlo eta gai desberdinetako adituek hartuko dute parte. Hitzaldiekin batera, proiekzioak eta  bisitak egingo dira.

75. urteurrenaren programazioa osatzeko, maiatzaren 18an Beñat Gerekaren «Itsasoak pizten gaitu» proiekzioa eskainiko da. Dokumental hori euskaldunek itsasoarekin duten harremanari buruzkoa da. Ekainean, itsasoari buruzko bertsoak eta gastronomia egongo dira.  Uda betean, uztailaren 4, 5, 6 eta 7an, tailerrak izango dira, non museoa bera, dorrea, piezak eta 4 eta 7 urte bitarteko haurrak izango baitira protagonistak.

Jarduera guztietarako erreserba egin behar da arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus helbidera idatziz edo 946881171 zenbakira deituz.

Abuztuaren 18an, 75. urteurrenaren egunean, Bermeon, itsasoa, dantza tradizionala, antzerkia, musika eta historia uztartuko dituen ekitaldi bat egingo da jai-giroan. Itsasoa laino dago, Soinuak Haizean-en ikuskizun bat da, portuetako emakumeen historia gogorrari buruzkoa: sardina-saltzaileak, saregileak, kontserbagileak...

Liburu eta katalogoen argitalpenak, txokolatada eta beste hainbat sorpresa izango dira datozen hilabeteetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Museoaren 75. urteurrena ospatzeko: Arrantzaleen Museoa.

Programazio osoa hemen kontsultatu daiteke : www.bizkaikoa.bizkaia.eus

bizkaia.eus

Laburrean

Non

Euskadi, auzolana