Azken hamarkadetan maila internazionalean izan da eztabaidagai zentsura. Hainbat pentsalarik kritikatu du zentsurari erreparatzeko ikuspegi tradizionala, adierazpen askatasunari kontrajartzen zaiona: ofizialki eta berariaz horretarako sortutako instituzioen errepresio neurri puntualetara, eztabaketara eta jendarte-antolamendu totalitarioetara mugatzen dena. New Censorship Theory delakoaren ikuspegi berritzaileagoaren baitan, zentsura komunikazioaren osagaia da eta, boterearen instituzioei dagokienez, neurri errepresibo ezabatzaileak zentsuraren alderdi txiki eta bistakoena baino ez dira. Bestalde, ezabatu ez ezik, zentsurak produzitu eta are sustatu ere egiten du. Horiek horrela, Nicole Moore-ren hitzetan “zentsuraren alde edo kontra egoteak inork ez daukan askatasun bat asumitzea da. Zentsura bada. Egin daitekeen bakarra da bere eragin errepresibo handiagoaren edo txikiagoaren artean ezberdindu”. Hain zuzen ere, “Euskal letren bonbardaketa” proiektuaren helburua da mendeetan zehar euskarazko letrei, diskurtsoari eta kulturari ezarri zaizkion askotariko traben eta kontrolaren intentsitateari erreparatzeko abagunea sortzea.
Atalak