“Oihal artean” erakusketarekin, gure hirian finkatuta dauden zenbait elkarte afrikarrek hango kultura batzuen zati garrantzitsu bat erakutsi nahi dute: oihalen tradizioa.
Ehun tradizionalak askotarikoak dira, eta ez dira herrialde batera mugatzen, talde etniko bakoitzera baizik —horiek, berriz, mugez gaindikoak izan daitezke—, baina, edonola ere, afrikarrek oso harreman berezia dute oihalokin. Horien lanketa eta erabilera oso errotuta daude kontinenteko kultura ezberdinetan. Erakusketa honen bidez jatorrizko komunitateetan eskuz egindako oihalen lagin bat ezagutarazi nahi da.
2023an zehar, erakusketa hiriko zenbait gizarte etxetan jarriko da, eta elkarte afrikarrek Gasteizko afrikar komunitateari laguntzeko eta, aldi berean, Afrikako kulturaren zati bat gainerako bizilagunei hurbiltzeko egunero egiten duten lanaren berri emango du.