2023ko maiatzaren 16etik uztailaren 9ra
Serra 2019ko azaroan hil zen, eta amaitu gabe utzi zuen Multiverso Bekara aurkeztutako proiektua. Argiaren bilaketa eta sufi persiar poesiarekiko harremana zen lan haren muina. Azkenik, artistak berak izendatutako talde batek osatu zuen lana, hark grabatutako materialean oinarrituta eta aurregidoitik abiatuta. Lanaren soinuaren eta alderdi bisualaren muntaketa sekuentzia bloketan gauzatu zen, bideoinstalazio baten antzera.
Toni Serra (Abu Ali) (Manresa, 1960 - Bartzelona/Barcelona, 2019)
Toni Serrak Artearen Historia ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitatean eta bideoa eta argazkilaritza ikasi zituen New Yorken, 1990eko hamarraldian. 2002an Abu Ali izena erabiltzen hasi zen bere lanak sinatzeko. Bideoak barne esperientziaren eta errealaren eta irrealaren, loaldiaren eta esnaldiaren artean dabiltzan irudipenen arteko harremana landu zuen, amaierak eta mugak ezabatzen dituen bidaia bat balitz bezala. Hil ondorengo lan honen izenburua artistak berak Irani buruz jarduteko asmatutako hitza da, farsiz Aseman edo “zeruen lurra”.
Multiverso
2018tik, museoak eta BBVA Fundazioak, elkarlan bidez, Bideoartea sortzeko MULTIVERSO Beken deialdia egiten dute. Beka horiek ikus-entzunezkoen ekoizpen artistikoa sustatzen dute Espainian, baita haren zabalkundea ere, zenbait programa publikoren bitartez.
Arte garaikideari laguntzeko programa bateratu horren barruan, museoak aurkeztu egingo ditu 2018ko deialdian emandako laguntzen ondorioz sortutako arte lanetako batzuk, gehienak argitaragabeak. Erakusketaren programan Antoni Abad, Toni Serra (Abu Ali), Mabel Palacín, Nadia Hotait, Manu Arregui eta Pedro G. Romeroren lanak daude. Belaunaldi eta orientabide desberdinetako artista horiek, mugitzen diren irudiak sorkuntza eta ikerketarako tresna modura erabiliz, gaur egungo bideogintzarenganako hurbilpena dakarkigute.