"Bartzelona-Sevilla 1929. Fournier 1929ko erakusketetak"

Vitoria-Gasteiz 2023(e)ko maiatzaren 18(e)tik 2023(e)ko urriaren 29(e)ra
  • "Bartzelona-Sevilla 1929. Fournier 1929ko erakusketetak"

 Datorren urriaren 29ra arte, Arabako BIBAT – Fournier Karta Museoko aldi baterako erakusketa-aretoan, "Bartzelona-Sevilla 1929. Fournier 1929ko erakusketetan" egongo da ikusgai. Erakusketa horrek aukera emango du Museoko bildumaren zati esanguratsu bat ikusteko, 1916an Heraclio Fournier hil eta hurrengo faseko Fournier enpresaren ekoizpenari dagokiona hain zuzen.

Inmaculada Sánchez Kultura Saileko foru zuzendariak eta Edurne Martín museoen eta arkeologiaren zerbitzuko teknikaria aurkeztu dute gaur.

Heraclio Forunier hil ondoren, Nieves Partearroyo alargunak eta Félix Alfaro bilobak bere gain hartu zuten enpresaren ardura. Hark 1916 eta 1933 bitartean "Viuda e Hijos de Heraclio Fournier" izan zuen izena. Aldi horretan, are gehiago dibertsifikatu ziren Gasteizko karta-fabrikak egindako karta-sorten motak eta diseinuak, eta haietako asko ikusgai ipini ziren 1929an Sevillan eta Bartzelonan egin ziren erakusketetan.

Bai Sevillako Erakusketa Iberoamerikarra, bai Bartzelonako Nazioarteko Erakusketa, 1929 eta 1930 bitartean, Fournierrentzako erakusleiho izan ziren. Izan ere, erakusketa horietaz baliatu zen Espainian eta nazioartean bere burua are gehiago ezagutarazteko, beste herrialde batzuetatik ere etorri baitziren erakusketa haietara beren produktuak erakustera, eta erakunde eta merkataritza-ordezkariekin.

Tokiko, nazioko edo nazioarteko erakusketak aukera bat dira ekoizleak eta merkatuko berrikuntzak ezagutzera emateko baina, halaber, baliagarriak izan dira eta baliagarriak dira garapen teknologikoa eta lurralde bakoitzeko ekonomia eta turismo baliabideak erakusteko. Hala gertatu zen 1929an ere.

Adibidez, Fournier enpresa, beste sektore batzuetako ekoizleekin batera, Sevillara joan zen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien eta Merkataritza Ganberen bultzadari esker. Euskal Herriaren erakunde eta merkatari ordezkaritza horrek garai hartako enpresa aktiboenei aukera eman zien lurralde bakoitzean gertatzen ari zena erakusteko, baina erakundeentzat ere aukera bat izan zen beren ekonomia ahalbideak, kultura eta turismo baliabideak ezagutarazteko, XX. mendearen lehenengo laurdenean jada zeresana ematen baitzuen turismoak. 

Erakundeek laguntza eman zuten bi pabiloi eraikitzeko, zeinetan enpresa horien ekoizpena ikusgai ipini baitzen, baina orobat pinturak, eskulturak eta beste arte lan batzuk erakutsi ziren, baita datu estatistiko eta ekonomikoak ere, Aldundiek nahiz hiru probintzia hiriburuetako udalek eta aurrezki kutxek eskainiak.

Hala, Euskal Herriaren industria pabiloian, Fournierren kartekin batera, ardoak, likoreak, nekazaritzako makinak, erlojuak, kanpaiak eta Arabako industrietatik ateratako beste produktu batzuk ikusi ahal izan ziren Sevillan.

Aldundien pabiloia hainbat eskulturaz, armarriz eta Estibalizko eta Armentiko erliebeen eta Ayalatarren Kexaako hilobiaren maketa batzuekin apaindu zen, bai eta beste monumentu batzuen argazkiekin ere. Pinturak jarri ziren ikusgai: Alava jeneralaren, Benigno Mateo de Morazaren eta Hortuño de Aguirre Montehermosoko markesaren erretratuak, eta Arabako Foru Aldundiaren jauregiko fatxadak eta Mauro Ortiz de Urbinaren hainbat paisaia agertzen zituzten beste margolan batzuk. Arabaren historiarekin lotura duten zenbait dokumentu ere ikusi ahal izan ziren, hala nola Arabaren "Voluntaria Entrega"ren akta, edo "Enrike IV.a Erregeak probintziari emaniko ordenantza eta legeak".

Sevillako Erakusketa Iberoamerikarrean agertzeaz gainera, Fournierrek Bartzelonako Nazioarteko Erakusketan ere parte hartu zuen, urte berean. Bi egoitza horietara, karta-fabrikak bere produktuen erakusgarri ederra eraman zuen, bai eta kartagintzan (inprimaketa-prozesuetan) erabiltzen hasten ari ziren berrikuntza tekniko batzuk ere, kartei kolore gehiago eta kalitate handiagoa ematen zietenak. Horren adibide Karta-sorta Iberoamerikarra izan zen, bi erakusketa haietan berritasun bezala aurkeztu zuena, eta orain aurkezten den erakusketan ere oso presente dagoena.

Erakusketa honetan, halaber, ikusi ahal izango dugu Fournierrek bere kartetan diseinuari eman izan dion balioa eta ardura, plantillan artistak edukiz, edo enkarguz, bere karta-sortak egiteko, bai eta norberaren standak eta erakustokiak diseinatzeko eta horiek bere produktuak sustatzeko dekorazio erakargarriaz hornitzeko ere.

Erakusketa hau prestatzeko, Fournier Karta Museoaren beraren funtsez baliatzeaz gainera, datu interesgarriak bildu dira zenbait artxibotan, bereziki Arabako Lurralde Historikoko Artxiboko (Arabako Artxiboko) Juan Alfaro Funtsean eta Vitoria-Gasteizko Pilar Arostegui Udal Artxiboan. Nabarmentzekoak dira Enrique Guinearen argazkiak, Sevillako erakusketaz erreportaje zabala egin baitzuen. Eta eskerrak eman behar dizkiogu oraingo enpresari (Naipes Heraclio Fournier SA) etengabe prest egoteagatik, dokumentu batzuk eskuratzeko bidea eman baitu.

Azkenik, adierazi behar da erakusketaren produkzioan (Paula Ortiz de Lunak diseinatuta eta Iñigo de la Iglesiak eginda) saiatu direla modulu museografikoetan material jasangarriak eta birziklagarriak erabiltzen, baita geroko erakusketetan berrerabil daitezkeenak ere. Pretentsio handirik gabe, adibide hau museoen mundutik Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Ekintzei eta Helburuei egindako ekarpen txiki bat izatea da asmoa, Museoen Nazioarteko Egunaren aurtengo goiburuarekin bat etorriz: "Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea".

Testuinguru horretan, Museoen Foru Sareak bost jarduera programatu ditu egun horretarako, bi erakusketa, bi hitzaldi eta sari banaketa bat.

  • Maiatzak 18, 19:00. Hitzaldia: “Cazadores de meteoritos”. José Vicente Casado. Ignacio Aldekoa Kultura Etxea.

  • Maiatzak 19, 10:30. "Biodibertsitatea. Arabako Natura Zientzien Museoaren erakusketa iraunkorreko ornogabeen sektorea birmoldatzea" erakusketaren inaugurazioa. Arabako Natura Zientzien Museoa. 

  • Maiatzak 20, 11:00. "Nire artelan gogokoena" haurrentzako 9. marrazki lehiaketako sariak banatzea (Alavesiak antolatua) Bibat Museoa  

  • Maiatzak 20, 12:00. Hitzaldia: “Ocurrencias. Homenaje a Paz Espada. La acuarela en el arte actual”. Justo San Felices.

Hitzaldien sarrera doan izango da, tokiak bete arte


Laburrean

Non

Euskadi, auzolana