Danteren testuek mota guztietako artistengan eragin eta inspiratu dute azken 700 urteotan: margolariengan, eskultoreengan, poetengan, musikariengan. Hori dela eta, erakusketa honetan ikusgai dauden lanak ez ezik, poeten, musikarien eta zinema forumaren emanaldiak ere izango dira.
Komisarioa: Massimiliano Tonelli
ARTISTAK
Ditxosozko COVID-19ak eragindako pandemiaren ondorioz, mundu osoa eten egin zen. Horrek, ondorioak utzi zituen, eta, noski, baita aldaketak sortu ere. Erakusketa hau, esaterako, behin-behinean eten behar izan genuen. 2023 honetan, berriz ere jarri da martxan. Galduta banengo bezala sentitzen nintzen, Dante egon zen gisan, bizi aldiaren erdian. Edo, bizi aldian bainoago, artean galduta nengoen. Zalantzak asko ziren, eta galderak ez gutxi: Zentzua izango al du zidor zuzena hartzeak? Zergatik jarraitu beharko nuke proiektuarekin? ... Azkenean, pentsamenduaren hausnarrak utzi, eta egunsenti urrunari begiratu nion, zeinak nekatua baitzirudien, hark ere bere buruari galdetuko balio bezala zergatik jarraitu zorigaitzeko Prometeo honekin, eta, hala ere, argia jartzean, nire kolore difuminatuen bidez, loriatsu nabaritzen dut, gozamen betean, hauxe esango balu bezala: ... Zein handia den Jainkoaren arima eguneko lehen orduan ernatzean! Eta zein zoragarria haren alaba, natura! ... Eta proiektuaren nondik norakoak pentsatzen ari nintzela, oraindik nagia eta are amorrua gainditu ez duen boxeolari baten antzera altxatu eta mahaia aurrean nituen apunte eta zirriborroei begira, berehala konturatu nintzen Divina Commedia artistiko honek ikusleei bere kantuak esan, abestu eta erakutsi behar zizkiela. Eta, hala, ia magikoki agertu ziren ideiak, eguzkipean dauden lore-begien antzera zabaltzen, lore protagonistak bezala loratzen eta beren komedia partikularra errezitatzen. Horregatik, nire inspirazio-eserlekuan jesarrita, nire Levono-a aurrean, alegia-asmatzaile edo orkestragile baten gisan, edo, are hobeto, poeta baten antzera, berriz moztu, konposatu, eraiki, aldatu eta idatzi nuen abandonatua nuen proiektua... gutxika-gutxika gozamenez betetzen ninduena, bere Berpizkundea ikustean! Eta horregatik, horregatik bakarrik, esparruaren zuzendariarekin hitz egin nuenean (Durangoko Arte eta Historia Museoko zuzendariarekin), nire proiektua ez zen soilik berriz loratutako prozesu bat, ezpada errealitate zoragarri bat. Horregatik aitortu behar dizuet bi aliatu oso indartsu izan nituela: ...-liburu batzuk izan ziren, Joyceren «Ulises» eta Pasoliniren «Divina Mimesis»-; bata bidaia-liburu baten antzekoa zen, eta bestea proiektuaren sintesi intelektuala. Eta hemen nago, nire proiektua sortuta eta nire itzala parean, horma zurian silueta abstraktu bat margotzen, Artearen mundu sakon eta hain xarmagarri horretara naramala. Egiari zor, ez da lehen aldia era honetako erakusketa bat esku artean dudana. Hain urrun geratzen den 1996 hartatik -«El jardín inquieto»- 2019an Santanderren egindako azken aurrekora -«Retrato y Etopeya»- hainbat eta hainbat pasatu dira. Eta dena bizia hartzen hasten da, dena eraldatzen da «Overture» bikain batean bezala, eta dagoeneko Divina Commedia berezi honen parte bihurtua naiz. Txalupa batean ari naiz nabigatzen Flegetonte ibaian, Karon txalupariarekin eta nire gida-laguntzailearekin: Pasolini poetarekin.
Eta, gaur egungo munduan (zeina gorrotagarri baitzait), azkenean nire aurrean agertzen ikusten ditut protagonistak:
Magdalena Albendea (pintura) Bere argia eta bere abstrakzioa leherketa baten baitan dabiltza jira-biraka, zurrunbilo betean, zirkulu lizunetara naramatelarik, kantuok xuxurlatuz: Amor ch’ha nullo amato... (Maitasunak maitatuari bultza egiten baitio...)
Milo Bianca (grabatua) Eskegita ezin ederrago dago poetaren bihotza, Infernuaren arteko bidaiaren menpe, argi zuri eta zatar batek harrapatuta...
José Cobo (eskultura) Dantek eta artistak bezala, ikusleak galdera bat egingo dio bere buruari bere arima ikustean: Chi eri (nor zara). Hadeserako bidean, zalantzak beti zaramatza bekatura...
María Jesús Cueto (instalazioa) Zeruaren amaieran gaude, Paradisutik gertu. Planetek inguratzen gaituzte, argiak itzalen eszenografia sortzen du, eta arimak gure barrualdea garbitzen du...
Teresa Cháfer (eskultura) Efimeroak bizia hartzen du, eta fikzioa une oro zalantza poetikoaren pean dagoen errealitatea da...
Juan Díaz (pintura) Bere bekatuagatik eroritako apostolua itsutu egin du bere argiak, eta arte poetikoak autoerretratu piktoriko bihurtu du metamorfosi batean...
Carlo Lauricella (instalazioa) Hitzak gardenak dira, poesia Hadesetik nabigatzen duen arimatik sortzen da, urrutiko zerumugan Ulises bere bekatuei begira dago, eta artea da benetako egilea...
Alberto Muñoz (collage) Irudiak kantuekin uztartzen dira eta, trukearen pean (Rebus), helmuga garden eta ilunetik beren arima askatzen dute itzalean...
Giusi Naletto (teknika mistoa) Mendi handiaren amaieran gaude, eta urrutian ikusten den argia hurbiltzen ari da. Zein handia den poesia! ...
Natividad Navalón (kontzeptuala) Denak hartzen du bere dimentsio egokia, baina zalantzak beti islatzen du bizitzaren errealitate jakin bat...
Arianna Oddo (instalazioa) Eta beragandik ahotsa baino ez zen geratu, baina argiaren erdian arima bat hurbiltzen da eta, argi zuriaren pean, kantua errezitatzen du: Io non so ben ridir com’i’ v’intrai (Ziur ezin dezaket gaur erasan han zelan sartu nintzen)...
Gloria Pereda (pintura) Lasciate ogni peranza voi ch’entrate (Zuek, hona zatozenok, utz hemen itxaropen oro) Hala ere, Jainkoak beti ematen digu eskailera bat gure arima bertutera askatzeko, bekatua garbituz... Aurpegiak beti ezkutatzen dio ispiluari bere nortasuna, arima batzuetan itzalaren hiltzaile baita, Dorian Gray bezala...
José María Pinto (pintura) Kolore gorriko zeruan doa gizonaren xedea su sendatzaile eta garbitzailera, mina eta izua, biak eternitatera arte...
Chema Prieto (argazkia) Heriotzak, bere etorrerarekin, ez du harrapatzen, sexua eta lizunkeria gorabehera; hala ere, beti aurkitzen du salbazio-hats bat edertasuna antzematen dakigunean...
Josu Rekalde (bideoartea) Infernuan baso bat dago, eta basoan gizakiak daude, noraezean dauden arimak, fantasmak, baina beti dirau betiereko salbazioaren itxaropenak, alkimia hutsa...
Daniel Tejero eta Raquel Barrionuevo Pérez (instalazioa) Edenetik, bekatuak sura garamatzala jakitun, bidaiak merezi izan du gure arimak askatzeko eta poetarekin argiaren kantuak abesteko...
Massimiliano Tonelli (instalazio-performancea) Guztiaren eraikitzailea eta alegia-asmatzailea, baina txalupan sartua, sutik Pasoliniren bertsoa sortuz, itzal ilunen sarean askatzen da: On The Road...
María José Zanón (eskultura) Kolorea formaren menpe dago, eta horrek, kantu-joko batean, omenaldi egiten dio poetaren bidaiari...
Nire mahaitik altxatu nintzenerako, guztiz ez-jakin, gaua zen; orduan ulertu nuen poeta, eta orduan ulertu poesiaren balio justua: Ongi etorri Divina Commedia honen bidaiara...!
Massimiliano Tonelli
(Erakusketa honen komisarioa)