Zea Mays talde bizkaitarrak jasoko du 2023ko Adarra Saria, Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak banatzen duten hamargarrena, hain zuzen ere. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du saria eta segidan kontzertua eskainiko du. Kontzerturako sarrerak datorren astelehenean, maiatzak 15, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean.
Halaxe erabaki dute Juan González Andrés kazetariak, Sara Zozaya musikariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordeak.
Zea Maysek ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du kolaboratzaile talde zabalaz lagunduta.
Kontzerturako sarrerak datorren astelehenean, maiatzak 15, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, 25 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.