"Decrecer" izenburuarekin, Bene Bergado eskultoreak Azkuna Zentroko Erakusketa Aretorako landu duen erakusketa-proiektu espezifiko bat aurkeztuko du.
Artistak "Decrecer" (ez hazi) infinitiboa proposatzen du, egungo gizartean, erregai fosilek eragindako ekoizpenaren eta kontsumoaren hazkunde esponentzial eta mugagabearen aurrean. Ekintzarako aldarri horrek zeharkatzen du Juan Luis Moraza artistak komisariatutako erakusketa. "Desazkundea saihestezina izango da, dela aukera gisa, dela ezinbestez datorkigun kolapsoaren ondorioz", ohartarazi du artistak.
Erakusketako instalazioak eta eskulturak hizketan ari dira desazelerazio baten beharrarekin, mugaren kontzientziaren bidez, energia gutxi eta bizi-aldaketa ezinbestekoak izango dituen etorkizun hurbilera egokitzeko.
Komisarioak zehazten duenez, kode eta sistema desberdinak egituratzen dituen diagrama handi gisa, "Decrecer" erakusketak agerian jartzen du artearen eta aztertzen duenaren arteko tentsio dinamikoa: prozesu artistikoen eta gairik esplizituenen artekoa.
Hala, nabarmentzekoak dira instalazio hauek: “Tierra quemada” (Lur errea), lau zati egindako dorre elektriko bat, babesleku edo habitat bihurtua; eta “Generador” (Sorgailua), "1990eko hamarkadatik gaur egun arte artistak egindako obren biltegia pilaketa gisa eratua, obra baten intentsitatea sortzen duen bateria gisa jarduten duena, obra horren aberastasunak eta konplexutasunak benetakoaren kontzientzia izatera behartzen baikaitu", zehaztu du komisarioak.