2023ko uztailaren 18tik irailaren 17ra
Lan hau ibilgailu autonomoaren prototipo baten kamera sistemarekin egin zen; ibilgailuaren softwareak sentsoreak eta irudiak prozesatzen ditu eta gidaririk gabe ibiltzeko aukera ematen dio. Kamerak eta automobilak gure kulturaren funtsezko teknologiak izanik, gaitasuna dute kontakizun filmikoak sortzeko eta eguneroko ingurune bisualean eragiteko. Automobilaren adimen artifizialeko sistemak pertsonaiak eta objektuak identifikatzen ditu, eta modu grafikoan daude irudikatuta bideoan.
Mabel Palacín (Bartzelona/Barcelona, 1965)
Palacínek Bartzelonako Unibertsitatean ikasi zuen, eta 1980ko hamarraldiaren amaieran ekin zion bere lanari, argazkilaritzaren, bideoaren eta instalazioaren esparruetan. New Yorken eta Amsterdamen bizi izan da, eta gaur egun Bartzelona eta Milan artean egiten du lan. Irudiarekin dugun harremana eta irudiek errealitatearentzat egiten duten bitartekaritza dira haren lanaren funtsa.
Multiverso
2018tik, museoak eta BBVA Fundazioak, elkarlan bidez, Bideoartea sortzeko MULTIVERSO Beken deialdia egiten dute. Beka horiek ikus-entzunezkoen ekoizpen artistikoa sustatzen dute Espainian, baita haren zabalkundea ere, zenbait programa publikoren bitartez.
Arte garaikideari laguntzeko programa bateratu horren barruan, museoak aurkeztu egingo ditu 2018ko deialdian emandako laguntzen ondorioz sortutako arte lanetako batzuk, gehienak argitaragabeak. Erakusketaren programan Antoni Abad, Toni Serra (Abu Ali), Mabel Palacín, Nadia Hotait, Manu Arregui eta Pedro G. Romeroren lanak daude. Belaunaldi eta orientabide desberdinetako artista horiek, mugitzen diren irudiak sorkuntza eta ikerketarako tresna modura erabiliz, gaur egungo bideogintzarenganako hurbilpena dakarkigute.