Zortzi egunez, herria umorez, alaitasunez eta jai-giro osasuntsuaz beteko da berriro ere, abuztuaren 15etik 17ra eta 23tik 27ra bitartean gustu eta adin guztietarako jarduera ugari bilduko dituen programarekin.
Musika-eskaintzak duen garrantziaz jabetuta eta programazioaren funtsezko parte dela jakinda, Laudioko Udalak, jaietako lantaldearekin batera, gustu eta jende guztiarentzako doako musika-jardueren kartel zabala diseinatu du herriko hiru agertokitan: Herriko Plazan, Alberto Aceron eta Hiru Gurutze aparkalekuan. Atzoko eta gaurko musika jasoko duten askotariko kontzertuak dira.
Hala, musika-emanaldien artean, hauek nabarmentzen dira: El Consorcio eta King Afrika (abuztuak 15), Gatibu (abuztuak 16), En Tol Sarmiento eta Los 5 bilbainos (abuztuak 17), Mojinos Escozíos eta Golden Apple Quartet (abuztuak 23), Mariachis los tenampas eta Ptazeta (abuztuak 24), Sorotan Bele San Roque Musika Taldearekin eta Rosario Flores (abuztuak 25), La Misión Orkestra eta Hika Dantza Taldea (abuztuak 26), eta Puro Relajo (abuztuak 27).
GUSTU ETA ADIN GUZTIETARAKO JARDUERAK
Aurten jaiak abuztuaren 15etik 17ra eta 23tik 27ra ospatuko dira. Bertan, txikiek eta nagusiek haur parkeez, fandango eta arin-arin lehiaketa klasikoez, musika onenaz eta kale antzerkiaz gozatu ahal izango dute, baita Don Terencio eta Doña Tomasa erraldoiekin dantzatu ere. Herrian oso errotuta dauden buruhandiak ere jai guztietan arituko dira, baita bigantxak ere.
Jarduera herrikoiek ere protagonismo berezia izango dute jaietan. 25ean Baserritarraren Eguna ospatuko da eta hurrengo egunean odolki ospetsuek beren usaina zabalduko dute Laudioko kaleetan zehar. Herri kirolak, espezialitate ezberdinetako lehiaketa gastronomikoak eta txapelketa tradizionalak ere ez dira faltako.
ZAZPI KUADRILLA BERRI
Laudioko kuadrillek euren ohiko jai-ekitaldiekin jarraituko dute, hala nola kalejira klasikoekin edo abuztuaren 24an, ostegunean, egingo duten bazkari klasikoarekin. Gainera, aurten beste zazpi kuadrilla gehitu dira. “Iazko jaien arrakastaren ondoren aurten zenbait berrikuntza etorriko dira sortu diren kuadrilla berrien eskutik. Jaietan hainbat ekintza antolatzeko gogoz datoz, ekitaldi guztietan parte hartzeaz gain. Laudioko kuadrillentzat, gaur egun aktibo jarraitzen dutenentzat eta jaietan arrastoa utzi duten beste batzuentzat, jaien aurretik argituko dugun sorpresa txiki bat ere gordeko dugu”, zinegotziak nabarmendu duenez.
Herriko taldeak beren aldetik, Sanrokeetako protagonista izango dira, berriro ere.
ROKETXUREN ERRETZEA
Roketxu ere ekitaldietan izango da berriro ere. Izan ere, eta azken urteetako ohiturari jarraituz, su artean amaiera emango die Laudioko jaietako zortzi egunei. Baina hori bai, 2024ko abuztuan berriro berpizteko promesarekin. Izan ere, aurten Laudioko Udalak Roketxuren molde bat egin du urtez urte haren esentziari eusteko.
2023KO SANROKEETAKO KARTEL LEHIAKETA
Datozen asteetan Laudioko Udalak herriko jaietarako kartel lehiaketa jarriko du martxan eta oinarriak Udalaren webgunean argitaratuko ditu. Udalaren ohiko kanalen bidez emango zaie informazioa herritarrei.