Expodistrito, Bilboko Udalak antolatutako aldi baterako erakusketak urtarrilaren 10ean ekingo dio berriz ere, argazkigintza, pintura eta marketeria proposamenak biltzen dituen edizio berri batekin.
Beste batzuetan egin den bezala, Bilboko auzoetako Udaltegiek hartuko dituzte Expodistrito jarduera osatzen duten erakusketak. San Inazio - Ibarrekolanda, Castaños, Otxarkoaga, Begoña, Santutxu, San Frantzisko, La Bolsa, Abando eta Errekalde udaltegietan ikusi ahal izango dira.
Hilabete hauetan hurrengo artisten erakusketak egongo dira ikusgai: Asun Martínez Ezketa; Juan Armentia; Jose Vázquez, Maria Carmen Vázquez Varela; Iñaki Ortiz Viota; Felisa Urraca eta Josune Aranguren Zatika. Horrez gain, Bizitegi elkarteak antolatutako argazki-lehiaketara aurkeztu diren lanen erakusketa bat egingo da eta baita José Luis Ágredaren Robot Dreams filmaren prozesu artistikoari buruzko esposizio bat ere.
Jarduera hauek apirilaren 11ra arte doan gozatu ahal izango dira bai goizez, bai arratsaldez.
Programa osoa hemen kontsultatu daiteke: kulturabarrutik.eus.
Egitasmoak diarduen bitartean, aipatzekoa da artista batzuk eskainiko dituzten bisita gidatuak ere, haien lanak jendearengana hurbiltzeko eta hauen prozesuen xehetaxunak partekatzeko helburua dituztenak, alegia.
ERAKUSKETAK, ESPAZIOAK ETA DATAK
ROBOT DREAMS. AMETS BAT MARRAZTEN
Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, FANT BIlbaok, 30. urteurrenean, ROBOT DREAMS filmaren sorkuntza-prozesuari eskainitako erakusketa bat, filmaren arte-zuzendari José Luis Ágreda sevillarrak komisariatua; ibilbide bat Pablo Bergerrek zuzendutako eta Sara Varon ilustratzaile iparramerikarraren nobela grafiko homonimoan inspiratutako animazioko harribitxi honen sorkuntza-faseetan zehar.
Zinemako animazioaren eta, bereziki, Robot Dreams filmaren mundu liluragarriaren zirrikituak ezagutzera emateko erakusketa bat.
Bisita gidatua José Luis Ágredarekin, urtarrilaren 10ean, 20:30etan, La Bolsa Udaltegian
ASUN MARTÍNEZ EZKETA. INDIA ANDRE-IZANA DA. FUNDACIÓN VICENTE FERRER
Argazkigintza
“Argazki proiektu hau Anantapurren egindako egonaldiaren emaitza da. Andreen aldeko omenaldia izatea du helburu, euren buruak ahaldundu eta munduan dagokien tokia betetzeko borrokatzen diren andreen aldeko omenaldia. Zortea eta pribilegioa da emakume horiek ezagutu izana, argazkiak atera ahal izatea. Eta haiekin aldatu”.
JUAN ARMENTIA. TOKIO. ASFALTOA ETA PODIUMA
Argazkigintza
Zuri-beltzeko eta koloreetako argazki-erakusketa. Argazkiok kirol paraolinpikoa eta Tokioko kaleak erakusten dituzte 2020+1eko Jokoetan, pandemia garaiko egoera zailean.
Bisita Gidatua Juan Armentiarekin, urtarrilaren 16an, 19:00etan, Abandoko Udaltegian
JOSÉ VÁZQUEZ, MARÍA CARMEN VÁZQUEZ VARELA. BILBO BI ERLIEBETAN
Olio-pintura eta marketeria
“Aita-alaba bi gara, sortzearen atsegina betidanik konpartitu dugunak. Nire aitaren pasioa zura da. 88 urte dituela, baserrien, ermiten, elizen eta Bizkaia Zubiaren maketak egiten jarraitzen du. Nire aldetik, pinturak bizi nau. Bizkaiko paisaiak, lekuak eta txokoak margotzea gustatzen zait, bereziki Bilbokoak”.
IÑAKI ORTIZ VIOTA. GURE EGUNEROKO ARGIA
Margoa
Iñaki Ortiz “Orviot” margolari bilbotarrak bere azken obrak aurkezten dizkigu, margo akrilikoz eginak. Haietan, kolore-orbainak dira protagonista, behatzailearen begiradan konbinatuz eta kode esanguratsuak eratuz, zeintzuetan espazioa eta sakontasuna erakusten dizkigun argia islatuta ikusten baitugu. Bere estilo inpresionista espresiboarekin eta pintzelada intentsuarekin, eguneroko eta gertuko paisaiak, naturalak eta urbanoak, definitzen ditu. Harrapatutako momentuaren berezitasunaren argi apartekoa antzematen du.
BIZITEGI. KAMERA MARTXAN TRATU ONAREN ALDE
Argazkigintza
Lan hau zenbait ikastetxe eta unibertsitatetako ikasleek egindako argazki-lehiaketa baten barruan kokatzen da. Erakusketa genero-berdintasunari buruzkoa eta indarkeria matxisten kontrako borrokari buruzkoa da. Aurretik, Zenbatu antzerki komunitarioko taldeak antzeztutako “¿Quién manda aquí?” izeneko antzezlana.
FELISA URRACA. NATURA BIZIA
Margoa
Artista honen obrak erakusten digun bildumak elkarreragin sakona dauka naturarekin eta haren elementuekin. Alde espirituala, indarra, kolorea eta poesia batzen ditu, sormen handiz. Elementu natural eta bizigabeen joko bat erakusten du, eta egileak bizia ematen die.
JOSUNE ARANGUREN ZATIKA
TESTU ETA MARGOLANAK - EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIA SINBOLIKOAK
Bizipen eta gogoeta pertsonaletan oinarrituta, Josunek loturak ezartzen ditu bere testu eta margolanen artean, emakumeek hainbat esparru eta egoeratan jasaten ditugun indarkeria sinbolikoak ilustratuz: lanean, amatasunean, gorputz ez-arauemaile bat izatean, lehiakortasun-eredu baten inposaketapean… eta abar.
Bisita gidatua Josune Arangurenekin, martxoaren 7an 18:00etan, Abandoko Udaltegian
LA REBELIÓN DEL ÁNGEL. BLAS DE OTEROREN BIZITZA ETA POESIA
Marrazkiak eta testuak
Blas de Otero Fundazioak eskatuta, Pablo Gallo artistak egin dituen 62 marrazki originalen bidez, poeta bilbotar handiaren bizi- eta literatura-ibilbidea jarraitzen du erakusketak. José Fernández de la Sotak idatzitako gidoiarekin, “gehiengo handiari” mintzo zitzaion poetaren espirituarengana hurbilduko gara.
Bisita gidatua José Fernández de la Sotarekin apirilaren 2an 19:00etan, Abandoko Udaltegian
EXPODISTRITO
EXPODISTRITO programa Bilboko Udaleko Kultura Arloaren ekimen bat da, eta Bilboko arte-adierazpenak deszentralizatu eta artista berrien lana jendaurrean aurkezteko helburua dauka. Ohikoa den bezala, erakusketak txandakatuz joango dira, eta horietako bakoitzaren data zehatzak kontsultatu ahal izango dira Udan Zentroetan bertan, kultur programazioa jasotzen duen webgunean (www.kulturabarrutik.eus) eta 010 telefonoan.