Beltza Weekend 2023: The Titanians

Pamplona/Iruña 2023(e)ko Irailak 7
  • Beltza Weekend 2023: The Titanians

Beltza Weekend 2023 jaialdiaren egitarauaren barruan.

Beltza Weekend jaialdiak bosgarren edizioa beteko du aurten, irailaren 7,8 eta 9an. Horregatik, kartel oso berezia prestatzen saiatu gara. Lortu dugun edo ez, publikoak esango du, baina Eli ‘Paperboy' Reed estatubatuarra eta J.P. Bimeni Burundiko abeslaria izango ditugu kartelburu. Soul eta R&B-aren bi luminaria dira, eta beren gaztetasunagatik, ahots handiengatik, presentzia eszenikoagatik, estiloagatik eta egiten dituzten konposizioengatik nabarmentzen dira.

Horiekin batera, The Ready Mades Parisko beat&soul taldea eta The Four Breakers, soul elektrikoa jorratzen duen Santanderko laukotea arituko dira, biak ala biak Iruñean lehen aldiz arituko direnak, hain zuzen ere.

Aipatutako lau talde hauek Zentral aretoan irailaren 8an, ostirala, eta 9an, larunbata, egingo diren kontzertuetako protagonistak izango dira. 

Gainera, beti bezala, doako bi kontzertu izango ditugu aurten ere. Hasteko, The Titanians Iruñeko taldea izango dugu Rockcollection aretoan, hilaren 7an, ostegunarekin. Oktanaje altuko roots-reggaea zabalduko du. Aurtengo lehen kontzertua izanen da. Bigarrenik, Akatz talde bilbotarra arituko da, ska eta reggae doinuak ekarriko dituena, zuzeneko fidagarri, dibertigarri eta koipeztatu batekin, hilaren 9an, Zaldi Zurian egingo den eguerdiko bermu saioan.

 

The Titanians (Roots reggae, Iruña)

 

The Titanians Iruñeko roots reggae taldea dugu, duela hamar urte baino gehiago sortua. Denbora guzti honetan, Jamaikako kultur eszenari hatsa eta indarra ematen aritu dira. Era berean, gazteak izan arren, hainbat ekimenetan aktiboki parte hartzen dute, hala nola, Arga Music Studio, Tritone Grabaciones, Sustraian Records edo The Aggromondarrak proiektuetan, beti ere, aipatu helburu berari jarraiki.

Beren ibilbideaz, zertzelada gutxi batzuk baino ez ditugu emango: 2014. urtearen erdialdean, Raperos de Emausekin elkartu eta soul eta funk soinuen bidez sinbiosi ikaragarria lortu zuten. 2015ean eta 2017an bira bi eginez amaitu zen elkarlan zoragarri hori. Hain zuzen ere, 2017an No Tricks eta One Sound lanak argitaratu zituzten, noiz eta ahotsetan emakume batek hartu zuen ardura: Irati Sweet Juice. Urte berean, enborraren beste adar bat jaio zen, Titanians in Dub, sound system eszenara zuzendua.

Duela gutxi, Gazta Zaharra eta Todo el día singleak argitaratu dituzte, eta ondoren Unidad y Fuerza EPa (2021). Iaz, Tritone Grabaciones-en eskutik, Tú me llevas/Sonido Campeón 7 hazbeteko diskoa argitaratu zuten. Eta adi, 2023an bertan aterako baitira bandaren hurrengo lau abestiak. Hemen dira, benetako eta paregabe, Iruña Roots Defenders!

 


Laburrean

Non