Beltza Weekend 2023

Pamplona/Iruña 2023(e)ko irailaren 7(e)tik 2023(e)ko irailaren 9(e)ra
  • Beltza Weekend 2023
  • Beltza Weekend 2023

Beltza Weekend jaialdiak bosgarren edizioa beteko du aurten, irailaren 7,8 eta 9an. Horregatik, kartel oso berezia prestatzen saiatu dira,Eli ‘Paperboy' Reed estatubatuarra eta J.P. Bimeni Burundiko abeslaria izango dituzte kartelburu. Soul eta R&B-aren bi luminaria dira, eta beren gaztetasunagatik, ahots handiengatik, presentzia eszenikoagatik, estiloagatik eta egiten dituzten konposizioengatik nabarmentzen dira.

Horiekin batera, The Ready Mades Parisko beat&soul taldea eta The Four Breakers, soul elektrikoa jorratzen duen Santanderko laukotea arituko dira, biak ala biak Iruñean lehen aldiz arituko direnak, hain zuzen ere.

Aipatutako lau talde hauek Zentral aretoan irailaren 8an, ostirala, eta 9an, larunbata, egingo diren kontzertuetako protagonistak izango dira.

Gainera, beti bezala, doako bi kontzertu izango dira aurten ere. Hasteko, The Titanians Iruñeko taldea izango dugu Rockcollection aretoan, hilaren 7an, ostegunarekin. Oktanaje altuko roots-reggaea zabalduko du. Aurtengo lehen kontzertua izanen da. Bigarrenik, Akatz talde bilbotarra arituko da, ska eta reggae doinuak ekarriko dituena, zuzeneko fidagarri, dibertigarri eta koipeztatu batekin, hilaren 9an, Zaldi Zurian egingo den eguerdiko bermu saioan.

Atal musikala osatzeko, hainbat festa izango dira, musika beltzeko DJ onenen eskutik (bakarrik biniloan). Horien izenak jaialdiaren datak gerturatzen diren heinean jakinaraziko ditugu. DJ saioak, betiko moldez, Iruñeko hainbat lokaletan izango dira.

Musikarekin batera kultur programazio zabala eta osagarria prestatzen ari gara, eta dagoeneko jarduera batzuk aurreratu ditzakegu. Lehenengoa Todos habían dejado de bailar eleberriaren aurkezpena da –Nobela beltzaren L'H Confidencial Sariaren 16. edizioaren irabazlea–. Heldu den ekainaren 9an izango da, Iruñeko Walden liburudendan, 20:00etatik aurrera. Alberto Valle egilea izango dugu gurekin. Aurkezpena Carlos Bassas idazleak egingo du.

Iragarri duten beste jarduera Nafarroako Filmotekan irailaren 1ean emanen duten Young man with Horn (El Trompetista) film luzea da. 1950ean Michael Curtizek zuzendutako pelikula da, izen ospetsuz beterikoa: Kirk Douglas, Lauren Bacall, Doris Day, Mary Beth Hughes eta Nestor Paiva.

Gainerako kultur programazioa, ondoko hau izanen da: Nafarroako hainbat emakumezko artisten erakusketa kolektiboa eta familientzako-haurrentzako ikuskizun bat. Ekitaldi horien berri aurrerago emango dugu.

 

Eli ‘Paperboy’ Reed (R&B/Soul, USA)

Eli ‘Paperboy’ Reed bizirauteko doaia duen artista horietako bat da. Bere bandcamp orrialdean irakurri dugunez, soulean inspiratutako musika egiten aritu da “cool” izan baino lehenagotik. Egia da: Mundu osoko agertokiak txikitzen aritu da barru-barrutik ateratako falsete oihuekin. Guk bederen, aitortu ez ezik, ikusi eta entzun dugu.

Gure oroitzapenei kasu egiten badiegu, eta oroimenak huts egiten ez badigu, 2008ko Ruta 66 aldizkarian orrialde bat eskaini zioten abeslari gazteari bere lehen diskoaren karietara, Roll With You izeneko album gorri ikonikoa, neurrigabeko pasioz betea, gospel, balada sinestezin eta soul gartsuz mukuru. Debut hartatik 15 urtera, eta aretoetan eta jaialdietan mundu osoan zehar biratu ondoren, soularen enfant beldurgarri hura Iruñera iritsiko da irailean, jakinduria, kilometro eta esperientzia gehiagorekin, baina pasio berarekin.

Artista osoa da Eli. 1982an Bostonen jaioa, musikagilea, abeslaria eta jotzailea da, eta berdin egiten dizu Motörhead-en Ace of Spades kantuaren bertsio bat, edo countryan oinarritutako disko luze bat. Horregatik, luxua izango da Eli ‘Paperboy’ Reed gurean izatea. Larunbatean sumendia izanen dugu Zentralen. Eta erretzen utziko gara.

 

J.P. Bimeni (Soul, Burundi)

Burundiko abeslaria dugu J.P. Bimeni, nahiz eta egun, Erresuma Batuan bizi den. Egunetik egunera, Bimeni –printzeen ondorengoa ere badena– geroz eta altuago kotizatzen du soularen unibertso zoragarrian. Baina ez da burtsako balio bat, pikutara Dow Jones eta Ibex35 indizeak: J.P. Bimeni hezur-haragizko talentu bat da, zuzeneko bikaina duena. Tucxone Records zigiluarekin kaleratu zuen Free Me (2018) bere lehen diskoa. The Black Belts talde madrildarrarekin grabatu zuen, eta egun, Europako Soul zirkuituko zuzeneko onenetakoa eskaintzen dabil han-hemen.

J.P. Bimeni soul klasikoa da, Motown soinua da, psikodelia eta afro-funka da, Stax ere bada, baina, era berean, bere garaiko semea da, Give Me Hope (2022) bere bigarren diskoan agerian utzi digun bezala, non Bimenik kontzientzia sakona eta samurtasuna erakusten dizkigun pop sentsibilitatea galdu gabe.

Baina, akaso, Bimeni gehien definitzen duen gauzetariko bat bere egoera pertsonal dramatikoa da. Bimeni Kibimbako sarraskitik bizirik atera zen 1993an. Ikasketa-beka bati esker etorri ahal izan zen Europara. Errefuxiatu estatusa lortu zuen Erresuma Batuan bizi ahal izateko. Musikari esker jasan ditu bere bizitzaten gorabehera zailak, berak kontatua: “Musika ez banu ez dakit nola biziraungo nukeen”. Ohorea izango da Beltza Weekend-en izatea.

 

The Ready Mades (Soul & Beat, Paris)

The Ready Mades soul/beat boskotea Parisen sortu zen 2015ean. Musika beltz estatubatuarraren, “Albion zitalaren” eta 60ko hamarkadako underground frantsesaren eraginak dituen taldea Iruñean izanen dugu lehen aldiz (segur aski, Ebro ibaiaren alde honetan estreinakoz joko du). Parisekoek euren soinu basati zein samurra, barru-barrukoa, eta, jakina, groove askorekin emana, ekarriko dute.

The Ready Mades taldeak bigarren diskoa kaleratu du 2023 honetan: Tumbling Walls, binilozko bi single eta Autogestion Sentimentale (2018) diskoaren ondoren iritsi dena. Beraz, The Ready Mades taldeak sukar-doinuez, vintage soinuaz eta groove eutsiezinaz betetako hamabi kantu berri dakartza. Hori guztia Sonia Nickelen ahots harrigarriarekin ondua, zeinak sororitateaz, ekologiaz, maitasunaz, matxinadaz, amatasunaz, klase politikoarekiko eta “start-up” nazioarekiko mesfidantzaz hitz egingo digun.

Ez du axola oraindik ezagutzen ez badituzu, ziur gaude haien erritmo goriak buru eta gorputz pizgailuak direla. 60ko hamarkadako soula eta kontzientzia dakartzate ikuspegi garaikide batetik ulertua. Hauek dira paristarren eragin aitortuak: Etta James, Big Maybelle, Nino Ferrer, Ronettes, Small Faces, Larry Greco, Ike & Tina Turner, Clotilde, The Action, Ronnie Bird, Dexy 's Midnight Runners, Detroit Cobras, Nick Waterhouse, Sharon Jones, Charles Bradley, Amy Winehouse, Kent, Federal, Stax, Norton, Motown. A ze kasualitatea, hemen gustatzen zaigun guztia...

 

The Four Breakers (Soul & Roll, Santander)

The Four Breakers Kantabriako talde berri samarra da. Klasikoen formula zaharrak plagiatzeko ohiko joeratik nabarmen aldenduta eta ariketa errebisionista hutsa izatetik urrun, nazioarteko proiekzioa duen proposamena dela esan genezake. Jones/Arce bikoak sinatutako eta Dry Rivers (Gaztelupeko Hotsak, 2023) izenpean bildutako hamaika abestiz osatutako bilduma bikaina da horren erakusle. Haien musika soul, funk eta rythm and blues konposizioetan oinarritzen da, musika beltzaren tradiziorik onena abiapuntu hartuta, rock and roll talde baten sonoritatearekin eta jarrerarekin hornitua. Finean, esentziarik klasikoenetik abiatuta, ikuspegi garaikide eta originala eskaitzen dute Diego One Arcek gitarran, Nacho Vallejok baxu elektrikoan, Rodri Irizabalek baterian eta Itz Jonesek ahotsean.

The Four Breakersek erritmoa eta espiritua batzen dituen bluesaren tradizioari darion musika praktikatzen dute, jainkotiarra eta gizatiarra, dena batera. Ezusteko handia izan da haiek ezagutzea, Beltza Weekend jaialdiak pasatzen utzi nahi izan ez duen aukera. Soul elektrikoa eta elektrizatzailea. Iraganeko soinuak berpizten dituen banda, energia eta dotorezia xahutuz zuzeneko basati batean.

 

Akatz (Ska-reggae, Bilbao)

Akatz taldea musika jamaikarreko Bilboko big band txiki bat da. 30 urte eman dituzte jada eszenatokiak erretzen. Denbora guzti honetan, Akatz doinu jamaikarren erreferente bihurtu da gurean eta hemendik kanpo. Izan ere, taldea mila bataila, kontzertu eta grabaziotan hazi eta handitu da, berezko musika-nortasuna lortu arte. Topikoa? Baliteke. Baina, egia esan, Akatz feeling handia duen konboa da,  publikoa lehen konpasetik kutsatzen duena: giro ona ziurtatu ez ezik, zuzeneko sendoa eskaintzen dute. Iruñean beren laugarren LPa, Yuyu (Brixton Records, 2021) aurkeztuko dute.

Akatzek Jamaikako musika –ska eta reggaea– hartzen du oinarritzat, soinu identifikagarria, freskagarria eta aldarrikatzailea sortzeko. Baina, gainera, beren musikan rhythm and blues, soul, jazz, swing, latin, Brazil, eta abar aurki ditzakegu. Trajez eta kapelaz jantzitako bederatzi musikarik defendatzen duten koktel izugarri bat dakarte. Akatz Bilbotik Alemaniara bidaiatu da Mexikotik igaroz. Iruñean bermu formatuan joko dute. Swing izugarria duen talde gozagarria. 

 

The Titanians (Roots reggae, Iruña)

The Titanians Iruñeko roots reggae taldea dugu, duela hamar urte baino gehiago sortua. Denbora guzti honetan, Jamaikako kultur eszenari hatsa eta indarra ematen aritu dira. Era berean, gazteak izan arren, hainbat ekimenetan aktiboki parte hartzen dute, hala nola, Arga Music Studio, Tritone Grabaciones, Sustraian Records edo The Aggromondarrak proiektuetan, beti ere, aipatu helburu berari jarraiki.

Beren ibilbideaz, zertzelada gutxi batzuk baino ez ditugu emango: 2014. urtearen erdialdean, Raperos de Emausekin elkartu eta soul eta funk soinuen bidez sinbiosi ikaragarria lortu zuten. 2015ean eta 2017an bira bi eginez amaitu zen elkarlan zoragarri hori. Hain zuzen ere, 2017an No Tricks eta One Sound lanak argitaratu zituzten, noiz eta ahotsetan emakume batek hartu zuen ardura: Irati Sweet Juice. Urte berean, enborraren beste adar bat jaio zen, Titanians in Dub, sound system eszenara zuzendua.

Duela gutxi, Gazta Zaharra eta Todo el día singleak argitaratu dituzte, eta ondoren Unidad y Fuerza EPa (2021). Iaz, Tritone Grabaciones-en eskutik, Tú me llevas/Sonido Campeón 7 hazbeteko diskoa argitaratu zuten. Eta adi, 2023an bertan aterako baitira bandaren hurrengo lau abestiak. Hemen dira, benetako eta paregabe, Iruña Roots Defenders!

 

Beltza Weekend: Historia pixka bat

Beltza Weekend soulari, rhythm & bluesari eta jamaikar sustraiko soinuei eskainitako jaialdia da. 2017an sortu zen Iruñeko kultur eta musika egutegian urteroko hitzordu bihurtzeko helburuarekin. Lau edizioren ostean, Beltza Weekend erreferente ukaezina da musika beltzeko jaialdien zirkuituan, lehen mailako nazioarteko bandek osatutako kalitatezko programazio koherente bati esker. 2020an, programazio osoa itxita zegoela, Beltza Weekend bertan behera geratu zen eta neguko kuarteletara itzuli, covid-19ak eragindako osasun-krisiaren ondorioz. Laugarren edizioa 2022ra arte atzeratu behar izan genuen.

Lehen ediziotik, jaialdiak soul eta rhythm & blues garaikideko kontzertuen programazio bikaina eta askotarikoa izan du, Estatuko eta nazioarteko kalitate egiaztatuko banden eta musika beltzeko DJ dotoreenen eskutik. Gautxoriak Soul Club irabazi asmorik gabeko elkarteak prestatu eta bultzatzen du programazioa, Zentral aretoarekin elkarlanean.

Beltza Weekend jaialdian, Lee Fields, Roy Ellis edo Michelle David bezalako talde eta artista ospetsuak izan dira, baita proposamen berriagoak ere, hala nola Alexis Evans, El Tito Ramírez, MFC Chicken, Hanna Williams & The Affirmations, The Uppertones, The Excitements, The Limboos, King Salami & The Cumberland 3, Sister Cookie, Alpheus, Los Retrovisores, The Beat From Palookaville eta Aretha Soul Divas & Silverbacks, besteak beste.


Laburrean

Non