Beltza Weekend 2023: Eli "Paperboy" Reed + The Four Breakers

Pamplona/Iruña 2023(e)ko Irailak 9
  • Beltza Weekend 2023: Eli "Paperboy" Reed + The Four Breakers
  • Beltza Weekend 2023: Eli "Paperboy" Reed + The Four Breakers
  • Beltza Weekend 2023: Eli "Paperboy" Reed + The Four Breakers

Beltza Weekend 2023 jaialdiaren egitarauaren barruan.

Beltza Weekend jaialdiak bosgarren edizioa beteko du aurten, irailaren 7,8 eta 9an. Horregatik, kartel oso berezia prestatzen saiatu gara. Lortu dugun edo ez, publikoak esango du, baina Eli ‘Paperboy' Reed estatubatuarra eta J.P. Bimeni Burundiko abeslaria izango ditugu kartelburu. Soul eta R&B-aren bi luminaria dira, eta beren gaztetasunagatik, ahots handiengatik, presentzia eszenikoagatik, estiloagatik eta egiten dituzten konposizioengatik nabarmentzen dira.

Horiekin batera, The Ready Mades Parisko beat&soul taldea eta The Four Breakers, soul elektrikoa jorratzen duen Santanderko laukotea arituko dira, biak ala biak Iruñean lehen aldiz arituko direnak, hain zuzen ere.

Aipatutako lau talde hauek Zentral aretoan irailaren 8an, ostirala, eta 9an, larunbata, egingo diren kontzertuetako protagonistak izango dira.

 

Eli ‘Paperboy’ Reed (R&B/Soul, USA)

 

Eli ‘Paperboy’ Reed bizirauteko doaia duen artista horietako bat da. Bere bandcamp orrialdean irakurri dugunez, soulean inspiratutako musika egiten aritu da “cool” izan baino lehenagotik. Egia da: Mundu osoko agertokiak txikitzen aritu da barru-barrutik ateratako falsete oihuekin. Guk bederen, aitortu ez ezik, ikusi eta entzun dugu.

Gure oroitzapenei kasu egiten badiegu, eta oroimenak huts egiten ez badigu, 2008ko Ruta 66 aldizkarian orrialde bat eskaini zioten abeslari gazteari bere lehen diskoaren karietara, Roll With You izeneko album gorri ikonikoa, neurrigabeko pasioz betea, gospel, balada sinestezin eta soul gartsuz mukuru. Debut hartatik 15 urtera, eta aretoetan eta jaialdietan mundu osoan zehar biratu ondoren, soularen enfant beldurgarri hura Iruñera iritsiko da irailean, jakinduria, kilometro eta esperientzia gehiagorekin, baina pasio berarekin.

Artista osoa da Eli. 1982an Bostonen jaioa, musikagilea, abeslaria eta jotzailea da, eta berdin egiten dizu Motörhead-en Ace of Spades kantuaren bertsio bat, edo countryan oinarritutako disko luze bat. Horregatik, luxua izango da Eli ‘Paperboy’ Reed gurean izatea. Larunbatean sumendia izanen dugu Zentralen. Eta erretzen utziko gara.

 

The Four Breakers (Soul & Roll, Santander)

 

The Four Breakers Kantabriako talde berri samarra da. Klasikoen formula zaharrak plagiatzeko ohiko joeratik nabarmen aldenduta eta ariketa errebisionista hutsa izatetik urrun, nazioarteko proiekzioa duen proposamena dela esan genezake. Jones/Arce bikoak sinatutako eta Dry Rivers (Gaztelupeko Hotsak, 2023) izenpean bildutako hamaika abestiz osatutako bilduma bikaina da horren erakusle. Haien musika soul, funk eta rythm and blues konposizioetan oinarritzen da, musika beltzaren tradiziorik onena abiapuntu hartuta, rock and roll talde baten sonoritatearekin eta jarrerarekin hornitua. Finean, esentziarik klasikoenetik abiatuta, ikuspegi garaikide eta originala eskaitzen dute Diego One Arcek gitarran, Nacho Vallejok baxu elektrikoan, Rodri Irizabalek baterian eta Itz Jonesek ahotsean.

The Four Breakersek erritmoa eta espiritua batzen dituen bluesaren tradizioari darion musika praktikatzen dute, jainkotiarra eta gizatiarra, dena batera. Ezusteko handia izan da haiek ezagutzea, Beltza Weekend jaialdiak pasatzen utzi nahi izan ez duen aukera. Soul elektrikoa eta elektrizatzailea. Iraganeko soinuak berpizten dituen banda, energia eta dotorezia xahutuz zuzeneko basati batean.


Laburrean

Non