GazteFilm Fest 2023

Vitoria-Gasteiz 2023(e)ko azaroaren 17(e)tik 2023(e)ko azaroaren 26(e)ra
  • GazteFilm Fest 2023

Azaroaren 17tik 26ra, Gasteiz zinema onenaren hiri bihurtuko da aurten ere, Gaztefilm Fest-en 7. edizioak dirauen bitartean. Jaialdi hori txikienek eta txikienentzat egina da. Zinhezbak eta Kalakalabek eta Vital Fundazioak antolatu dute ekimena, eta Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa ere badu.

Gaztefilm Fest-en zazpigarren edizioak asmo handiagoa izan nahi izan du, eta 40 ekitaldi baino gehiagotara zabaldu ditu bere emankizun-zerrenda eta jarduerak, jaialdiak irauten duen 10 egun luzeetan gozatu ahal izateko. Filmen hautaketa urtebeteko lanaren emaitza da, munduko zinemaldi onenetan haurrentzako zinemarik onenaren bila eta 900 film labur baino gehiago jaso dituen antolakuntzaren deialdiaren bitartez. Prozesu horren ondorioz, animaziozko 6 film luzek eta 40 film laburrek osatzen dute sail ofiziala.

Dounia eta Alepoko Printzesa, “animazio kanadar ederra, atmosferikoa eta onirikoa”, Tony, Shelley eta Argi Magikoa, “stop motion txekiarra, artisau-lana eta oso zaindua” eta Ernest eta Celestineren bidaia “pertsonaia maitagarri horien abenturen bigarren atala” dira 6 urtetik gorako tarterako hautatutako film luzeak, eta euskarara eta gaztelaniara bikoiztuta emango dira. Honako lan hauek osatzen dute 9 urtetik gorako hautaketa: Perlimps, ‘O menino e o mundo’ filmaren egilearen animazio brasildarra, “edertasuna dario fotograma bakoitzean”; Lehoi mutikoa, Txinatik datorren animazio hiperrealista “testuren eta kolorearen tratamendu magistrala du”; eta  Nina eta trikuaren sekretua, ‘Katu bat Parisen’ eta ‘Phantom Bo’ filmen egileena, oraingoan, “animazio klasiko bat proposatzen dute, estetika urbanoarekin”, eta jatorrizko bertsioetan emango dira euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin.

Beste zenbait lan, hala nola How I learn to fly, ekoizpen kroaziarreko filma, edo Three robbers and a Lion, edo Guiseppe eta Lion Bleu, azken horiek +3 urtetik gorako publiko txikienari zuzendutakoak, izango dira erakusketako atal ez lehiakorrek eskainiko dituzten adibideetako batzuk.

Kroazia izango da antolakuntzak gonbidatuko duen herrialdea, bere animaziozko zinemaren kalitateagatik ospe handienetakoa duen herria delako. Croatian Film Fund delakoarekin lankidetzan, “bere filmografiarik onenaren erakusgarri eskuzabal eta zaindua” ehuntzen joan da.

Animafest jaialdiaren programek eta Zagreb films mitikoaren animazioek Kroaziarekiko begirada berezi hau elikatzen dute. Jaialdiaren barruan, halaber, foku bereziak eskainiko zaizkio Ivana Guljaševi?-i  40 film baino gehiago dituen zinemagile kroaziar garrantzitsuenetako bati, eta Jelena Oroz Gaztefilm Film 2024ko irudiaren ilustratzaile arduraduna aurkeztuko da, Kroaziako egungo animazioaren talentu gaztea, zeinak, gainera, pertsonaiak sortzeko tailer bat emango duen Superbitxikeriak izeneko jaialdian. Gainera, jaialdiak Sonia Estévez Goya sarietarako izendatutako zinemagile gasteiztarraren talentua aitortu nahi izan du. Horretarako, bere film laburrei foku txiki bat eskaini die eta eskola gutxi batzuei azaroaren 20tik 25era Artiumen emango duen animazio tailer batera joateko aukera eskaini zaie.

Zinema programazioaz gain, Gaztefilm Festek parte hartzeko tailerrak eskainiko ditu urte osoan zehar eta bereziki jaialdian zehar.

Proiektuaren egile izan dira haurrak

Jaialdia antolatzen txikienek parte har dezaten bultzatzeko asmoz, aurten “arlo guztietan parte-hartze aktiboagoa sortzera bideratu gara, eta, horretarako, hainbat tailer eta jarduera egin dira. Batuzk urtean zehar burutu dira, beste hainbat oraintxe bertan egiten ari dira eta beste batzuk Gaztefilm Fest jaialdian egingo dira” Ricardo Conde jaialdiaren zuzendarikideak esan duenez.

Programatzaileak:

Udaberriko hilabeteetan, Gasteizko zenbait ikastetxerekin lankidetzan, esaterako Toki Eder edo Ramón Bajo, beren ikasleekin lan egingo da sail lehiakorra osatuko duten film laburrak ikusi eta hautatzeko.

Bikoizketa-tailerra:

Tailerrerako izena ematea irekita dago. Tailer honetan sail ofizialeko film bi euskarara bikoiztuko dira. Bikoizle talde bik beren gain hartu dute bikoizketaren munduan egin den saiakera erdiprofesional hori, eta ‘Dounia eta Alepoko Printzesa’ eta ‘Tony, Shelley eta argi magikoa’ lanetako pertsonaien euskarazko ahotsa dira.

“Ikaragarria da Gaztefilm Fest-eko bikoizleen belaunaldi berriak tailerrera etortzen direla ikustea, jaialdiaren esperientzia bizi izan duen norbait ezagutu dutelako eta, gainera, bikoizteko gogoa kutsatu dielako”, adierazi du Lander Varona jaialdiko bikoizketen arduradunak.

Ortzadarra sorkuntza tailerra:

5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat pentsatua, urtetik urtera jende gehiago biltzen duen tailer honek jolasaren espiritua eta sormena elikatu nahi ditu txikienengan. Tailer honetan imajina daitekeen guztiak errealitate bihurtzeko aukera bat dauka. Aurten, photocall-a sortzeko ardura izango dute, jaialdiaren hedapen-elementuetan esku hartzekoa eta jaialdian zehar poltsetan, kamisetetan eta bestelako jantzietan inprimatu ahal izango diren serigrafia-diseinuak sortzekoa.

Haurren epaimahaia:

Jaialdiaren ezaugarri bereizgarri eztabaidaezina da jaialdiaren irabazle-zerrenda erabakitzeko ardura duen haur epaimahaia. Aurten talde bitan banatuta dago: bata, 9 eta 12 urte artekoa, film luze onena saritzeaz arduratuko dena, eta, bestea, 6 eta 8 urte bitartekoa, 2023an neska-mutilek egindako film labur eta zinema film onena saritzeaz arduratuko dena.

Eskolentzako emanaldiak:

Jaialdiaren aurreko astean, azaroaren 13tik 17ra, eta jaialdiaren astean, hiriburuko hainbat ikastetxetako ikasleak jaialdiak eskaintzen dizkien egoitzetara joango dira, Vital Fundazioa Kulturuneara esaterako, jaialdiaren lehia-atalaz goza dezaten eskolentzat antolatutako saioetan.

Inaugurazio-kontzertua:

Jesus Guridi Kontserbatorioan egingo den inaugurazio saioan, Guridi Big Bandek hartuko du parte. Saio horretan,  inspirazio zinematografikoko errepertorioa interpretatuko dute, David Aguilarren bisualekin saretuta eta Zagreb Films-en artxiboko irudiak erabiliko dituzten neska-mutil talde batekin batera egingo da, zuzeneko sorkuntza digitaleko tailer baten barruan.

Gazteen atala

“Jaialdian, berriz ere, 12 urtetik beherakoen adin-tartera bideratzen bagara ere, urte osoan nerabe eta gazteen hainbat kolektiborekin lan egiten jarraitzen dugu (Doce Nubes, esaterako), lengoaia berriak, proposamen estetiko berriak, azken batean, haien jakin-mina pizten duen zinema ona, gerturatzeko programazio-tailerren bidez. Halaber, bikoizketa tailerretan nerabe eta gazteekin elkarlanean jarraitzen dugu” azaldu du Helena González Gaztefilm Fest-eko zuzendarikideak.

Iazko arrakastaren ondoren, Artium, arte garaikideko museoa, Gaztefilm Festen egoitza nagusia izango da berriro. Era berean, Zabalganako eta Salburuako gizarte-etxeek proiekzio-areto eginkizuna dute, aurten ere, auzoetan, bat jaialdiaren asteburu bakoitzeko.

Sarrerak www.gaztefilmfest.com  webgunean edo www.entradium.com plataforman eros daitezke dagoeneko.

 

Laburrean

  • Mota Jaialdia
  • Data 2023(e)ko azaroaren 17(e)tik 2023(e)ko azaroaren 26(e)ra
  • LekuaVitoria-Gasteiz

Non