"Markos Gimenoren Karteletrak"

Gernika-Lumo 2023(e)ko azaroaren 27(e)tik 2024(e)ko apirilaren 28(e)ra
  • "Markos Gimenoren Karteletrak"

"Markos Gimenoren Karteletrak" Joseba Sarrionaindiak eta Esteban Montoriok komisariatutako erakusketa da. Erakusketak Markos Gimenok idatzitako palindromoetatik sortutako 53 kartel biltzen ditu. Lagun askok eta Euskal Herriko artista ugarik parte hartzen dute erakusketa honetan Gimenorekiko adiskidetasun eta jenialtasunari egindako omenaldi hunkigarrian bere palindromoak ilustratuz. Erakusketarekin batera "Markos Gimenoren 101 Letrakartel" liburuak Joseba Sarrionandiak glosatutako ehundik gora irudi aurkezten ditu.

Bilduma honek Markos Gimenoren eta benetako eta fikziozko hainbat egileren idazkiak biltzen ditu, Esteban Montoriok egindako diseinu paregabearekin. Gimenoren mundu palindromikoa barru-barrutik aztertzeko aukera paregabea da.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskal Herria Museoan 2024ko apirilaren 28ra arte bisitatu ahal izango den erakusketa honetan horietako 53 kartel ikusi ahal izango dira; ordea, "Markos Gimenoren 101 letrakartel" liburuan Markosen beraren eta askotariko egile erreal eta fikziozkoen idazkien bidez Joseba Sarrionandiak glosatutako ehundik gora irudi biltzen dira, eta diseinua Esteban Montoriorena da.

Erakusketa Markos Gimenok euskaraz idatzitako palindromoetatik sortutako berrogeita hamar kartel baino gehiagok osatzen dute. Kartel horietako batzuk Markosek berak diseinatu zituen, baina Joseba Sarrionaindiaren lanari esker haren lagun askok eta bertako hogeita hamar artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen lagundu nahi izan dute, Markosekiko adiskidetasunari eta haren jenialtasunari egindako omenaldi modukoan. Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.

Gehienak PVCn erreproduzitutako irudiak dira, kartel itxurakoak, baina bisitariak jatorrizko lanak ere aurkitu ahal izango ditu (collageak, akrilikoak, erliebeak, tintazko marrazkiak), besteak beste egile hauenak: Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Aristides Hernández (Ares) artista kubatarra; Jose Enrike Urrutia, Kapeau;  Unai Iturriaga, Bigara edo Jose Antonio Azpilicueta ilustratzaileak; eta Gotzon Garaizabal eta Luis Zavalamendiaren erliebezko lanak. Gainera Markosen laguna eta  zeramista den  Esther Astarloaren lankidetzari esker Markosen palindromoetan oinarritutako zeramikazko piezak ikusi ahal izango dira.

Joseba Sarrionaindiak azaldu duenez, Markos Gimeno ezagunagoa izateko garaia da. Bere bizitzak eta lanak denoi era askotako arloetan interpelatzen gaituela alde batera utzita, kartel palindromiko bakoitzak ezusteko linguistiko bat eta adimen joko bat proposatzen dizkigu. Eta, zalantzarik gabe, euskal komunitate duin, alai eta sortzaileago baten parte sentiarazten gaitu.

Markosen familiaren ekarpena eta gogo itzela oso garrantzitsuak izan dira erakusketa osatzeko, Markosen beraren objektu pertsonalak utzi baitituzte.  Gainera, Iratxe Ugaldek, Markosen lagunak, erakusketa honetarako prestatu duen ikus-entzunezko sorta hautatu batek bere lana hobeto ulertzen lagunduko du.

Markosen lana biltzeko eta ezagutzera emateko ideiak gaur aurkeztutako liburua eta erakusketa ekarri ditu, besteak beste. Gimenok ehunka, milaka palindromo asmatu edo eraiki zituen. Joseba Sarrionandiak haietako 101 aukeratu ditu. PAMIELAk argitaratutako liburu horretan, palindromo bakoitzak interpretazio grafiko bat izango du. Lan horretan, Esteban Montorio (Monti) ilustratzailearekin batera, beste asko egongo dira (Jose Antonio Azpilicueta, Unai Iturriaga, Gotzon Garaizabal, Sonia Gonzalez, Roscubas...). Horregatik du izenburuan LETRAKARTEL palindromoa. Joseba Sarrionandiak erreplika literarioa eman dio palindromo bakoitzari. Beraz, palindromoaren, irudiaren eta Joseba Sarrionandiaren testuaren arteko narrazio bat da. «Marcos Gimenoren 101 letrakartel» liburua aurtengo Durangoko Azokan egongo da, Bizkaiko museoen eta Pamielaren standetan. Gainera, liburuaren egileek abenduaren 8an aurkeztuko dute, 19:30ean, Durangoko Azokan.

Erakusketa Euzkadi egunkarian 1923ko abenduaren 16tik 1924ko otsailaren 29ra egin zen euskarazko lehen palindromo-lehiaketaren mendeurrenarekin bat dator. Ebaristo Bustintza, Kirikiñok, antolatu zuen, eta palindromista emankorrena Bernardo Garro mundakarra izan zen.

Markos Gimeno Vesga

Markos Gimeno Vesga artista polifazetiko eta moldakorra izan zen. 1974ko maiatzaren 5ean jaio zen Ermuan. Bere inguru osoa animatzeko, entretenitzeko eta ingurukoei pentsarazteko dohaina zuen eta sorkuntzara bideratutako bizitza izan zuen, bipolaritatea eta depresio-aldiak zituen arren, eta, azkenik, 44 urterekin bere buruaz beste egin zuen Eibarren, 2018ko abenduaren 7an. Musika arloan, baxua joz eta ahotsa jarriz, The Pepes, Julio Kageta, Dantzut eta, azkenik, PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeetako kide izan zen.

Antzerkia ere egin zuen, Juanma Rodriguezekin batera, Hipo y CondriasMacho-Maris eta beste obra batzuetan. Ahozko esperimentazio lan bikaina garatu zuen. Alde batetik, umorezko sorkuntza lexikalaren esparruan, Hitzokei proiektuan. Bestetik, palindromismoaren esparruan, ezkerretik eskuinera eta alderantzizko zentzuan berdin irakurtzen diren hitzak edo esaldiak aurkituz.

Zerorajasoa.com bere blogean urteetan zehar palindromikako igarkizun jokoak proposatu zituen, 131 AZA (2014) liburuan jasoak. Club Palindromista Internacional elkarteko kidea izan zen eta jarduera ludolinguistiko honetan aritu zen euskaldun gutxietako bat izan da. Azken urteetan, gainera, calambour elebiduna garatu zuen, Skizopoziks (2016) monologo esperimentalarekin; proiektu honetan bi hizkuntzetako homofoniarekin jolasten zuen, bere bipolaritatea armairutik ateraz.

Jarduerak

Erakusketarekin eta liburuarekin batera 2024rako hainbat jarduera antolatu dira palindromoen gaia Marcosek jorratzen zituen diziplina ugariekin,  musika, tailerrak, ikuskizunak, etab., konbinatzeko.

Urtarrilak 13 - "ABERE BA. Taller para jóvenes "Palindromo Ilustrratuen Piztegia" (Bigara)

Ekintza honen bidez, 10 urtetik gorako umeek palindromoen mundura hurbiltzeko aukera izango dute: palindromoen bitxikeriak ezagutu, esaldi palindromikoak sortu eta grabatu, gero entzuteko. Oroitzapen gisa orrialde-puntuetan palindromoak estanpatuko dira.

Urtarrilak 27 - "Abere ba. ele bele" (Bigara) aurkezpen poetiko musikalizatua.

Gernikako Euskal Herria Museoak Palindromoa, bere alderdi plastiko eta soinudunean,  ikuskizunaren estreinaldia hartuko du. Emanaldiko irakurketetan eta abestietan testu-palindromoak, testu-jokoak eta abiarazteko hitzak erabiliko dira, irudien proiekzioak eta testuak tartekatuz. Palindromo hauek, ziurrenik, euskaraz egindako testu-palindromo luzeenak dira. Norabide batean esan eta kontrako norabidean entzun daitezkeenak.  Musikarekin batera testu onomatopeikoekin eta soinuekin ere jolasten duten horiek. Esanahiaren, xuxurlatzearen edo oihukatzearen arabera. Hainbat geruza poetiko eta musikal gainjarriko dira eta aurkezpena irudiarekin osatuko da.

Otsailak 24 - Graffiti tailerra

Tono Fernándezek eta Klemente Correderak, Markos Gimenorekin batera Hormargo taldea osatu zutenek, diziplina artistiko honetan interesa duen orori zuzendutako ekintza didaktikoa aurkezten digute. Tailerrak erakutsiko ditu eta parte-hartzea irakatsi eta sustatuko du. Formatu handiko horma-irudiekin, kamisetekin, paperekin….

Apirilak 19 - Mursego - kontzertua

Maite Arroitajauregik Markos Gimenoren palindromoetan inspiratutako piezak konposatzen ditu Museoan antzezteko. Kontzertu berezi eta bakarra, non biolontxeloak eta Mursegoren ahotsak bat egiten duten erakusketaren muinarekin.

bizkaia.eus

Laburrean

Non