Euskadiko Orkestra (Abonu denboraldia): "Lauzurika / Rachmaninoff"

Vitoria-Gasteiz 2024(e)ko otsailaren 15(e)tik 2024(e)ko otsailaren 21(e)ra
  • Euskadiko Orkestra (Abonu denboraldia): "Lauzurika / Rachmaninoff"

Efemeride garrantzitsu batek markatzen du Denboraldiko bosgarren programa: Eduardo Chillidaren jaiotzaren mendeurrena, zeinarekin Euskadiko Orkestrak bat egin nahi izan duen sorkuntza musikalaren bidez. Eskultorearen omenez, Euskadiko Orkestrak Chillida-Elogios enkargatu dio Antonio Lauzurikari; Bernaolak Gasteizen sortutako konposizio-eskolan ikasi zuten egileen artetik garrantzitsuenetako bat da Lauzurika. Obrak SGAE fundazioaren eta AEOS-en (Espainiako Orkestra Sinfonikoen Elkartearen) babesa jaso du. 

Antonio Lauzurikak askotariko subjektuek inspiratutako obrak idatzi ditu: landareak, gau lasaiaren soinu-paisaia, bidaiatzearen inguruko filosofia, astroen mugimendua edo sugarrak kristalen gainean sortzen duen isla. Chillida-Elogios lanean, Chillidaren lanak iradokitzen diona pentagrametara pasatzean, honakoa izan da Lauzurikaren helburua: “Oso desberdinak diruditen baina horren ez desberdinak ez diren bi munduren arteko elkarrizketa bat sortzea. Espazioa, muga, masa, eskala, grabitatea, gainazala, dentsitatea, ehundura... Ideia horiek partitura honetan presente daude”.

Obra lau mugimendutan banatu da eta mugimendu bakoitza ‘elogio’ edo ‘gorazarre’ baten gisara aurkezten da. Hitz hori behin eta berriz agertzen da Chillidaren lanetan eta Lauzurikari eskultorearen artearen alderdi jakin batean zentratzeko balio izan dio terminoak. Esaterako, hirugarren mugimenduaren izena Burdinaren eta altzairuaren gorazarrea da, eta Chillidak material horiek erabilita sortutako lan sorta handian eta boteretsuan oinarritzen da. Lauzurikaren hitzetan, “mazoak burdinaren kontra jotzean sortzen den soinuaren, hau da, galdategi bateko soinuaren bariazioetan oinarrituta dago, neurri handi batean, mugimendu honen garapena”. Esplorazio horretan gehiago sakontzeko, perkusionistek jotzen dituzten tresnetako batzuk burdinazko piezak dira, Legazpiko Chillida Lantokitik ekarritakoak. Bere garaian pieza horiekin lan egin zuen eskultoreak berak.

Erabateko estreinaldi horren testuinguruan, Robert Treviñok zeharo desberdinak diren bi obra zuzenduko ditu. Lehenengoa Joseph Haydnen Zortzigarren Sinfonia da, egileak berak ‘Gaua’ ezizena jarri ziona, eta trilogia bat osatu zuen 1761ean konposatutako Seigarren Sinfoniarekin (‘Goiza’) eta Zazpigarren Sinfoniarekin (‘Eguerdia’) batera; hala, eguneko aldien aldarteak islatzen dituzte trilogiako lanek. Sergei Rakhmaninoven Hirugarren Sinfoniari dagokionez, eta bere obraren zati handi batean bereizgarri den hipererromantizismo bihurgunetsuarekin gertatzen den ez bezala, errusiarraren lanik klasiko eta baikorrenetakotzat jotzen da, batez ere alaitasuna eta umorea transmititzen dituen hirugarren mugimendu batengatik. Era berean, publikoari Rakhmaninovengandik gustatzen zaion guztia du sinfonia honek: melodia zabalak (indar adierazkor guztia ateratzen die eta une giltzarrietarako gordetzen ditu), orkestrako kolore ederrak eta ageriko sentimentaltasuna.

EGITARAUA

J. Haydn
8. Sinfonia, 'Gaua' [23']

A. Lauzurika
Chillida-Elogios (erabateko estreinaldia) [20']

S. Rakhmaninov
3. Sinfonia [39']

Robert Treviño, Zuzendaria

DATA ETA LEKUA:

 



 

 


Laburrean

  • Mota Kontzertua
  • Data 2024(e)ko otsailaren 15(e)tik 2024(e)ko otsailaren 21(e)ra
  • Ordutegia19:30
  • LekuaBilbo, Iruñea, Donostia eta
    Vitoria-Gasteiz
  • Zenbatekoa10 / 38 €
  • Sarrerak Erosi

Non

Euskadi, auzolana