Abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 75. urteurrena izango da eta, ospakizun horrekin bat etorriz, Euskadiko Orkestrak kontzertu-programa berriari ekiteko 1949an Copland inspiratu zuen obra hautatu du (Aldarrikapenaren lehen urteurrena ospatzeko sortu zuen). ‘Nazio Batuen ereserkia’ izenaz ere ezaguna den Abagune solemne baterako hitzaurreak Aldarrikapenetik bertatik ateratako testu batzuk daramatza, eta Mireia Gabilondo (Bilbon, Iruñean eta Donostian) eta Dorleta Urretabizkaiak (Gasteizen) errezitatuko dituzte, historian lehen aldiz, euskaraz. Lan laburra, oso solemnea eta berezia da, eta lehen aldiz entzungo da Euskadin. Lanaren aurreneko interpretazioan, narratzailea Laurence Olivier britainiar aktore bikaina izan zen eta, orduz geroztik, aukera berezietan edo, izenburuak dioen bezala, solemneetan, programatu izan da maiz.
Ondoren, Euskadiko Orkestrak Gustav Mahlerren 1. Sinfonia interpretatuko du, «Titan» ezizenaz ezagun dena, iluntasunetik argirako igarobide heroiko bat izaki. Sinfonia honek leku berezia du Euskadiko Orkestraren azken aldiko historian, Robert Treviñok obra horrekin aurkeztu baitzuen bere burua euskal ikusleen aurrean, 2016ko irailean titular gisa emandako aurreneko kontzertuan. Horren ostean, Mahlerren beste sinfonia ugari eskaini dira, AEBko maisuak zuzenduta. Gaurkoan, aitzitik, beste zuzendari batek Mahler nola ikusten duen jakingo dugu. Zuzendari hori, Juraj Valcuha, Bratislavan sortu zen, konpositorearen jaioterritik (Kaliste) 200 kilometro eskasera. Houstongo Sinfonikoko eta Napoliko San Carlo Antzokiko zuzendari titularra da, eta oraingoa haren bigarren aldia izango da gure orkestrarekin, 2015/2016 denboraldian estreinatu zen eta.
Juraj Valcuha, Zuzendaria
EGITARAUA
A. Copland
G. Mahler
Data eta lekua: