"Nicolás de Lekuona dohaintza"

Bilbao 2023(e)ko abenduaren 15(e)tik 2024(e)ko martxoaren 15(e)ra
  • "Nicolás de Lekuona dohaintza"

Museoak ezagutzera emango ditu Nicolás de Lekuona (Ordizia, Gipuzkoa, 1913-Fruiz, Bizkaia, 1937) margolari, argazkilari eta diseinatzailearen hainbat objektu pertsonal, inprimatutako materialak, ohar-koadernoak eta marrazkiei buruzko oharrak, kartoi gaineko bi olio-pintura eta gutun autografoak. Funts dokumental garrantzitsu hori 2019an iritsi zen museora, artistaren familiaren dohaintzari esker, eta, orain, ikusgai egongo da, neurri batean, museoak 2019an (16 argazki eta 2 fotomuntaketa) eta 2022an (10 arkitektura- eta diseinu-marrazki) erositako lanen sorta batekin batera.

Gainera, Lekuonaren pintura-ekoizpenaren bi mihise enblematiko ditu: Pintura (c. 1936) eta Beatriz Lekuonaren erretratua (1935), 1981ean eta 1982an erosiak, hurrenez hurren. Era berean, Museoa aitzindaria izan da artistaren lana onartzen, hiru erakusketa gogoangarri egin baititu, 1979an, 1982an eta 1983an. Horietako bi gai honetan aditu nagusia den Adelina Moya historialariak komisariatu zituen.

Erakusketa txiki honek Lekuonaren interesak eta ideia artistikoak azaltzen ditu, nortasun urduri eta esperimentala izan baitzuen, eta, Gerra Zibilaren ondorioz goiz hil bazen ere, enblematikoa izan baitzen Espainiako abangoardiaren barruan.

Funtsean jasota daude familiarekin izandako posta-truke pribatua, ohar- eta marrazki-koadernoak, aipuak, ohar literarioak eta artistikoak dituzten koadernoak, Kodak argazki-kamera bi eta beste objektu pertsonal batzuk (margolari-paleta, pipak eta ikasle-txartela). Objekturik berezienen artean, Lekuonak berak egindako zortzi maskara nabarmentzen dira, bere koadro eta argazki batzuetan irudikatuta agertzen direnak.

Museoari egindako Lekuona funtsaren dohaintzak jarraipena ematen dio bildumako datu-baseak aberasteko lanari, Euskal Herriko artista, kritikari eta historialarien eta artearekin lotutako espazioen artxibo eta corpus dokumentalak sartuz, aztertuz eta digitalizatuz. Horien adibide berrienak dira Sol Paneraren artxiboko dohaintzak, Bilboko Aritza galeriarenak, 2023koak, eta Xabier Sáenz de Gorbea irakasle, historialari eta arte-kritikariarenak, 2020koak.


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2023(e)ko abenduaren 15(e)tik 2024(e)ko martxoaren 15(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non