Bueltan da ‘Jazz Uhinak Hirian Barrena’ XVIII. edizioarekin eta abendutik ekainera bitarte eskainiko diren sei kontzertuko proposamena bilduko du. Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko aula magnan egingo dira, 19:00etan.
Gasteizko Udalak Jazz Uhinak ekimena bultzatzen du Jazzargia elkartearekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker. Elkarte horren helburua da jazza, eta haren kultura eta historia hedatzea eta etorkizun handia duten musikari berriei eta profesionalei beren lana ezagutarazi ahal izateko espresiorako gunea eskaintzea Gasteizen.
Jazz Uhinak eta horren baitako kontzertu pedagogikoak herritar guztiei zuzenduta dagoen ‘Klasedun musika’ udal-programan jasota daude. Programa hori Hezkuntza Sailak bideratzen duen Musika Adierazpenaren arloko lanean jasota dago. Esparru horren baitan, azpisistema hauek ere eskaintzen dira: Musikarekin jolasean (Haur Hezkuntza), Notak Eskolan (Lehen Hezkuntza) eta Hau entzuna dut (Bigarren Mailako Hezkuntza eta helduak).
Jazz Uhinak Hirian Barrena 2023-2024
Abenduaren 19an hasiko da programazioa Spin Gospelekin. Musika afro-amerikarra jotzen duten abeslari profesionalen kolektiboa da eta Estatu mailako emakumezko ahots onenetako batzuk biltzen ditu. Gospela, soula eta herri-musika bateratzen dituen katalogo zabala eskaintzen du taldeak eta artista entzutetsuekin batera abesteko aukera izan du: Tini, Soraya, Marta Sánchez, Senté…
Hurrengo hitzordua urtarrilaren 23an iritsiko da Diego Amadorrekin. Konpositore, musikari eta artista bikain horrek flamenkoaren munduko pertsona entzutetsu askorekin batera jo izan du: Tomatito, Joaquin Cortés eta La Susi, besteak beste. Baina jazz arloko beste batzuekin ere izan du harremana: Path Metheny, Birelli Lagrene eta Charlie Haden. Gasteizen aurkeztuko du ‘Naranjos de luna’ bira, teknologiaren bidez aldi berean hainbat musika-tresna joz sortu duen zuzeneko ekoizpen-lana.
All Day Breakfasts Caféren txanda iritsiko da urtarrilaren 20an. Britainia Handiko taldeak bere azken singlea, ‘Have you seen this queen’, aurkeztuko du. Lan horrek hainbat genero fusionatzen ditu: Un Jazzz, Jazztronika, Funka eta Diskoa. Taldea zazpi emakumek osatzen dute eta Ingalaterrako musika-talde gogokoenetako bat da dagoeneko.
Martxoaren 12an eta apirilaren 16an, berriz, prestakuntzarako jardunaldiak iritsiko dira Jesus Guridi Kontserbatorioko eta Luis Aramburu Eskolako ikasleekin. Combotan egingo dute lan.
Amaitzeko, Anatole Muster Triok maiatzaren 21ean joko du. Anatole Muster prodijio gazte bat da; ekoizle berritzailea eta akordeoiarekin birtuosoa da eta 21 urterekin bere aztarna utzi du jazz modernoan. Bere apartekotasuna kritikak ere ezagutu du eta hainbat izen handik ere azpimarratu izan dute. Horietako bat da, adibidez, Jamie Cullum, bere konposizioetako bat BBC Radio 2n aurkeztu baitzuen. Bestalde, artista azpimarragarriekin batera kolaboratu izan du: Tennyson kanadarrarekin eta Kiefer eta Daniel Hayn musikari kaliforniarrekin, adibidez. Kolaborazio horri esker sortu dute “Vacuum Lessons”, Spotifyn dagoeneko 800.000 erreprodukzio baino gehiago izan dituen musika-lana.
Seigarren kontzertua ongintzakoa izango da eta bildutako dirua erakunde bati bideratuko zaio. Laboral Kutxaren laguntzari esker egingo da kontzertua. Laster aurkeztuko dituzte emanaldi horren inguruko xehetasunak.
Sarrera eta abonamenduak salgai daude www.ondasdejazz.com webgunean.