Giovanni Anselmo (Ivrea, Italia, 1934), Povera Arteko kidea, adinez eta uste sendoaren arabera hirurogeiko hamarkadako belaunaldikoa da. Hamarkada horrek corpus sendo eta homogeneoa eratzen du kontzeptuari dagokionez; hau da, aurrerapenaren ideia arrazionalista zalantzan jarri zuen, eta hurbilketa sortzaileak bere osotasunean berreraikitzen eta berrikusten saiatu zen. Ezegonkortasuna, ausazkotasuna, indeterminazioa, interdependentzia eta konplexutasuna bezalako kontzeptuak diziplina guztien oinarrietan behin betiko eragina izan zuten. Gizakiak paisaia eratzen duen behatzaile bereizi izateari utziko dio; aitzitik, paisaia preziatzen, neurtzen eta ezagutzen ahaleginduko da. Hori bereziki nabarmena da Anselmoren hurbilketa sortzailean; izan ere, haren lana, povera artista askoren lana bezala, naturara hurbiltzen da ahalmen fisikoak eta energetikoak berraurkitzeko.
Gloria Moure izango da komisarioa artistarekin berarekin lankidetza estua eginez. Giovanni Anselmo. Horizontetik haratago erakusketaren asmoa da egilearen ikuspegi sortzailea erakustea 50 bat lanaren bitartez; tartean, argazkiak, proiekzioak, marrazkiak, eskulturak nahiz in situ egindako lanak aurkitzen dira. Erakusketak Giovanni Anselmoren corpus artistikoa osatzen duten kategoria eta motibo errepikariekin ohitzeko aukera emango dio publikoari, eta, aldi berean, haren lanak garaikideentzat nahiz gaur egungoentzat duen garrantzi izugarria agerian utziko du. Anselmoren obren eta horiek erakusten diren espazioaren artean dagoen harreman indartsua kontuan hartuta, Museoaren arkitekturaren berezitasuna elkarrizketa aberasgarrien eszenatoki liluragarri bilakatuko da.
Aretoak: 205, 206, 207 Eta 209
Komisarioa: Gloria Moure