Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak Auzo Eszenaren denboraldi berria antolatu du XIII. edizioaren baitan. Otsailaren 18tik maiatzaren 26ra bitarte, gizarte-etxeetan ekitaldi-aretoetan eskainiko dituzte ikuskizunak. Igandetan, 19:00etan, publiko guztientzako (gazteak, haurrak eta helduak) entretenimendua eta era guztietako modalitateak barne hartzen dituen proposamenak eskainiko dituzte: umorea, antzerkia, magia, dantza, monologoak eta bertsoak, besteak beste.
“Auzo Eszenaren helburua da arte eszeniko ez-profesionalak agertokietara eramatea eta, hala, Gasteizko amateur talde eta artistak babestea. Programa honi esker, beren lana publikoarekin banatzeko eta hiriko kultur agenda are aberatsagoa izaten lagun dezakete”, adierazi du Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Sonia Díaz de Corcuerak, aurkezpeneko prentsaurrekoan. Izan ere, egitasmoak gizarte-etxeetako ekitaldi-aretoak eta ikuskizunak oholtzara eramateko beharrezko azpiegitura jartzen ditu parte-hartzaileen esku.
2023ko urrian, deialdi publikoa egin zen Gasteizko antzerki- edo artista-talde ez-profesional guztiek beren proposamenak aurkez zitzaten. Deialdira 19 proposamen aurkeztu zituzten eta haietako batek baja eman zuen. Ondorioz, aurten antzeztuko den proposamen kopurua 18koa da: 9 denboraldi honetan, eta gainerako 9ak urritik abendura bitarteko denboraldian. Denboraldi honetan, honako hauek izango dira eskainiko dituzten lanak:
Sarrerak otsailaren 7tik, asteazkenetik, aurrera erosi ahal izango dira gizarte-etxe eta kirol-instalazio guztietan (frontoietan izan ezik) aurrez aurre edo Internet bidez, emanaldia hasi baino ordubete lehenagora arte. 3 edo 5 eurokoa izango da sarreren prezioa.
Informazio gehiago Udalaren webgunean.
Arai Dantzak “Miradas cruzadas” aurkezten du
Arai Dantza 2000. urtean sortu zen, dantzaren, mugimenduaren eta adierazpenaren mundua, populazio normalizatutik haratago, kolektibo minoritarioetara zabaltzeko. ASPACE, Arabako Gorrak eta Arte Proceso Musika Institutuarekin lan egin dute, besteak beste. Calasanz-Escolapios ikastetxearekin ere proiektu bat bultzatu dute, behar bereziak dituzten hezkuntza-gelarekin gelarekin gorputz adierazpeneko eta mugimenduko tailer bat sortzeko.
Tailer eta prestakuntzez gain, elkarteak ikuskizunak ere antolatzen ditu. Horietako bat ‘Miradas cruzadas’ da, martxoaren 17an Auzo Eszena ekimenaren baitan Zabalgana gizarte etxean aurkeztuko den proposamena. Lan horrek desgaitasun intelektuala duten pertsonei buruz hitz egiten du; haiek dira euren historia eta egunerokoa kontatzen dutenak. Gizarte-oztopoak, aurreiritziak eta etiketak bezalako gaiak jorratzen dira, baina haien potentzialari eta gaitasunei buruz ere hitz egiten da. Obra hori desgaitasuna duten pertsonen talde batek antzeztu du oso-osorik, eta Arai Danza taldeko bi koreografoak bertan integratu dira.