June Cresporen (Iruñea, 1982) eskultura-praktika hainbat bide eta ikerketa-ildo garaikideen bidegurutzean kokatzen da berak horrela nahi izanik. Alde batetik, elkarrizketa eraldatzailea ezartzen du azken hamarkadetako euskal artea markatu duten kontzeptuekin; hots, “pare mugikorrak”, tartean, abstrakzioa eta keinua, tragikoa eta opakoa, arintasuna eta arroztasuna. Era berean, duela gutxi arte eztabaida handietatik kanpo zeuden gaiak hartzen ditu bere gain, bereziki, sentsibilitate feministari eta bizimodu modernoak errealitate naturalera eraman duen suntsipenaren kontzientziari dagokienean. Era askotako materialak bildu eta nahastuz, Crespok bizitako materialen eta gure existentzia hesitzen eta bideratzen duten egiturazko elementuen artean kontraste handia dagoela azpimarratzen du: hodiak, txapak, moldeak eta enkofratuak, eta horietara ehunezko piezak edo baita paperak ere akoplatzen dira, tenkagailuen bidez lotuta edo, besterik gabe, elkarren gainean jarrita, elkarri galdezka.
Nahiz eta gaur egungo mundua konplexua izan eta informazioaren teknologiek erreferentzia ugari erakutsi, edo agian horregatik beragatik, Cresporen lana ia erabat gorputzean oinarritzen da: ukimenaren sentsualtasuna, pisua eta ehundura, prozesu metabolikoak eta istripuak. Elementu horiek, Guggenheim Bilbao Museoko 105. Aretoan, aparteko ezaugarri eta dimentsioen testuingurua aurkituko dute, eta artistak espazio horretarako espezifikoki sortutako instalazioaren bidez esku hartuko du.
Aretoa: 105
Komisarioa: Manuel Cirauqui