"Kameratik Orratzera"

Balmaseda 2024(e)ko martxoaren 5(e)tik 2024(e)ko uztailaren 7(e)ra
  • "Kameratik Orratzera"

Bilboko Euskal Museoak ekoitzitako Kameratik orratzera erakusketa La Encartada Fabrika-Museora iritsi da. Eulalia Abaituaren argazki funtsetik abiatuta, XIX. eta XX. mendeen arteko Bizkaiko emakumezkoen janzkera erakusten duten lau jantzi ekoiztu dira eta bertan daude ikusgai. Europa osoko ehun urtetik gorako ehungintzako bilduma teknologiko onena duen fabrika da Balmasedako Encartada Fabrika-Museoa, garaiko makina eta aparatu berberak ditu. Orain, ondare industrialaren erreferentea den toki honetan argazkigintza eta jantziak uztartzen dituen erakusketa dago ikusgai uztailera arte.

Eulalia Abaitua Bilboko argazkilariaren lana oinarri hartuta, XIX eta XX mendeen arteko Bizkaiko nekazal zein hiri inguruetako emakumeen jantzien ezaugarrien zehaztasunak azaltzen dira Kameratik orratzera erakusketan. Bilboko Euskal Museoak ekoitzitako erakusketarako giro ezberdinetan nagusitzen ziren ezaugarriak biltzen dituzten lau jantzi oso proposatu dira eredu moduan eta Dantzarien Biltzar ezberdinen laguntzaz ezagututako Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta  Zubitxo (Lezo) dantza taldeetako emakumeek josi dituzte.

Izan ere, Eulalia Abaituaren argazki sorta batetik abiatuta, Bizkaiko emakumezkoen janzkera erakusten duten lau jantzi ekoiztu dira. Erakusketan Eulalia Abaituaren hogei bat argazki, jantziak eta zenbait osagarri daude ikusgai (buruko zapiak, lepoko zapiak, barruko arropak, txanbra, jakak amantalak eta bestelakoak).

La Encartada Fabrika-Museoak eskaintzen duen erakusketan, Bilboko Euskal Museoak berriki egindako digitalizazioak erabiliz sortutako formatu handiko 24 erreprodukzio, jantzi ezberdinen ezaugarriak azaltzeko garaiko piezak, irudiak eta bestelako erreferentziak oinarri gisa erabiliz egituratutako lau jantzi oso eta jostun, patroigile eta tindatzaileen lana batuko duen ikus-entzunezko bat izango dira.

Erakusketarekin batera, jantziak egiteko erabilitako patroiak batu eta jendearentzat eskuragarri jartzea da asmoa. La Encartada Fabrika-Museoan ospakizun formaletarako jantziaren patroiak lortzeko aukera izango da paperezko edizioan, eta gainontzeko hiru jantzienak erakusketa ikusgai egongo den espazioetan aurkeztuko dira.

Elementu horiek guztiak erabiliz Kameratik orratzera erakusketaren bitartez, Eulalia Abaitua argazkilariaren lana ezagutarazten da ikuspuntu ezberdin baten bitartez balorean jarriz. Izan ere, argazkiak informazio iturri paregabe bihurtzen dira, emakume langileen janzkera gaietako ikerketa egiteko.

Gainera, Bizkaiko nekazal zein hiri giroko emakume langileen jantzien ezaugarriak batzen dira erakusketa honetan, baita atzean dauzkaten balio eta esanahiak ere. Bestalde, joskintzari lotutako herri kulturaren transmisioan dantza taldeek izandako garrantzia kontuan hartuz, ikerketa eta ekoizpenean emakumeek nagusiki izan duten itzaleko lana balioan jarri eta aitortzen da Kameratik orratzera proiektuan.

Erakusketa hau ibiltaria da, eta Bilboko Euskal Museoa berregituratze lanetan dagoen bitartean antolatutako ekintzen artean kokatzen da.

Ehungintza sektorearekin erabat lotuta dagoen La Encartada Fabrika-Museoan hasiko du ibilbidea erakusketa honek. La Encartada Fabrika-Museoa bisitatzea XIX. mendeko ehungintza sektoreko fabrika batean murgiltzea eta garaiko puntako makinak ezagutzea da. Museoa bisitatzen dutenek XIX. mende amaierako fabrika batean zegoen giroa aurkituko dute.

La Encartada Fabrika-Museoa

La Encartada Fabrika-Museoa industria-ondarearen erreferentea da; Euskadiko Monumentu Multzo izendatu zuten, eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak industria-ondarea berreskuratzeko jardunbide egokien eredutzat ere jo zuen, bai eraikina eta makinak berreskuratzeagatik, bai Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaturiko museoak antolatzen dituen jarduerengatik, emandako balioagatik eta eginiko hedapen-lanagatik.

Gainera, Anchor Point izenez ezagutzen den Europako Industria Ondarearen Ibilbideko elementu nabarmenetako bat da.

.bizkaia.eus

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko martxoaren 5(e)tik 2024(e)ko uztailaren 7(e)ra
  • LekuaLa Encartada fabrika-museoa
    El Peñueco auzoa, 11
    Balmaseda
    Web
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Ikusi agenda La Encartada fabrika-museoa, Balmaseda

Non