"Eugiko armategi artistikoa, Nafarroa"

Bilbao 2024(e)ko martxoaren 12(e)tik 2024(e)ko ekainaren 21(e)ra
  • "Eugiko armategi artistikoa, Nafarroa"

Obra Gonbidatua programak bere izaera berezia berretsiko du erakusketa honekin, Banco Santander Fundazioaren eskutik museora ekarriz luxuzko armagintzako objektu multzo bat, Nafarroako Eugiko burdinola historikoan jatorria duena. Ikusgai jarriko diren piezak Madrilgo Errege Armategian kontserbatzen dira, eta Ondare Nazionaleko Errege Bildumen parte dira.  

XVI. mendearen azken hamarkadan eta XVII. mendearen lehen hamarkadetan datatutako hiru lan erakutsiko dira, kalitate bikainekoak: zelata bat (c. 1596), urre eta zilarrezko damaskinatuz oparo apaindua, Parisko Judizioko errodela (c. 1598), herentzia klasikoko gai eta hizkuntza formalak dituena, eta arkabuz bat (c. 1620), Eugin jatorria duen su-arma ezagun bakarra izatea bereizgarri duena. Haiekin batera ekarriko da XIX. mendeko dokumentu sorta bereziki hautatu bat, honako ale hauek osatua: arma-lantegiak sortutako ekoizpen bikainenak ageri diren liburu ilustratu bat, Achille Jubinal Erdi Aroaren aditu frantsesak argitaratua, Charles Clifford (1) eta Jean Laurent (3) argazkilarien antzinako argazkiak, eta Lipako kondearen argazki-albuma. Eugiko piezek historian zehar sortu izan duten interesaren lekuko, guztiak ere. 

Eugiko burdinola

XV. eta XVII. mendeen artean, Flandes, Alemania hegoaldea eta Italia iparraldea izan ziren Europako armagintzaren gune nagusiak. XVI. mendearen lehen erdian, espainiar koroak bereganatu zituen gune haiek, baina Karlos V.a hil ondoren, 1558an, Flandesek eta Milanek soilik iraun zuten luxuzko gune gisa hispaniar monarkiaren eremuan. Testuinguru hartan, ordea, orobat nabarmendu ziren euskal eta nafar arma-lantegiak –orain arte oso ezagunak izan ez badira ere–, zeinen adibide adierazgarriena baita Eugiko burdinola (Nafarroa)

Lau hamarkada eskasean –1595 eta 1634 artean–, sorkuntza artistiko aparta ekoitzi zuen Eugiko burdinolak, Espainiako ondare historikoko luxuzko arma multzo bikainenetakoa. Iruñetik iparraldera kokatuta zegoen, eta Europako gune handienetakotzat, kalitatez, eta italiar tradizioaren adibide onenetakotzat hartua da gaur egun. Filipe II.aren interesari esker loratu zen lantegia; hain zuzen ere, hark erosi zuen eta haren ekimenez aritu ziren bertan lanean milandar armagileak. Lantegian sortutako oso obra gutxi kontserbatu dira gaur egun arte, Filipe III.arekin eta haren familiarekin lotuak, kronologikoki. 


Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko martxoaren 12(e)tik 2024(e)ko ekainaren 21(e)ra
  • OrdutegiaAsteazkenetik astelehenera: 10:00-20:00. Asteartean itxita . Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an itxita. Abenduaren 24 eta 31n: 10:00-14:00
  • Lekua Bilboko Arte Eder Museoa
    Museo Plaza, 2
    Bilbao
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Bilboko Arte Eder Museoa

Non