"Chillida eta Balenciaga. Tolestu forma"

Getaria 2024(e)ko martxoaren 22(e)tik 2025(e)ko urtarrilaren 5(e)ra
  • "Chillida eta Balenciaga. Tolestu forma"
    Argazkia: Cristóbal Balenciaga Museoa

Eduardo Chillidak (Donostia, 1924 - Donostia, 2002) eta Cristóbal Balenciagak (Getaria, 1895 - Valentzia, 2002) gipuzkoar jatorria eta adiskidetasun loturak ez ezik, oinarri filosofiko komuna ere badute. Biak dira galderaren eta esperimentazioaren seme. Edertasunaren eta harmoniaren bilaketarekin bat eginda, materia errespetu handiz lantzen dute, materialen taupadei —eskultorearen eta jostunaren kolaboratzaile leial eta zorrotzei— adi.

Ezabatze bidez sortzen dute, hutsik/beteta jokoa planteatuz eta muga berriak bilatuz beti. Forma tolesteak beren sortze lanetan sorrarazten duten barne espazioan sartzeko aukera ematen die, non proportzioa eta poesia ezinbestekoak baitira.

Partekatzen zituzten kontzeptu horiek izan daitezke Eduardo Chillida 1987an bultzatu zutenak “Balenciagaren omenez” obraren lehen estudioa egitera. Haren jaiotzaren 100. urteurrenaren testuinguruan, airea zizelkatzen zuen eskultorearen eta espazioa josten zuen jostunaren leku komunak esploratzera eta antzematera gonbidatzen gaitu erakusketa honek, “Atlantikoko argia” lagun.

Igor Uria, Cristobal Balenciaga Museoko Bildumen zuzendariak komisariatua, eta Chillida Lekuko komisario taldearekin elkarlanean, Cristóbal Balenciagaren artelanen eta beste sortzaile batzuen, beste bilduma batzuen eta beste diziplina batzuen arteko solasa jasotzen duen areto berrian kokatuta dago erakusketa hau, bisitarien esperientzia eta Balenciagaren obrari buruzko ezagutza aberasten laguntzeko.

Museoaren erakusketa-ibilbidea kontuan hartuta, “Topaketak” areto berria Chillida/Balenciaga. Forma tolestuz erakusketarekin inauguratzea bereziki egokia eta aukera paregabea zela iruditu zitzaien, “Balenciagaren omenez” obra Getariara etorri ahal izan zedin.

Jardueren egitaraua

Erakusketa dela eta, Cristobal Balenciaga Museoak eta Chillida Lekuk jarduera bateratuak eta osagarriak biltzen dituen programa bat proposatzen dute. Jarduerak udaberritik aurrera garatuko dira eta datorren urtera arte luzatuko dira.

Sarrera eta bisita gidatuak

Bisitariek % 10eko deskontua izango dute bi museoetarako, hau da, Cristóbal Balenciaga Museorakoeta Chillida Lekurako. Bi museoetako sarrera-txartela aurkeztea nahikoa izango da. Bi Museoetako lagunek % 50eko deskontua izango dute museo zentroetako sarrera-txartelen ohiko prezioan. Bisita gidatuez gain.

Jarduera osagarrien egitaraua

Urriaren 19an, bi sortzaileen arteko loturak aztertzera gonbidatuko gaituen jardunaldi bat egitea aurreikusita dago; bertan, Carmiña Dovale ikertzaileak eta Igor Uriak hartuko dute parte. Jardunaldia Cristóbal Balenciaga Museoan egingo da eta sarrera doakoa izango da.

DAB Dantza Arte Bitartekaritza-ren eskutik, eta Donostiako Musika hamabostaldiarekin elkarlanean, NOEUD (“korapiloa”, frantsesez) izeneko dantza-ikuskizuna aurreikusita dago abuztuaren 10ean. Espazioak eta irudi lerromakurrak sortzea dira jarduerak mugimenduen bidez aztertuko dituen kontzeptuak.

Azkenik, familiei eta haurrei zuzenduta, bi jarduera programatuko dira. Lehenak, Donostiako Orfeoiarekin elkarlanean, eta Europako Musika Egunaren barruan, musika eta sormena uztartuko ditu. Eta bigarrenak, udazken aldean, Maushaus kolektiboaren eskutik, azalpenezko edukian sakonduko du elkarrizketen bidez.

Chillida/Balenciaga. Lotura eta balio komunak

Bi sortzaileen artean dauden loturez gain, haien ibilbideek balio komunak dituen mundu bat uzten dute agerian, eta balio horiek bultzatzen eta gidatzen zituzten beren zeregin sortzailean.

Balenciagaren omenez

1990ean, Eduardo Chillidak “Balenciagaren omenez” eskultura sortu zuen, miresten dituen artistei eta pentsalariei eskainitako sail baten barruan. Obra honetatik abiatuta, zeinak agerian jartzen baitu Balenciagaren obra nola interpretatzen duen, Chillida eta Balenciaga. Forma tolestuz erakusketa egituraturik dago bi sortzaile hauen obran dauden paralelismoak erakusteko.

Omenaldi honekin lotuta, lanik zaharrena 1987ko grabitazio eta serigrafia lanei dagokie, jostunari dedikatu zion atzera begirako erakusketaren harira burutuak (erakusketa Donostiako Miramar Jauregian izan zen).

Plano bertikalak espazioan sartzen dira eta soslai femenino bat marrazten dute, irristatuz eta hutsik/beteta jokoari horizonte bat irekiz. “Balenciagak siluetak sortzen zituen, zeinetan prestutasunak, dotoreziak eta proportzioen harmoniak indar handiagoa ematen baitzioten bolumenari. Espazio bizigarriak ziren emakumearentzat, ahaldundu egiten zuten eta emakume dotore gisa goratzen zuten inguruko ikusleen aurrean”, dio Igor Uria erakusketaren komisarioak. Eduardo Chillidak esperientzia horiek preziatu zituen eta omenaldi batean jaso zituen, non espirituarentzako espazio bat sortu baitzuen.

“Balenciagaren omenez” izeneko artelana garatzen duen burdinazko eskultura 1990ean burutu zen, bi metro eta erdiko altuera du eta Cortez altzairuz egina dago Patricio Echeverría lantegiko forjaketa-labeetan, Legazpin. Lau tona eta erdi pisatzen du; horrek egonkortasun handia ematen dio, bai eta gorabehera bat edo beste garraiatzeko orduan ere. Material masiboa izan arren, obraren erdiko espazioak konektatu egiten du gure ikuspegiarekin eta gure gorputz neurriarekin.

Bokazio arkitektonikoak, soiltasunak eta obraren harmoniak elkarrekin lotzen dituzte bi sortzaileak, beren obra sorkuntza bakartzat hartzeraino. Ezaugarri komunak zituzten: beren euskal jatorriaz harro zeuden, lanarekiko zorrotzak eta zintzoak ziren, izaeraz isilak eta ondo heziak ziren (horrek haiekiko errespetua areagotzen zuen). Materiala, oihala, burdina edota papera sentitzea eta horien adierazpen ezaugarriekin bat etortzea funtsezkoa da. “Baina gure ikuspuntutik, bien gauzarik harrigarriena bolumenarekiko duten interesa da (gorputzarekiko interesaren gainetik jarria, jostunaren kasuan; eta eskultorearen kasuan, bolumenarekiko interesa, espazioa agerian uzteko). Etxeak/soinekoak versus eskulturak/lekuak”, ohartarazten da Chillida Lekuko erakusketa-gunean.

15 cm-ko lodiera duten altzairuzko xafla hauek erdiko figura bat inguratzen duen gainjantzi bihurtzen ditu Chillidak; espazio huts bat da, gorpuztu egiten dena eta eskultoreak pozik aurkitu zuena eskultura amaitutakoan. “Bi zirkuluak izan daitezke (interpretazio polita) gainjantziaren ukabilak eta irudi bat inguratzen duen eta eskuak eta haien silueta espazio huts batean zehar agerian uzten dituengainjantzi bat”, azpimarratzen du Igor Uria erakusketaren komisarioak.

1999an Cristóbal Balenciaga Fundazioa eratu zen, eta museo sortu aurreko urteetan kide sortzaileetako bat Eduardo Chillida izan zen. Orduko hartan, eskultoreak 1987ko lehen marrazkiaren bertsio bat laga zuen, fundazioaren anagrama gisa erabil zedin. Jostunari egindako omenaldiaren hiru bertsio hauek Chillidaren obraren errealitate bat jartzen dute agerian: Chillidaren obra grafikoa, itxuraz desberdina izan arren, estu loturik dago bere obra eskultorikoarekin.


Laburrean

Non