"Entresaka" (Ibon Aranberri) eta "Unform" (Patricia Dauder) erakusketak

Vitoria-Gasteiz 2024(e)ko apirilaren 26(e)tik 2024(e)ko irailaren 29(e)ra
  • "Entresaka" (Ibon Aranberri) eta "Unform" (Patricia Dauder) erakusketak
  • "Entresaka" (Ibon Aranberri) eta "Unform" (Patricia Dauder) erakusketak

ENTRESAKA

Ibon Aranberriri eskainitako erakusketa honek laurogeita hamarreko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte iritsi den obra sorta bat biltzen du. Erakusketa MNCARSekin elkarlanean egindako proiektuaren parte da. Bertan, artistaren ekoizpenari eskainitako lehen erakusketa bat egin da Vista Parcial izenburuarekin, eta horri Entresaka izenarekin Artium Museoan egindako aurkezpen berri hau gehitu behar zaio orain.

Aranberriren lan adierazgarriek osatzen dute bi erakusketen muina, eta biek agerian uzten dute paisaiaren eraketa-prozesuekiko eta gizakiaren esku-hartzearen ondoriozko eraldaketarekiko kezka. Izan ere, haren praktika, erreferentzia eta keinuz jositako ehun batean inskribatua, erabat definitu ezin den osotasun baten hondar eta inguruetara zeharka begiratuz eratzen da. Alde horretatik, erakusketako obra askotan paisaia modernitatearen eraikuntza gisa agertzen da, eta horrek makroproiektu handiak garatzeari bide ematen dio. Artistaren beste kezka batzuk erakusketaren hainbat unetan suma daitezke, lehen industrializazioaren ondare materiala eta kontzeptuala eta haren aztarnak berrikustean.

Atzera begirakoaren zurruntasunetik nahita aldenduz, artistak errepikapen- eta zatiketa-estrategiak erabiltzen ditu bere proiektuetan, eta obra ireki baten saioak hedatzen ditu, testuinguruaren eta haren ikuspegien arabera aldatzen direnak. Hori gertatzen da Entresaka-n; izan ere, Aranberriren lanak ez dira egokitzen erakusketa-espazio mugatu batera, baizik eta museoko hainbat aretotan txertatzen dira, Bildumaren aurkezpenari eskainitakoak barne, artistaren lana haren parte baita.

Lanen eta espazioen arteko joan-etorri horretan, lan batzuen hasierako neurria zabaldu eta birtolestu egiten da ibilbidearen une batzuetan eta besteetan, denboraren jauzi batean. Jauzi horrek erakusgai dauden materialak beste bitartekaritza-aparatu batera egokitzen ditu, lekualdatuz eta erreaktibatuz, museora, zeina orain proposatutako harreman berrietan interpelatzen baita.

UNFORM

Patricia Dauderren (Bartzelona, 1973) lanari eskainitako Unform erakusketako eskultura, marrazki, instalazio eta filmek askotan ia hautemanezinak diren aztarnak uzten dituzten une afektiboei jarraitzeko artistak duen interesa aztertzen dute. Erakusketak agerian uzten du, era berean, denboraren joanarekiko artistaren interesa, metatze- eta ezabatze-tekniken erabileran nabaritzen dena. Horrela, askotan aurkitutako objektuak erabiliz, Dauderren ekoizpenak aztarnak eta hondarrak baino geratzen ez diren objektu eta espazioen balizko istorioak dakartza gogora.

Haren praktikan garrantzitsuak dira, orobat, piezak egiteko erabiltzen dituen protokoloak: piezak tenperatura eta hezetasun-baldintza aldakorretan jartzea, argiari haien gainean eragiten uztea, haien gainazalak aldatzen dituzten oxidazio-prozesuak ahalbidetzea, ebakitzea, dekapatzea edo zulatzea, materialak laberatu eta erretzea edo lurperatuta edukitzea denbora-tarte jakin batzuetan. Jarduteko modu horrek, artelanetan erabilitako materialen (paperak, oihalak, buztinak, argizariak, igeltsuak...) mugak tenkatzen ditu eta, aldi berean, arkeologo baten tekniketara eta baldintza atmosferikoek eta denboraren joanak eragindako ondorioak lehengoratzeko prozesuetara jotzen du. Erakusketa honen harira sortutako testuak dioen bezala, «artistak denborak eta mekanikak ezartzen ditu, zaindu egiten ditu, zuzendu egiten ditu, eta, azken batean, erritual geldo eta ustekabekoa jasaten du. […] badakigu obra bakoitzaren atzean aurretiko bizitza bat dagoela, nahiz eta ez ikusi, aktiboa, biologikoa».

Denboraren esperientzia, pertzepzioa, irudikapena eta oroimena aztertzen dituen hausnarketa bat da; gai horiek ere funtsezkoak dira haren filmak —ikuslearen jarrera aktiboa eskatzen duten ikus-entzunezko dokumentuak— egiteko. Insulana (2021) aurkeztuko da Unform erakusketan, 1957tik 1958ra Azore uharteetan izandako erupzio bolkaniko bat abiapuntu hartuta, eta March 5th 1979 (2011), 1979ko martxoaren 5ean Kanariar Uharteetako zeruetan izandako argi-fenomeno bati erreferentzia eginez.

Catalina Lozano da Unform erakusketaren komisarioa.

artium.eus

Laburrean

  • Mota Erakusketa
  • Data 2024(e)ko apirilaren 26(e)tik 2024(e)ko irailaren 29(e)ra
  • OrdutegiaAsteartetik ostiralera 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 // Larunbat eta igandetan 11:00-20:00
  • Lekua Artium Museoa
    Frantzia Kalea, 24
    Vitoria-Gasteiz
  • Zenbatekoa2,50 / 5 €
  • Sarrerak Erosi
  • HizkuntzaBat ere ez
  • Web Artium Museoa

Non