Euskal panoraman erreferentziazkoa den pop banda da Bulego, ohikoak ez diren zuzenekoengatik da ezaguna. Publikoak irrikaz espero zuen Aldatu aurretik diskoa aurkeztuko dute zuzenean.
Aldatu aurretik Euskal Herriko urteko diskoa izateko aukera handiak dituen lan kontzeptuala da. 10 abestiz osatuta dago, pop zuzena uztartzen duena eta edukiz betea dagoena. Zea Mays, Oreka TX, Ede eta Ginestà artistekin elkarlanean euskara, katalana eta gaztelania biltzen ditu azken lanak.
Diskoak aldaketa ardatz duen bidaia proposatzen du eta kantuz kantu gai honen inguruan hausnartzera gonbidatzen du entzulea. Tom letragilearen inspirazio iturri nagusia aitatasuna izan da, baita aldaketa horrek bere baitan loratu dituen sentimendu guztiak ere. Taldearen hitzetan, "diskoa bere bizitzan aldaketak pairatzen ari dituen edonorentzat idatzita dago, denak etengabe aldatzen ari baikara".