Museoaren 20. urteurrenaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiaren El Pobal burdinolak erakusketa berezi bat aurkezten du: «Haizearen seinale, denboraren seinale: Haize-orratzak Bizkaian».
Eraikinen gailurrean haizearen noranzkoa adierazteko jarritako tresnak baino zerbait gehiago ziren haize-orratzak. Funtzio praktiko ukaezin hori izateaz gainera, haize-orratzak apaingarriak ere baziren, eta eraikinak dotoretzen zituzten. Are gehiago; lau haizeetara iragartzen zuten halakoak izan ohi zituzten jauregi, eliza, komentu edo udal horien jabeen edo sustatzaileen aberastasuna.
Haize-orratzak burdinaz forjatzen ziren eta, gaur egun, olagizonen eta errementarien belaunaldi ugarik egindako lanaren -ia beti anonimoa- lekukotza dira. Bizkaian tradizio luzea duen ofizio baten abilezia eta sentsibilitate artistikoa islatzen dute, eta El Pobal burdinolak balioa eman nahi dio ofizio horri, museoaren 20. urteurrenaren testuinguruan.
Hori dela eta, apirilaren 27an (larunbata), «Haizearen seinale, denboraren seinale: Haize-orratzak Bizkaian» erakusketa oso berezia zabalduko da. Jose Pablo Arriaga eskultoreak burdinolarako berariaz sortutako instalazio artistikoa da, eta Bilboko Euskal Museoak utzitako XVIII. eta XIX. mendeko haize-orratzen bilduma bat du. Erakusketa horren osagarri, katalogo bat argitaratu da, Jesús Muñizen testuekin eta Santi Yanizen argazkiekin. Katalogo horren bidez, lehen hurbilketa historikoa egin nahi da Bizkaiko haize-orratzak ezagutzeko eta gaur egun gure inguruan gordetzen ditugun ale eder eta berezienetako batzuk erakutsi nahi zaizkigu.
Instalazio artistikoa eta haren egilea
Haize-orratz horiek berriro jendeari erakusteko, foru-museoak ohikoa ez den formatu bat aukeratu du, eta artista garaikide baten begirada konplizeari esker gauzatu ahal izan da: Jose Pablo Arriaga eskultorea; markinarra da eta tradizioarekiko errespetua eta modu intimoan eta abangoardistan berrinterpretatzeko gaitasuna batzen ditu bere ibilbidean.
Jose Pablok objektu enblematiko horien esentzia harrapatzen duen instalazio artistiko bat sortu du: zur kurbatuzko pieza inguratzaile batzuk dira haren obraren bereizgarriak; ezarritako formei aurre egiten diete eta barruan hartzen dituzte burdinazko haize-orratzak, zeinek harmonia sotila eratzen baitute orain integratuta dauden ola-espazioarekin.
Berez etereoak diren haize-orratzek bat egiten dute kono alderantzikatuen forma hartuta inguratzen dituzten euskarrietako kalabo-zur errearekin. Emaitza haizearen seinale horiek babestu eta edertzen dituen gorputz sendo bat da, zeinak argi eta itzalen joko iradokitzaile baten bidez sartzen baitu mugimendua.
Katalogoa
Argitalpen honen orrialdeak irakurriz gero, zenbait bitxikeria aurki daitezke. Haietako bat da Bilboko San Anton elizaren dorrearen gainaldean dagoen emakume-irudi liraina, fedearen alegoria izateaz gainera, duela gutxira arte haize-orratzaren funtzioak betetzen zituen giraldillo bat dela. Eta beste bitxikeria bat da antzeko ezaugarriak dituzten hiru orratz izan direla -suteen ondorioz hondatu ziren- Elorrioko Andra Maria Sortzez Garbia basilikaren kanpandorrearen goiko aldean. Basilika hori Sevillako Giralda ospetsua eredutzat hartuta eraiki zen.
Azterlan honek Bizkaiko haize-orratzen historia aztertzen du, eta haien jatorriari buruzko hainbat hipotesi planteatzen ditu, gaur egun zalantzazkoak baitira. Halaber, arte-estiloen bilakaeraren jarraipena egiten du. Estilo horien ondorioz, zenbait pieza deigarria daude: Casa Jara jauregiko haize-orratz barrokoa, 1650ean forjatua, edo, Elorrion ere, Tola jauregiko orratz modernista bikain eta monumentala. Nabarmentzekoak dira Ayala familiaren ikur diren bi otso ibiltariak. XX. mendearen hasieran erosi eta berritu zuen familia horrek jauregia.
Errepaso historiko horrekin batera, katalogoak Jose Pablo Arriaga eskultoreak El Pobalerako egindako instalazioa aztertzen du, eta testuinguruan kokatzen du haren ibilbidearen barruan. Azkenik, argitalpenak orrialde batzuk ditu Bilboko Euskal Museoko haize-orratz bakoitza deskribatzeko. Izan ere, orratz horiek dira Arriagaren sorkuntzaren benetako inspirazio-iturri. Interpretazio intimista horrek orratz guztiak oso modu iradokitzailean eta sotilean batzea lortu du, haien esentzia eta orain hartzen duten espazioa errespetatuz.
Erakusketari loturiko jarduerak
Erakusketa hori oinarri hartuta, burdinolak hainbat jarduera programatu ditu datozen hilabeteetan egiteko.
Hitzaldiak, ibilbideak eta erakustaldi bereziak gehituko zaizkio museoaren ohiko eskaintzari, haize-orratzak ezagutzera emateko zereginari ikuspegi askotatik ekiteko. Haize-orratzak aitzakia izango dira artearen historia eta bost kontinenteetako monumentu berezienetako batzuk ezagutzeko. Bizkaikoetatik hasita.
Hitzordu bat izango dugu errementariaren lanbidea ezagutzeko, baita tresna horiek dituzten zatiak, egiteko prozesua eta duten ikonografia anitza ezagutzeko ere. Museoko sutegian zuzeneko erakustaldiak egingo dira. Lehenengoa ekainean izango da.
Irailean Enkarterrin zehar egingo den ibilbide gidatuari esker, inguru horretako haize-orratz onenetako batzuk ikusteko aukera izango dugu, eta, aldi berean, berriro bisitatu ahal izango dugu eskualde horretako ondare arkitektoniko aberatsa.