Erakusketa hau Ignacio Ansorena Olazaran argazki-funtsak biltzen duen Sabino eta Ignacio Ansorenaren argazkiek osatzen dute. Hainbat garaitako irudiak dira, baina lotura amankomun bat dute: duela gutxi arte Durango inguratu duen landa-ingurunea islatzen da, gehiena desagertua delarik gaur egun.
Ez dakigu nola, baina, Sabino Ansorena argazkilaritza munduan sartu zen ofizioarekiko pasio eta dedikazio handiz. Harremanak zituen Jose Azurmendi, Isidoro Lebario edo Alfonso Soldevillarekin, guztiak ere beren argazkimakinen bisorearen atzetik begiratu zale.
Laborategi bat muntatu zuen Barrenkaleko bere etxeko ganbaran, eta handik, zeluloide independenteko 6x9 kristalezko klixeen kamerarekin, bere sorkuntzak datatu eta sinatzen zituen.
Argazkiotan kirol-lehiaketak, elizkizunak, jaiak eta uriko eguneroko bizitzako eszenak ikus daitezke. Baina bere betiko neska-lagun Emilia Olazaranekin ezkondu ondoren, eta 6 seme-alaba izan eta gero, bere begirada fotografikoa familiako eszenetan, etxeko egunerokotasunean eta ingurune hurbilenean zentratu zen.
Sabino 1965eko urriaren 9an hil zen, baina aldi joanen hautsak ez zituen bere argazkiak lausotu. Ignacio Ansorena semeak ondo zaindu zituen urte luzez eta, duela gutxi, Gerediaga Elkartearen dokumentu-zentroaren eskura jarri ditu.
Ignaziok aitaren zaletasun grinatsuarekin jarraitu zuen eta, halaxe, 60ko hamarkadan argazkiak egiten hasi zen. Garai hartako argazkietan behin eta berriz errepikatzen ziren gai erlijiosoak, hiribilduko eguneroko eszenak, paisaiak, familia, oporrak eta bidaiak.
Argazki-funtserako ere oso lan aberasgarria egin zuen: Durango bazterrik bazter korritu zuen, bere aitak baserri-eremuetan eta bestelakoetan erretratatu zituen pertsonak identifikatuz. Uriko herritarren eta adiskideen argazkiak bildu zituen herriaren oroimena gordetzeko eta iraunarazteko. Honi esker, Ansorenaren funtsa hasi eta hasi joan zen urteen poderioz.
Funts horren lehen estimazioan 10.000 argazki inguru zenbatu genituen, baina baliteke motz geratu izana kontaketan, izan ere, etengabe agertzen baitira negatiboen kaxak, paperezko kopien kaxak, kristalezko plakak eta koloretako argazkiak ere bai.
Durangoko Arte eta Historia Museoko Garazi Arrizabalaga zuzendariak eta Gerediaga Elkarteko argazki-artxiboko teknikari Patricia Laisekak elkarlanean egindako erakusketa honetan, landa-ingurunearen gaia aukeratu da gure herriaren historiari eta memoriari balioa emateko, paraje geroz eta urriagoak diren horiek ahanzturaren geruzak estali ez ditzan.