Maiatzaren 14tik 28ra bitartean Laudiok “feminismo zukutzeko” aukera izango du Laudioko Udaleko Gobernantza Feministako Zerbitzuak antolatu dituen lehen jardunaldi feministekin. “Zikloak feminismoa mugimendu inklusibo eta transbertsal gisa aurkeztu nahi du; oztopoak gaindituz eta ekitatea, berdintasuna eta askatasunean oinarritutako etorkizun distiratsua eratuz pertsona guztientzat“, adierazi du Nagore Gomara zerbitzuko zinegotziak.
Emakumeak jokabide matxistak identifikatu edo beren eskubideak urratzen dituzten egoerei aurre egiteko gai izan daitezen, jardunaldiak Maitena Monroy genero indarkerian aditua den fisioterapeutak “Autodefensa feminista, más allá de aprender a decir no” liburuaren aurkezpenarekin hasiko dira, maiatzaren 14an. Saioa 18:30ean izango da, Lezeaga Aretoan (Lamuza 17), Laudioko jabekuntza eskolan.
Zikloak hurrengo egunean, maiatzaren 15ean, “Llámalo X” antzezlan eta solasaldiarekin jarraituko du. Ikuskizunak emakumeen nahia taulen gainean jarriko du orgiak desmitifikatzeko, gizonek eta pornografian egiten duten sexu-fantasia ohikoenetako bat. Antzezlana 12 urtetik gorakoentzat izango da eta Kasinoan egingo da, 18:30ean.
Maiatzaren 16an eta 17an, Laudioko ikastetxeetako ikasleek tailer bat izango dute Pitu Aparicio gizarte-hezitzailearekin, sexualitatea, generoa eta hezkidetza lantzeko. “Gure gazteek tabuak haustea eta gai horien inguruko mito errotuak desmuntatzea da helburua. Anatomiari, desioari, plazerari eta maitasun erromantikoari buruz aritzeko denbora ere izango dute“, azaldu du zinegotziak.
Ostiralean berriz, 18:30etatik aurrera Lezeaga Aretoan (Lamuza 17), Kaitin Allende kazetari eta komediantearen eta Elisa Coll idazle eta aktibista bisexualaren arteko solasaldia egingo da; artistaren azken lanari helduz: “Resistencia Bisexual”.
Zinema, zaintza tailerra eta tokiko antzerki feminista
Zinea presente egongo da jardunaldi feministen lehen edizio honetan "Transfariana" filmarekin, larunbatean, maiatzaren 18an, eta Zinegoaken film laburrekin, maiatzaren 25ean; Bilbon urtero egiten den LGTBIQ+ nazioarteko zinema jaialdiaren barruan kokatzen direnak. Filma La Milagrosa Ikastetxean proiektatuko da 19:00etan eta film laburrak Lezeaga Aretoan ikusgai egongo dira, 18:30etik aurrera.
Asteazkenean, maiatzak 22, Laudioko jabekuntza eskolan "zainketaren artea zahartzaroan” tailerra izango da 18:30ean, Irati Mogollon ikertzaile feminista eta soziologian doktorearen eskutik.
Arte eszenikoak jardunaldi feministetan indarra jarraituko du izaten maiatzaren 24an, ostiralean. Oraingo honetan, Laudioko emakumeek Laia Laudio programako antzerki tailerretan prestatutako “Ni una menos, ni uno más (ni más ni menos)” lanarekin egingo du. Saioa arratsaldeko 18:30etan izango da Kasinoan.
Jardunaldi feministak maiatzaren 28an amaituko dira "Las etiquetas LGTBI+, ¿limitan o liberan?" mahai-inguruarekin. Saioan sexualitatea eta askatasunari buruz sakonduko da Diana Ibargutxi psikologo eta sexologo laudioarrak zuzenduta. Hizlariak Bea Sever sexologoa, kazetaria eta Naizen Euskal Herriko Adin Txikiko Transexualen Familien Elkarteko bozeramailea, June Fernandez kazetari eta ekintzaile feminista eta Andrea Momoitio kazetari, lesbiana eta feminista izango dira.
Jarduera guztiek, herritarrentzat irekiak, sarrera librea izango dute lekua bete arte.