Erakusketa honek museoaren bildumako hiru euskal artistaren lana erakusten du. Oraingo honetan, Juan de Echevarría, Gustavo de Maeztu eta Angel Olarte margolari euskaldunak hautatu ditugu, eta ikusgai dauden haien lan gehienak XX. mendearen lehen herenean eginak dira.
Juan de Echevarría Bilbon jaio eta Madrilen bizi izan zen, eta, Parisen egon ondoren, pintura molde abangoardistenen alde egin zuen. Museoan haien gai sail handietako margolanak daude: 98ko Belaunaldiko idazleen erretratuak, ijitoen gaiak, natura hilak eta paisaiak.
Gustavo de Maeztu euskal margolarien artean kosmopolitenetako bat izan zen. Gasteizen jaio zen, eta Bilbon, Parisen, Londresen eta Madrilen bizi izan zen. Azkenean, Lizarra (Nafarroa) hartu zuen bizileku, eta han hil zen. Diziplina anitzeko artista izan zen, eta erakusketan lengoaia oso pertsonala zuen egile horren olio pinturak, marrazkiak, pastelak eta akuarelak ikus daitezke.
Angel Olarte ere Gasteizen jaio zen, eta oso gaztetatik nabarmendu zen artearen arloan. Bere ibilbidea, ordea, eten egin zen goiz hil zelako, 27 urte zituela. Museoko bildumako haren lanen multzo handi batek margolariaren proposamenen modernitatea erakusten du, planteamendu postinpresionistetatik hurbil dagoen lengoaia bat erabiliz eta gai batzuetan karga sinboliko handia ezarriz. Oraingo honetan, egile kopuru txiki bat hartzeak aukera eman digu haien lan guztiak erakusteko eta haien estiloak eta ibilbide artistikoak hobeto ulertzeko.