Maiatzaren 16tik 19ra izanda udaberriko Sormene. Sormena, euskara eta emakumea oinarri dituen egitasmoak pertsona migranteen begirada gehituko du oraingoan. Ahalduntzea, aurrera egitea, sortzea, transmititzea, eskutik hartzea. Erpin horien inguruan jardungo da sorkuntzen Galdakaoko plaza lau egunetan.
Ostegunetik igandera, zazpi jauzi egingo ditu udaberriko aleak: zazpi kolore, plaza, doinu, hizki, tanta, dantza, eszena, irakaspen. Etxetik etxerako, hango eta hemengo etxetik denon etxerako. Liburu eta ikus-entzunekoen arteko orekan aritzen direnei aitortza eginda hasiko da ekinaldi sorta: Booktuber lehiaketaren sari banaketarekin. Ikastetxeetan ondutako ikus entzunezkoek eta margoek hartuko dute plaza maiatzaren 16an, ostegunean, 10:00etatik aurrera Maximo Moreno Musika Eskolan.
Ostiralean, maiatzaren 17an, pertsona migranteen azalera eramango gaitu kulturak, emakume migranteenera batez ere, ikus-entzuna eta irakurketa txalupatzat hartuta. 10:00etatik aurrera, Fermin Muguruzaren ‘Bidasoa 2018-2023’ dokumentala ikusteko aukera izango da Torrezabal Kultur Etxeko areto berrituan eta Alaine Aranburu dokumentalaren zuzendari orde eta Harrera Sareko aktibista denak egingo du bertan aurkezpena. Ondoren, Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek ondutako ‘Miñan’ liburua esku artean hartu, eta irakurtzeari ekingo zaio, Arzallus bera hasita. Udal ordezkari bik emango diote jarraipena irakurketari, eta ikasleek hartuko dute ondoren lekukoa; Bengoetxe, Elexalde eta Eguzkibegikoek, eta Barandiaran euskaltegikoek. Alaine Aranbururekin eta Amets Arzallusekin hitzaldia eta mahai ingurua izango dira jarraian, hiru ertzetan indar eginda: beldurra eta itxaropena; adiskidetasuna; eta emakume etorkina.
Musikara egingo du jauzi ostiralak iluntzean. Sormeneri musika jarri dion Andoni Mendoza Estrellak zuzenean aurkeztuko du Sormeneren abesti berria, Elexaldeko Basoa tabernan, eta ondoren, La Basuren kontzertua izango da.
Larunbat eguerdian, hitz jasak hartuko du Muguru parkea. Artelan kolektiboa izango da, 3.000 galdakoztar baino gehiagoren artean egina. Batzuek aurrez eta besteek bertan, euskarazko hitz gustukoenak euri tantetan idatziko dituzte parte hartzaileek, eta elkarri lotuta zintzilikatuko dira parkean tanta guztiak, zuhaitz artean. Dagoeneko lanak aurreratu dituzte, besteak beste, Galdakaoko ikastetxeetako hainbat ikasleek, euskaltegietakoek zein nagusien egoitzetakoek. Marta Velasco artistaren ‘Hitzen euria’ larunbatean osatuko da 12:00etatik aurrera, eta tantetako hitzak entzun ere egingo dira, zuzeneko piano eta flauta doinuen artean.
Dantzarako unea izango da larunbat arratsaldea. Aiko dantza taldeak helduentzako tailerra eskainiko du Kurtzeko plazan 18:00etan hasita, eta erromeria izango da ondoren.
Antzerki musikal satirikoak itxiko du 2024 udaberriko Sormene: Maria Rivero eta Itxaso Payá antzezle dituen ‘eMcumeak’ lanak. Emakume sortzaileen egunerokotasun prekarioa salatzeko lan musikatua maiatzaren 19an, igandea, izango da Torrezabal Kultur Etxean, 19:00etan.