"Karliskaturak: umorea lubaki gisa"

Ormaiztegi 2024(e)ko maiatzaren 22(e)tik 2024(e)ko abenduaren 30(e)ra
  • "Karliskaturak: umorea lubaki gisa"

Zumalakarregi Museoak, Lizarrako Karlismoaren Museoarekin lankidetzan, César Oroz marrazkilari eta umorista grafikoaren "Karliskaturak: umorea lubaki gisa" aldi baterako erakusketa inauguratu du gaur, maiatzak 22, asteazkena, eta abenduaren 30 arte izango da irekita. Karlistaldiak eta umorea lotzen dituen erakusketa da, eta garai hartako historiara hurbiltzen da gaur egungo ikuspegi satirikotik egindako karikaturen bidez. Horretarako, XIX. mendeko karikatura eta umorista grafikoetan oinarritzen da, une horretan finkatu baitziren satiraren eta ironiaren oinarriak umore grafikoaren irudikapenari esker, arma politiko edo kritika sozialeko arma bihurtuz.

"Karliskaturak: umorea lubaki gisa" aldi baterako erakusketaren aurkezpena gaur goizean egin da prentsaurreko batean, Zumalakarregi Museoan bertan; inaugurazio ofiziala 19:00etan izango da. Bertan parte hartu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol diputatu Goizane Álvarezek, erakusketako ilustratzaile Cesar Orozek, Karlismoaren Museoko zuzendari Iñaki Urricelquik, Nafarroako Gobernuko Museoen Zerbitzuko zuzendari Susana Irigarayk eta Zumalakarregi Museoko artxiboko arduradunak.

Bere hitzaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatu Goizane Álvarezek adierazi du Zumalakarregi Museoaren erakusketan ez daudela soilik ikusgai Lizarrako Karlismoaren Museoaren erakusketan aurrez ikusi ahal izan ziren karikaturak. Cesar Oroz marrazkilari eta umorista grafikoak Zumalakarregi Museorako bereziki egokitutako karikaturak sortu ditu, eta, gainera, erakusketaren osagarri, museoaren bildumako XIX. mendeko aldizkari satirikoak jarri dira ikusgai, guztira 4.000 ilustrazio dituztenak. Aldizkari horiek XIX. mendeko gertaerak, ohiturak eta pertsonaiak ezagutzeko beste modu bat eskaintzen digute. Karikaturak erakusketa-aretoan daude jarrita, museoan zehar, erakusketako beira-arasetan eta bideoan.

Zumalakarregi Museoak egiten duen lana balioetsi du. Zumalakarregi Museoa foru titulartasuneko museo bat da, eta XIX. mendeko Euskal Herriari buruzko erreferentziazko ikerketa eta dibulgazio zentro bihurtu da; mende hori aldaketa sozial, kultural, ekonomiko eta politiko "handien" garaia izan zen, bai eta mundu garaikiderako trantsizio aldi bat ere.   

Azaldu duenez, Museoko bildumak gerra karlisten eduki adierazgarriek osatzen dituzte, hala nola Tomas Zumalakarregiren eta bere familiaren objektu pertsonal eta militarrak; garaiko armak eta uniformeak; numismatika eta prefilatelia; garrantzi handiko agiri multzoak, txostenak, aldarriak, gai askori buruzko eskutitzak; prentsa; olio, akuarela, grabatu eta beste euskarri ikonografiko ugari; funts bibliografikoak, XVIII, XIX eta XX. mendeko idazlan biografiko, zientifiko eta orokorrak; funts kartografikoak, plano, mapa eta atlasak. Beraz, "Karliskaturak: umorea lubaki gisa" erakusketa Zumalakarregi Museora hurbiltzeko aukera bat da, museoa ezagutzeko eta katalogoaren zati batez gozatzeko.

Bestalde, erakusketako ilustratzaile Cesar Orozek azaldu duenez, erakusketaren helburua XIX. mendeko karikatura grafikoak eta umoristak testuinguru dramatiko batean ikusgai jartzea izan da, garai hartan bizi zen gerraren erdian, hain zuzen, "zoritxarrez, gaur egungo uneak gogorarazten dizkiguna". "Porrot baten umore beltzean murgilduko gara, gerra zibil absurdu baten umore zentzugabean, gertakari horiek urruti egoteak ahalbidetzen duen umore ironikoan", adierazi du.

Azkenik, Zumalakarregi museoak zenbait jarduera antolatuko ditu hurrengo hilabeteetan "Karliskaturak" erakusketaren harira:

  • Ekainaren 20an, César Oroz marrazkilariaren hitzaldia.
  • Irailaren 11n, Zumalakarregi museoko artxiboko arduradun Mikel Alberdiren hitzaldia, XIX. mendeko aldizkariei buruzkoa.
  • Pernan Goñi ilustratzaileak karikaturei buruzko tailer berezi bat emango du helduentzat, urrian.
gipuzkoa.eus

Laburrean

Non